Hatshepsut

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Hatshepsut Egiptoko XVIII. dinastiako erregina-faraoi bat izan zen, aipaturiko dinastiako bosgarrena, K. a. 1479tik K. a. 1457 arte gobernatu zuena. Maatkara Hatshepsut izenarekin gobernatu zuen, eta Egiptoko tronuan denbora gehien eman zuen emakumea izan zen.

Gaur egun faraoi hau ezagutzen den Hatshepsut izena hasiera batean Dama nobleen artean lehena esanahia zuen titulu bat zen, Hatshepstu Khenemetamon izen osoan ere agertzen zena, hau da Dama nobleen artean lehan, Amonekin elkartua.

Lehen pausoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hatshepsuten familia: Bere aita Tutmosis I.a, bere ama Ahmose eta bere ahizpa txikia Neferubity.
Karl Richard Lepsius (1810–1884).

Ez da zehatz ezagutzen Hatshepsut noiz jaio zen, baina litekeena da garai hartan Egiptoko hiriburua zen Tebasen gertatu izana Tutmosis I.aren erregealdiaren amaieran. Faraoiak seme-alabarik ez zuenez, izendatutako oinordekoa Hatshepsuten aita zen Tutmosis I.a zen, nork, bere tronuratzea legitimatzeko Ahmose printzesarekin ezkondu behar izan zuen.

Ezkontza honen ondorioz, Tutmosis I.ak Hatshepsutez gain beste hiru seme-alaba ere izan zituen, Amenmose, Uadymose eta Neferubity izenekoak. Zoritxarrez, eta haurrek zuten heriotz tasa handia zela eta, soilik Hatshepsut eta bere ahizpa txikia zen Neferubity iritsi ziren helduarora (eta azken hau soilik oso denbora gutxiz).

Guraso bereko bere neba-ahizpez gain Hatshepsutek beste zenbait neba-ahizpaorde ere izan behar zituen, bere aitak bigarren mailako emazteekin eta ohaideekin izandakoak. Hauetatik, dokumentatua dagoen bakarra beranduago Tutmosis II.a faraoia izango zena da, Tutmosis I.ak bigarren mailako emazte bat zen Mutnefertekin izan zuena.

Faraoien alaba, biloba eta emaztea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hatshepsuten aita zen Tutmosis I.ak egiptoar inperioa ordurarte inoiz ikusi ez zen bezala hedatu zuen hamairu urteko erregealdian. Errege miragarri hau bere tropak Eufrates ibairaino eramateagatik pasako zen historiara, iparraldetik hegoaldera zihoan ibaia, Niloren kontrako norantzan.

Tutmosis I.aren heriotz goiztiarraren ondoren bere alaba Hatshepsut zen tronuan oinordeko izateko egokien kokatua zegoena, bere nebak jada hilda baitzeuden. Baliteke Tutmosis I.ak, oraindik bizirik zegoenean bere alaba Hatshepsut tronura lotzen saiatu izana, Oinordeko izendatu izanak frogatzen duen bezala. Baina Tutmosis I.aren nahiak ez ziren bete, dirudienez, chatya eta errege arkitektoa zen Ineni buru zuen azpijoko jauregitar baten ondorioz Tutmosis II.a izan zen faraoi izendatu zutena, Tutmosis I.ak bigarren mailako emazte batekin izan zuen semea. Hatshepsutek bere nebaordearen Errege Emazte Handi bihurtzea jasan behar izan zuen, bere harrotasunarentzat kolpe latza izan zela uste dena.

Erregina gaztea Egipto hiksoengandik askatu zuten faraoi handien zuzeneko ondorengoa zen eta gainera Jainkoaren Emazte titulu garrantzitsua zeraman, honek Ahmose-Nefertari erreginaren odol sakratuaren eramale bihurtzen zuelarik. Logikoa da bere harrotasuna handia izatea, eta bere senarraren mende egotea jasan ez izatea. Hala, ez da harritzekoa bere senar ahul eta bigunak koroa bikoitza janzten zuen bitartean, Hatshepsut bere burua eraginean eta boterean goraka eta goraka zihoazen bere aldeko pertsonez inguratzen hasi izana: Horien artean nagusiki Hapuseneb eta Senenmut nabarmen daitezke. Errege Emazte Handia aurkari oso arriskutsu bihurtu zen Ineni bisirraren beldurrerako.

