Haur-jolas

Wikipedia, Entziklopedia askea

Haur bat kulunka batean jolasean.

Haur-jolasa haurren jolas izateaz gainera, haurrak ingurunea ezagutu eta berarekin harremanetan jartzeko modu bat da eta honenbestez adimena garatzeko ezinbesteko tresna ere bai. Haurraren adina eta garapena zein den, jolas ezberdinetan arituko da, mundua ezagutu eta bertan bere burua txertatzeko dituen beharrak kontuan harturik. Horrela, jolasa jolasten ari den haurraren nortasunaren adierazgarria da, jolasak azalerazten dituen bizipen eta sentimenduen bitartez eta jolasaren beraren sinbologiaz. Gainera, haurrak errealitatea eraldatu egiten du jolas sinbolikoen bitartez, bailitzan jolastuz (panpinekin, esaterako), baina aldi berean eta horregatik ere, haurraren inguruko kulturaren adierazgarri nabarmenak ere badira. Adibidez, gizarte zenbaitetan jolas kooperatiboak bultzatzen dira, taldea lehenetsiz; beste zenbaitetan haurrak jokoan irabaztearen garrantzia nabarmentzen da, ikuspuntu indibidualista batetik[1]. Jolastean, neska eta mutilen arteko ezberdintasunak ere nabariak izaten dira: mutilen jolasak fisikoagoak diren bitartean, neskak jolasten dituztenak sinbolikoagoak izaten dira [2]. Haur-jolasetan jostailua agertu ohi da, gainera: bere garrantzia eta erabilgarritasuna jostailuarekin aritu behar den jolasak ezarriko du. Jostailua trantsizio-objektu moduan ere da garrantzitsua. Jean Piaget izan da haur-jolasen arloa aztertu duen pertsonaia nabarmenetako bat, haur-jolasetan aro ezberdinak bereiziz. Maria Montessorik eta beste hezitzaile zenbaitek ere jolasak haurraren garapenean duen garrantzia azpimarratu dute.

Haur-jolasa jarduera unibertsala da mundu osoan eta historian zehar. Mundu zabaleko haur-jolasak berdintsuak dira kasu askotan, herri bakoitzeko berezitasunak bereganatzen baditu ere. Mendeetan zehar izandako haur-jolasak egun ere badaude, ezkutaketa, puxtarriak eta panpinak esaterako. Haur-jolasen garrantziaz eta unibertsaltasunaz jabeturik, Nazio Batuek 1989 urtean plazaratutako Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean haurrek jolasteko duten eskubidea bermatzen da: Partaide diren estatuek haurrak atseden, aisia, jolas eta bestelako jarduera jostagarrietarako eskubidea onartzen dute, bere adinarekin ados eta kultura- eta arte-bizitzan aske parte hartzeko eskubidearekin batera[3]. Egungo gizarte teknikoaren konplexutasunak arriskuan jartzen du, ordea, haurraren jolasa: jolas tradizionalak baztertu eta telebista eta joko elektronikoak bultzatzearekin batera, haurra produktibismoaren gurpilak harrapatu eta lehiazko hezkuntza-sistema batean sarturik, pertsona moduan benetan garatuko dute jolasetarako gero eta denbora eskasagoa izaten du[4][5].

