Harun al-Rashid

Wikipedia, Entziklopedia askea
EnzaiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 15:07, 22 apirila 2015

Txantiloi:Agintari infotaula Harun al-Rashid (arabieraz: هارون الرشيد, Hārūn ar-Rashīd) (Ray, 763ko martxoaren 27a edo 766ko otsaila - Tus, 809ko martxoaren 24a) Abbastar Kaliferriko bosgarren kalifa izan zen. Al-Rashiden agintaldian, 786ko irailaren 14tik hil zen arte, abbastarren inperioa bere gorenera iritsi zen. Bagdad, hiriburuan, zientzia, kultura, arte, musika eta erlijioa loratu ziren. Mendebaldean ezaguna da, batez ere, Mila gau eta bat gehiago liburuko protagonistetako bat delako[1].

Al-Mahdi kalifaren eta Al-Khayzuran, yemendar esklabo ohiaren semea zen. 786an, Al-Hadi anaia zendu zenean, kalifa bilakatu zen. Agintaldiaren aurreneko urteetan amak eragin handia izan zuen beregan. Bere errainaldia Abbastar Kaliferriaren distiratsuenetako bat izan zen, Ipar-Mendebaldeko Afrikan eta Transoxianan galerak izan zituen arren. Bere ospea Mendebaldeko Europara iritsi zen eta Karlomagnorekin, behin baino gehiagotan, enbaxadak trukatu zituen (797-801)[2]. Bagdaden jakintsu eta poetak, legelari eta gramatikalariak, kadi eta idazlariak, artista eta musikariak bildu zituen. Bertan ezarri zuen Jakintzaren Etxea, liburutegi bikaina. Erlijio kontuetan oso hertsia zen, egunean ehun aldiz ematen zen ahuspez eta Mekako erromesaldia bederatzi edo hamar aldiz egin zuen. Inperioaren administrazioa bizirren eskuetan utzi zuen (garrantzitsuena Yahya ben Khalid izan zen)[1].

808an Khorasanen matxinada bat sortu zen. Al-Rashid harantz abiatu zen armadaren buru baina, Tusera iritsi zirenean, gaixotu zen. Hiri horretan hil zen, 809ko martxoaren 24an.

Erreferentziak

  1. a b Hārūn al-Rashīd 1911 Encyclopædia Britannica
  2. Islamaren hastapenak Nathan eskuliburua. IkasDoc
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Harun al-Rashid Aldatu lotura Wikidatan