Hans-Dietrich Genscher

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Hans-Dietrich Genscherren erretratua

Hans-Dietrich Genscher (Reideburg, Halletik hurbil, 1927ko martxoaren 27a) alemaniar politikari ohia da. 1943-1945 urteetan ikasketa militarrak egin zituen, eta ondoren zuzenbide eta ekonomiako ikasketak egin zituen Hallen eta Leipzigen, 1946-1949 urteen artean. 1949an Alemaniako Errepublika Demokratikotik alde egin zuen. 1956an Alderdi Liberal Demokrataren taldeko funtzionario egin zuten, eta handik hiru urtera alderdiaren idazkari. 1965ean Bundestageko kide izendatu zuten. Genscher Barne-ministro izan zen Willy Brandt sozialdemokrataren agintaldian (1969-1974), kantzelariorde ondoren eta Kanpo Arazoetako ministro, Helmut Schmidt sozialdemokratarekin (1982 arte) eta Helmut Kohl demokratakristauarekin (1992an gobernua utzi zuen arte). 18 urtez izan zen, beraz, Kanpo Arazoetako ministro, eta tarte horretan garrantzi handiko hainbat ekimen eraman zituen aurrera: bere agintaldian adostasuna bilatu zuen etengabe, Brandtek abian jarritako Ostpolitik (ekialdeko politika) aurrera ateratzeko; Europako Segurtasun eta Elkarlanerako Hitzarmenean sobietarrekin harreman onak edukitzen ahalegindu zen, 1975. urtetik aurrera; Europar Batasuna sendotzen saiatu zen (Europako Akta Bateratua eta Maastrichteko itunen bidez); eta Alemaniaren batasuna bideratzearen alde lan egin zuen (Alemaniako Errepublika Demokratikoarekin eta Bigarren Mundu Gerrako aliatuekin negoziatu zuen 1990. urtean).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hans-Dietrich Genscher Aldatu lotura Wikidatan