Haur-jolasen inguruko teoriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haur-jolasen inguruko lehenengo erreferentzia teorikoa Platon filosofoaren Legeak solasaldian haurrek helduak direnean erabiliko dituzten lanabesak irudikatzen ditizten jostailuak behar dituztela aipatu zuen. Aristotelesek ere haurren jolasak helduaroari begira trebatzen lagundu behar zuela defendatu zuen. XVIII. mendean jolasa pedagogiaren ikergai bilakatzen da, jolasa egitura sozioekonomikoetan txertatu asmoz. Jolasa erabiltzen hasten da gara hartan, eskolako gai akademikoak irakatsi eta haurra helduarora prestatzeko. Horrela, jolasa mugatu egiten da eta bere baliagarritasunari erreparatzen zaio batik bat. Joera hau Alemanian garatu bazen ere,[6], Johann Bernhard Basedowen eskutik batez ere, John Locke ingelesak eta Jean-Jacques Rousseau filosofo frantsesak ere ikaskuntza jolasaren bitartez garatu behar zela defendatu zuten, haurrak behartu gabe [7]. Pentsalari hauek haurren hezkuntza modu baikor batez ulertzen dute, haurrak berez ikasten duela defendatuz, baina ez zuten praktika bateratu bat sortu beraiek sorturiko eskoletan [8]. XIX. mendean haurren jolasei buruzko lehenengo teoria osotuak sortu ziren. Friedrich Fröbelek, Kindergarten izenekoen sortzailea eta Johann Heinrich Pestalozzi pedagogoaren jarraitzailea, jolasa hezkuntza-tresna bihurtzeko ahaleginak egin zituen eskolarako aproposak ziren jolasak asmatuz, egurrezko pieza eta pilotekin besteak beste, eta gaiaren inguruan liburuak idatziz. Hauek ere hezkuntzarako jolasaren balioa defendatzen zuten, garaiko erromantizismoarekin bat. Euren ideiak ez ziren zabaldu eta haur-jolasak denbora galtzea zirelako iritzia nagusitu zen, garai hartan garapen betean zegoen kapitalismoaren bideari jarraiki[5]. XIX. mendearen amaiera aldera Friedrich Schiller filosofoak energiaren soberakina xahutzeko jolasten dela baieztatu zuen, animalien jolasa oinarritzat hartuz. Beharra aseturik, jolastuz gozamena zabaltzen dela adierazi zuen. Garai berean, Herbert Spencerrek ere teoria hori bereganatu zuen. Ideia horiek urte haietan indarra hartzen hasi ziren Charles Darwinen eboluzio-teoriarekin ados sortu ziren. Spencerren garaikidea izan zen Karl Groosek ere Darwinen ideietatik edan eta jolasa espeziearen biziraupenerako sen edo berezko joera zela baieztatu zuen, jolasak helduaroan izan beharreko ahalmenak garatzen zituelako. Groosen teoria honi aurrerapen funtzionalaren teoria deitu zaio [6]. James Mark Baldwin eta Granville Stanley Hall psikologo amerikarrek ontogeniak filogenia irudikatzen duela baieztatu zuten, haur baten jolasak gizateriak historian izandako ibilbidea errepikatu egiten duela alegia. XX. mendearen hasieran, John Dewey eta Maria Montessori jolasa eta lana lotu eta jolasa bizitza eta lanerako ikaskuntza eta trebakuntza zelakoan osatu zituzten euren hezkuntza-pentsamendua, Jean-Jacques Rousseau filosofoaren antzera. Ordurako jostailuen industria garatzen hasia zen, didaktika baztertu eta haurrak nola edo hala erakartzeko helburuz, haurren jolasa bere interesetara behartuz horrela. XX. mendeak teoria psikoanalitikoak ere ekarri zituen eta hauek haur-jolasa ere izan zuten aztergai. Sigmund Freudek haur-jolasa errepikapenerako konpultsio moduan ikusi zuen, tentsioak murrizteko, 1920 urteko Plazerraren printzipiotik haratago izenburuko bere liburuan. Psikoanalisiak jolasak haurraren garapen emozionalean zuen garrantzia nabarmentzen zuen. Ildo horretatik, Melanie Klein psikologoak jolasa haurrentzako psikoterapia moduan proposatu zuen The Psychoanalysis of Children bere liburuan. Aldi berean, jolasaren interpretazio psikoanalitikoetan oinarriturik, eskola-esperientzia berriak zabaldu ziren, jolas erabat askea bultzatzen zuen Summerhill eskola esaterako. Beste alde batetik, Jean Piaget eta Lev Vygotsky jolasaren garrantzi kognitiboa nabarmendu dute euren teorietan. Piagetek jolasak errealitatea modu sinbolikoan adierazi eta gizarteratzeko duen funtzioa aztertu eta Vygotskyk jolasak dakarren autoregulazioa baieztatu du[7][9].

Ikuspuntuak ikuspuntu, haurrarengan jolasak duen garrantzia nabarmentzean denak datoz bat. Haurraren garapena bere haurtzaroan zehar jolasten ibili den milaka orduren emaitza dago neurri handi batean. Baina iritzi hau jolasa zaindu eta errespetatzen lagundu ordez, haurraren berezko jolasa telebistak eta merkataritzako pop-kulturak kolokan jartzen dute, haurrak haurtzaroa alperrik galtzeko arriskua ekarriz.

