Itsas arrano erraldoi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Haliaeetus pelagicus» orritik birbideratua)
Itsas arrano erraldoi
Iraute egoera

Kaltebera  (IUCN 3.1) [1]
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaAccipitriformes
FamiliaAccipitridae
GeneroaHaliaeetus
Espeziea Haliaeetus pelagicus
(Pallas, 1811)[2]
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masaarra: 5,45 kg (helduen pisua)
emea: 7,9 kg (helduen pisua)
Zabalera220 cm
Kumaldiaren tamaina1,7
Errute denbora41 egun

Itsas arrano erraldoia edo Steller itsas arranoa (Haliaeetus pelagicus) Haliaeetus generoko animalia da. Hegaztien barruko Accipitridae familian sailkatua dago.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegazti harrapari hau munduko handiena da Harpia harpyja-rekin batera masa eta gorputz tamainatik begiratuta, emeen pisua 9 kg-ra heldu daitekelarik. Arrak, hegazti harrapari guztietan gertatzen den moduan, txikiagoak dira.

Hegazti hau 1 m luze da burutik buztan puntaraino eta bere hegoen luzera 2,5 metrokoa da, Europan bizi den itsas arrano buztanzuriaren antzerakoa.

Lumak beltz-arrexka eta zurien arteko mosaikoa osatzen duen kolorekoak dira. Kolore zuri hauek heldutasunaren ezaugarri bat da gazteetako lumajea arre kolorekoa izanik. Hankak horiak ditu eta mokoa horia bezain handia da. Moko handi hori hegazti harrapari bizi guztien artean handiena da, Filipinetako arranoarena baino handiagoa.

Arrano oso handiak izanda ere ez dira arrano bereziki oldarkorrak. Beraien artean borrokaldiak izaten dituzte lurralde eta elikagaiengatik, baina tamaina handia izan arren askotan txikiagoak baina oldarkorragoak ere badiren arrano beltzen kontrako borrokaldiak galtzen dituzte, batez ere elikagaiak faltan diren negu latzenetan.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere elikadura batez ere arrainez osatua dago, baina noizbehinka krustazeoak, ahateak eta bestelako ureko hegaztiak ere ehizatu eta jaten ditu.

Super-harraparia da, beraz elikadura katearen goian dago, ez du inolako etsai naturalik.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuri-berdexka koloreko 1-3 arrautz bitartean erruten ditu eta normalean jaiotako txita batek baino ez du bizirauten. Inkubazioa 40-41 egunekoa izan ohi da eta jaio berriko txiten lumatxa grisa da sorbalda aldean eta zuria sabela aldean.

Habi oso handiak eraikitzen dituzte, 1,5 m altuerako eta 2,5 m diametroko tamainera iritsiz.

Hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kamtxatka penintsulan eta Koreako, Sakhalin uharteko zein Japoniako itsasoko kostaldeko lur eremuetan bizi da. Neguan Japonian bertan eta Amur ibaiako eremu baxuetan auriki daiteke.

Itsas arrano hau Asiako ipar-ekialde muturrean bakarrik bizi da, munduko lekurik baztertuenetariko batean.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrano hauek itsas arrano edo arrano arrantzale guztiek bezala ur masa handiak behar dituzte bizirauteko, bere elikaduraren oinarria (ia dena) arrainak direlako.

Neguan izotza presente dagoen itsasertzetan bizi da, lakuetatik ere hedatzen da baina beti ere itsasotik gertu dauden laku eta barnealdeko ur masetatik.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrano espezie hau "zaurgarri" egoeran dago IUCN-ren arabera, beraz desagertzeko arriskuan dagoen hegazti bat da.

Bere habitateko super-harraparia da, ez du inolako etsai naturalik eta beraz paper ekologiko garrantzitsu bat jokatzen du bere habitateko orekan, izaki honen galerak ekosistema osoaren gainbehera eta kolapsoa ekarriko luke.

Mundu mailan, bazter geografiko txiki eta zehatz batean egoteak, alegia, espezie hau beste inon ez topatzeak, arazo gehigarri bat suposatzen du espezie honen biziraupenean. Beraz, bere habitat murriztua ondo kontserbatzea ezinbestekoa da espezie honen biziraupena bermatzeko.

Argazkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez)BirdLife International (2012) Species factsheet. www.birdlife.org webgunetitik jaitsia 2012/05/07an
  2. (Ingelesez) IOC Master List

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]