Hans Pfitzner

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Hans Pfitzner

Hans Pfitzner alemaniar musikagilea eta orkestra-zuzendaria izan zen (Mosku, 1869 - Salzburgo, 1949). Piano-irakaslea izan zen Koblentzako kontserbatorioan (1892-1893), Mainzeko Antzokiko zuzendari (1894-1896), Estrasburgoko Operako musika-zuzendari (1910-1916) eta Municheko Akademiako konposizio-irakasle (1930-1933), beste kargu askoren artean. Mainz, Berlin, Munich eta Estrasburgoko orkestretako zuzendari izan zen. Lan gehienak Wagner eta Schumannen eraginpean idatzi zituen, eta azken alemaniar erromantikotzat hartu izan da; Pfitznerren abestiak oso ederrak eta hunkigarriak dira. Mahlerrek Pfitznerren bi opera zuzendu zituen Vienan, baina arrakastarik handiena Palestrina operarekin lortu zuen, 1917. urtean Munichen. Pfitznerren joera tradizionalistak nazien gogoko izan ziren, baina geroago baztertu egin zuten. Aipatutako lanez gainera, beste lan nagusi batzuk dira: Der arme Heinrich (1891-1893, Heinrick behartsua), Die Rose vom Liebesgarten (1897-1900, Maitasunaren jardineko arrosa), eta Das Herz (1931, Bihotza) operak; bi sinfonia eta orkestrarako beste lan batzuk; piano-kontzertuak; biolin-kontzertuak; harizko tresnetarako bi kuarteto; kamerako musika, eta abesti ugari.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hans Pfitzner Aldatu lotura Wikidatan