Jolasak dakartzan onuren artean hauek aipatzen dira:

  • psikomotrizitatearen aldetik, gorputza eta zentzumenak garatzen ditu, eta indarra, giharrak eta oreka kontrolatu, sentsazio berriak esperimentatu eta gorputzaren irudikapen mentala osatu;
  • adimenaren aldetik, jolasak arrazoimena eta sormena eskatzen dizkio haurrari eta bizipen berriak eskaini;
  • gizarteratzeari buruz, beste pertsonekin harremanetan jartzeko aukerak zabaltzen dizkio, haur-jolasetan gizartearen erregelak eta jokabideak errepikatzen dituzten haur-elkarteak sortzen baitira;
  • jolasak bizipoza, atsegina eta gozamena ematen dizkio haurrari eta horrela bere garapen emozionalerako funtsezko elementua da.

Haurraren jolas-aroak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jean Piaget psikologoak hiru aro bereizi ditu haurren jolasetan. Haurraren bizitzaren lehenengo bi urtetan, jolasa sensomotorea da, hau da, bere mugimenduak ezagutu eta bere zentzumenak pizteko jarduerekin loturik dago eta jarduerak hauek aldatuz eta behin eta berriz errepikatuz gozamena lortzen du. Aro honen barnean ere, aldi zenbait bereizten dira: 6 hilabetera arte, haurrak aho, hatz, esku eta oinekin jolasten da, objektuak ikutuz eta zurrupatuz. Eseritzen ikasten duenean, objektuak ezaugarriak arakatuz jolasten da. Oinez ikasten duenean, gauzak arrastaka eramanez jolasten da. Gero eta trebezia handiagoz, 15-18 hilabeterekin objektuak manipulatzen ditu: kaxak ireki edota objektuak bata bestearen gainean jarriz [6].

Bigarren aro batean, 2 urtetik 6 urtera bitartean, jolas sinbolikoa garatzen da. Errealitatean bizi edo jasotakoa eraldatu eta bere burura egokitzeari ekiten dio modu sinboliko batean. Adibidez, puxtarriak pilatuz, oiloak arraultzak erruten dituela irudika dezake eta panpinetan jolastuz alegiazko haurrak zaintzen ditu. Jarduera fisikoak ez dituzte baztertzen eta korrika eta saltoka egitea ere atsegin dute. Piageten arabera, jolas sinbolikoa haurraren egozentrismoa indartzeko aukera ematen dio, errealitatea bere nitasunera egokituz [10]. 6 urtetik aurrera, haur-jolasen hirugarren aroa zabaltzen da, non haurrak erregelak dituzten jolasetan hasten den, jolaskide-talde batean kooperazioa eta lehia bereganatuz. Erregela-jolasen bitartez, haurrak errealitatea onartu egiten du. Aro honetan, gainbehera doa jolas sinbolikoa: haurrak errealitatea onartzen duen heinean, errealitatea jolas sinbolikoaren bitartez eraldatu baino, errealitatean parte hartzen joango da.

Adina Jolasak [11]
0-6 hilabete Oin eta eskuekin jolastu. Bistaz koloretako objektuak jarraitu. Ezkutatu-agertu jolasak (kukuka). Txintxirrin eta antzekoak.
6-12 hilabete Urarekin jolasak. Kaxak ireki eta gauzak atera eta sartu. Inguruaren esplorazioa: arrastaka eta oinez ikasten. Kulunkatu, din-dan eta antzeko mugimendu errepikakorrak.
1-2 urte Pilotak. Peluxeak. Gauzak bata bestearen gainean jarri. Margoketan. Ibilgailuei tiraka eta bultzaka. Hizkuntza-jolasak.
3-5urte Mugimenduzko jolasak: txirrista, kulunka, lasterka, trizikloa, panpinak eta bestelako joko sinbolikoak. Eraikuntza-jolasak. Buruhausgarria sinpleak. Musika sortzen. Hondar-jolasak.
6-10 urte Adimen-jokoak. Erregela-jokoak. Mahai-jokoak. Kirolak eta mugimenduzko talde-jolasak.

Haur jolasen ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mutil eta neskatoak amatan panpinekin jolasten. Haurrengan, jolasa dibertigarria da, fikzioa izaten da eta heldua izateko gogoa agertu ohi du.