Hirugarren Tutmosis[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tutmosis II.ak oso erregealdi laburra izan zuen, eta gazterik hil zen, ezagutzen zaizkion bere bi seme bakarrak oraindik lehen haurtzaroan zeudenean. Aurreko belaunaldian gertatu lez, Hatshepsut errege emazteak ez zuen seme bat izan, baizik eta alaba bat, eta, ondorioz, beste oinordekotza krisi bat sortu zen. Beste behin, Inenik, nobleziak Tutmosis II.ak ohaide batekin izan zuen seme bat hautagai bezala onartzea lortu zuen, Tutmosis III.a izenarekin errege bihurtuko zena. Edonola ere, Hatshepsutek ez zuen Tutmosis II.arekin gertatu zen gauza bera gertatzerik nahi, eta, egia esan, gauzak asko aldatu zituen.

Tutmosis III.a gobernatzeko oraindik oso txikia zenez, Tutmosis II.aren Errege Emazte Handia zen Hatshepsut bihurtu zen erregeorde eta errege berriaren eta bere alaba zen Neferuraren arteko ezkontza data jakinik gabe atzeratu zuen, hau baitzen Tutmosis III.aren tronuratzea legitimatu zezakeen pertsona bakarra. Egoera ez zen batere arraroa: erregeordetza kasu asko egon ziren egiptoar historia osoan zehar, baina sekula ez erregearekin inongo senidetasun harremanik ez zuen emakume batena.

Tutmosis III.aren erregealdiko lehen urteetan Hatshepsut kontu handiz prestatzen aritu zen egiptoar gizarte tradizionala irauliko zuen "Estatu Kolpea". Partehartze politikotik erabat aldendu zuen Ineni, eta leial zitzaizkion Hapuseneb eta Senenmut kargurik altuenetara goratu zituen. Dirudienez, garai hartako pertsonaia politikorik garrantzitsuena Hapuseneb izan zen, bere buruarentzat bisir eta Amonen Apaiz Goren karguak elkartu zituena. Hain aliatu boteretsuekin Hatshepsutek jada bazituen mundua harritu ahal izateko behar adina baliabide eta laguntza.

Hatshepsuten esfingea, argi eta garbi ikus daitekeen faraoi bizarrarekin. MMNY

Hatshepsut, faraoi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi faraoi tronu berean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere burua behar bezain indartsu ikusi zuenean, ordurarte Errege Emazte Handi eta Jainkoaren Emazte zen Hatshepsutek, Tutmosis III.aren aurrean bere burua ere Bi Lurretako faraoi eta Amonen prima izendatu zuen, Hapuseneb buru zuten apaizen onespenarekin. Efektu kolpea bikaina izan zen. eta esperientziarik gabeko Tutmosis III.ari bere izeba eta amaordea zena gehiago zela onartzea besterik ez zitzaion geratu. Hatshepsut egiptoar historiako hirugarren erregina-faraoi ezaguna bihurtu zen.

Hatshepsutek bere karguko titulu maskulino guztiak bere egin zituen (Zezen boteretsu titulua izan ezik), ordutik aurrera bere burua gizon bat bezala irudikaraziz eta gezurrezko bizarra jarriz. Ustegabeko elkargobernaritza bat ezarri zuen bere ilobarekin, Hatshepsut beti bere ilobaren gainetik egon zen arren, bigarren maila batean utziz, Tutmosis III.ak historian beranduago izango zuen paperarekin inongo zerikusirik ez zuena. Halakoa baitzen Hatshepsuten karisma eta izaera.

Hala ere, Hatshepsut ezin da ikusi usurpatzaile bat bezala, egileren batzuk egungo garaira ekarri duten ikuspegia. Bere garaian behintzat ez zen hala ikusi, hala izan balitz Hatshepsutek erraz ezabatuko baitzituen bere arerioak edo gerra zibil bat gertatuko baitzen. Tutmosis III.a ez zen jauregian sartuta egon, pentsatu izan den bezala, eta Hatshepsutek ere ez zuen eragotzi Tutmosis III.aren existentziari buruzko aipamenik egitea. Orduko gizarteak arazorik gabe onartu zuen egoera berria, eta Hatshepsutek egiptoar historia guztiko erregealdirik oparoenetako bat izan zuen, baita Hapuseneb eta Senenmuten laguntzari esker ere, itzalean zeuden benetako gobernariak.


Aurrekoa
Tutmosis II.a
Egiptoko faraoia
Egiptoko XVIII. dinastia
Ondorengoa
Tutmosis III.a

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Hatshepsut