Haur jolasak ezaugarri bereziak ditu:

  • jolasa jostagarri, gozagarri eta dibertigarria da;
  • jolasa berez sortu eta gogoz egiten da;
  • jolasak ez du jolasteaz gainera bestelako helbururik;
  • jolasa ekintza da;
  • jolasa errealitatearekin loturiko fikzioa da;
  • heldua izateko gogoa agertzen da jolasetan;
  • jolasa errepikapena da;
  • jolasa ikaskuntza eta aurrerabidea da [12];
  • jolasa jarduera fisiko bizia izan daiteke.

Haur-jolasen tipologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haur-jolasen sailkapen anitz dago irizpide ezberdinen arabera. Jolasa lantzen duen gaitasuna zein den (kognitiboa, soziala, emozionala, sensomotorea) sailka daitezke alde batetik. Adinari eta urtesasoiari buruz ere sailka daitezke. Ikuspuntu deskribatzaile batetik, jolasaren berezko ezaugarriak kontuan hartuz ere biltzen dira. Azken irizpide honi jarraiki osatzen diren jolas-sailak adin guztietan jolasten dira, baina goraldi eta beheraldiak dituzte haurraren garapenari buruz:

  • mugimenduzko jolasak haurraren lehendabiziko jolasak dira, bere gorputzaren ahalmenak arakatzeko baina gerora ere jolas nagusi izaten jarraitzen dute. 3 urtera arte, ikusmena-eskua eta gorputzaren kontrola eskatzen duten jolasetan aritzen dira eta atsegin dute mugimendu berdina behin eta berriz egitea, ume txikien kasuan adibidez kulunka egitea ohikoa da. Haur txikiak gurasoen laguntzaz jolasten diras askotan mugimenduzko jolasetan, arre arre mandako izeneko jolasean esaterako[13]. 3 urtetik 6 urtera bitartean jolasten dira gehien mugimenduzko jolasetan: bizikletaz ibiltzen dira, soka saltoan jolasten dira eta jolas-parkeetako kulunka eta txirristetan trebeak eta azkarrak dira, harrapaketan ere jolasten dira. 6 urtetik aurrera, bizitasuna zertxobait galdu eta mugimenduen kontrol zehatza eskatzen duten jolasei ekiten diete, kiroletan hasierako pauosak emanez adibidez[6]. Mugimenduzko jolasetan sailkatzen dira indar-jolasak ere, non jolaskideak bata bestearen atzetik ibiltzen diren, harrapatu, heldu eta ihes egiten duten. Indar-jolasak oso garrantzitsuak dira haurraren sozializaziorako, jolasean egin daitezkeena eta egin ezin daitezkeenak bereizi egin behar baititu, ileetatik tiraka edo kolpeak jo ez dela egin behar, edota jolasaren seinaleak interpretatu, haur bat serio jarri edo negarrez hasten denean gelditu egin behar dela adibidez[14], txorromorroka jolasean edo harri-borroketan adibidez[15]. Beste alde batetik, korruka ere jolas daiteke, haurrak zirkulu baten inguruan dantza egin eta abestuz, erregelak izan ditzakeen jolasekin batera.
  • jolas manipulatibo eta konstruktiboetan, non material eta gai ezberdinak erabiliz haurrak bere sormena eta eskuko trebetasuna lantzen du. Jolas hauen bitartez haurra ekintzailea dela ere ikasten du, ingurunearekiko harreman berri bat eratuz. Pentsamendu abstraktoa garatzen dutela ere aipatu da, haurrak forma ematen baitie bere irudimenean sortutako irudiei, errealitateko elementu ezberdinak lotuz eta bateratuz. Errealitatea irudikatzeko ere erabiltzen dira: haurrak baserriak, hiriak edo errealitateko bestelako egiturak osatzen ditu jolas hauetan, denetariko materialak erabiliz, horrela sormenerako eta kontatu eta deskribatzeko trebeziak ere garatuz. Konplexutasun-maila ezberdinak daude jolas hauetan: ume txikia txintxirrinekin jolasten da soinua egiteko; 2 urte arteko haurrak objektuak bata bestearen gainean jarri eta naturako gaiak erabiliz forma abstrakto sinpleak eraikitzen ditu; 8 urteko haur batek pieza txiki asko lotu behar diren maketak edo naturatik hartutako materialekin txabolak eraiki ditzake.
  • trebetasun-jokoak, 4-6 urtetik gorako haurrek jolasten dituztenak, jostailuak erabiliz. Adibidez, pilota edo baloiaz anitz dira haurrak bere trebezia landu behar dituen jolasak, bere buruarekin soilik edo taldean jolastuz. Trebetasun-jolaserako beste jostailu zenbait diaboloa edo ziba dira, baina jostailurik gabeko trebetasun-jolasak badaude, txaloka jolastea esaterako, non abestiak edo olerki txikiak erabiltzen diren, erritmoa landuz. Egun haurrak maiz jolasten diren bideo-jokoek ere ikusmena eta eskuko trebetasuna lantzeko aukera ematen dute, baina haurraren sormena mugatuz.
  • jolas imitatzaile eta irudikatzaileetan errealitatea eraldatu egiten da. Jolas sinboliko hauetan haurrak bailitzan edo itxurak eginez jarduten du, helduen bizitza eta naturako fenomenoak imitatuz eta irudikatuz edo fantasia eta irudimenezko munduak asmatuz. 4-8 urteko haurrek jolasten dituzten jolasak izaten dira, adibidez amatara panpinekin jolastu ohi da eta gerratara, dendaketan edo sukaldetan aritzea ere ohikoa izan da. Mozorrotzen jolastea ere atsegin dute haurrek. Kultura zenbaitetan, jolas imitatzaileek haurrak helduen lanetarako prestatzea izan dute helburu, adibidez ehiza jarduera garrantzitsua den herrietan, haurrak ehiza-jolasetan aritu ohi izan dira. Egun, telebista eta beste masazko hedabideen eragina nabarmena jolas hauetan, haurrek askotan bertan agertzen diren pertsonaiak imitatzeari ekiten baitiote.
  • erregelak dituzten jolasetan haurrak beste haurrekin harremanetan jarri eta gizarteratzeko aukera du, gizartean errespetatu beharreko arauak eta erregelak barneratuz. Jolas hauek mugimenduzkoak zein trebetasunezkoak izaten dira eta sarri zoria ere sartzen da horietan, aldi bakoitzean rol jakin bat bete behar duen haurra zein den erabakitzeko. Hasiera eta amaiera jakinak izan, sekuentzia zehatz bat jarraitu eta galtzaile-irabazle izatean jolas izaera galdu eta jokoen kategorian sartu behar direla defendatu dute aditu zenbaitek[16]. Adibide garbiena kirola da: jolas moduan egin badaiteke ere, bere instituzionalizazioak joko bilakatu du. Erregelak dituzten jolas kooperatiboak ere badaude ordea, non lehiarik ez dagoen, eta jolaskide guztiek helburu komun bat duten. Erregelak dituzten jolasetan biltzen dira baita ere taula-jokoak, karta-jokoak eta bildumazaletasuna (kromoak edo beste elementuak trukatuz).
  • hizkuntza-jolas eta jolas-kantetan tradizioak jasotako igarkizun, aho-korapilo, zotz egiteko formulak, abestiak eta olerkiak biltzen dira. Haurrak bere adimena frogatu (igarkizunen kasuan), bere hizkuntza-trebezia erakutsi (aho-korapiloak), jokoaren txandak erabaki (zotz egiteko formulak) edo besterik gabe erritmoaren liluraz gozatu (jolas-kantak) egiten da jolas hauetaz.

Haurraren jolastokiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurrek ez dute ezer asko behar jolasten hasteko. Irudian, zenbait haur urmael batean jolasean.

Haurrak erabateko askatasunez etxetik kanpo bildu eta jolasten dira. Etxea jolas-eremua mugatua da eta, bere buruarekiko eta gurasoekiko jolasekin asperturik, esperientzia berriak etengabe bilatuz, etxetik kanpora joko du jolas bila. Kanpoan beste haurrekin elkartzeko aukera du jolasteko. Antzinatik, natura izan da jolas-esperientzien iturri nagusienetako bat. Naturan haurrek jolasteko inguru aproposetera (ura bertan duten hondartzak eta ibaiak, igo eta salto egiteko zuhaitzak) hurbildu, euren jolasetarako material ugari (harriak, makilak) aurkitu eta animaliekin harremanetan jartzeko aukera dute. Hirien garapenak natura haurrarengandik urrundu eta propio egindako jolas-parkeak diseinatu behar izan dira haurrak elkartu eta jolasteko beharra asetzeko. Jolas-parkerik ezean, kaleak eta plazak izan dira haurren jolastoki kasu askotan. XX. mendeko azken hamarkadetan, ordea, jolas-parke tematikoak ugaldu dira, The Walt Disney Company markapean daudenak besteak beste, haurrak liluratu baina aldi berean fantasia jakin bat inposatzen dutenak, bertako kultura eta baloreen kaltetan eta haurraren sormena bideratuz.

Aldi berean, jolastokia urtaroa zein den ere ezberdina izaten da, natura eta kalea dira udako jolastoki nagusiak, neguko jolastoki nagusia etxea den bitartean. Urtarokotasunaz gainera, haurrek joera edo modak ere jarraitzen dituzte euren jolasetan: jolas batean etengabe aritzen dira askotan herri edo auzo bateko haurra, gerora erabat utzi eta beste batean hasteko, haurrek behar duten jolas aniztasunaren adierazgarri.

Eskola ere jolastoki garrantzitsuenetako bat da, jolas-orduko patioaz gainera. Jolasa garapen kognitiboarentzat baliabide garrantzitsua delakoan, hezkuntza-sistemak ikasgelak jolasgela ere bilakatu dituzte kasu askotan, adin txikietan batik bat, baina batzuen iritziz espazio hauetan egiten jolasa ez da jolas askea eta horrela errealitatearekiko hurbilketa faltsua besterik ez zaio eskaintzen haurrari, espazio txikietan eta nahiko baliabiderik gabe[17]. Telebista eta bideo-jokoen ugaltzeak, berriz, haurrak jolas-parkeak, kaleak eta plazak utzi eta etxean isolatzea ekarri du, beste haurrekiko harremanak etenez horrela [18]. Gizarte modernoetan haurrek telebista aurrean eskolan baino denbora gehiago pasatzen dutela jaso da [19] eta horri, haurrek euren errendimendu soziala gehitu behar dutela eta, egin behar dituzten eskolaz kanpoko jarduerek jolasari kentzen dioten denbora gaineratu behar zaio.

Haur-jolasa eta generoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adin batera helduta, nabarmena neskatoak eta mutikoak jolas ezberdinetan aritzen direla. Haur-jolasak sexuaren arabera bereizten diren une hori haurrak gutxi gorabehera 4 urte dituenean kokatzen da.[20] Eztabaida dago haurren preferentziak berez datozen edo eragindakoak diren.

Genero edo sexuen arteko ezberdintasunak berez sortzen direla baieztatzearen alde, sexua pertsonaren funtsezko ezaugarria delako abiapuntutik abiatu eta horrela, mutilak mutilekin eta neskak neskekin jolasteko joera dutela baieztatu da, euren genero-ezaugarria indartzeko nahian. Sexu-identitate bereko haurrak elkarrekin jolasteaz gainera, euren berezko preferentziak ere ezberdinak direla frogatu duten ikerketak badaude, horretarako garapen kognitiboari buruzko azalpenak zein arrazoi biologikoak ere emanez. Adibidez, fantasia-jolasetan neskak eta mutilak ezberdinak direla frogatu da: neskak luzaroagoan jolasten dira eta jolas konplexuagoak eratzen dituzte mutilek baino. Gainera, sexu bereko jolas-taldeak bere jolasak sortzen ditu, neska eta mutilen arteko ezberdintasunak nabarmenduz.

Sexuaren araberako jolas-bereizketa eragindakoa dela diotenen alde, gurasoen eta gizartearen eragina aipatu da, sexuari buruz genero-rol jakinak inposatzen dituena. Jolas-ezberdintasun biologikoak aldezten dituztenak kritikatzeko, ezberdintasunak aipatu eta egiaztatu, baina kausa biologikoa zehaztu gabe uzten dela esan izan da.[21] Adibidez, jostailuen salmenta-katalogoetan panpinak neskatoak haiekin jolasten dituztela agertu ohi dira; eta eraikuntza-jostailuak, mutilekin batera. Biak uztartuz, bereizketak sexu biologikotik sortzen direla baieztatu (kultura guztietan mutikoek jolas fisikoak nahiago izaten dituzte, neskatoak ez bezala, eta animalietan ere joera hori betetzen da), baina gizarteak berezkoak diren rol horiek bultzatu eta indartu egiten ditu, askotan haurrari libre aukeratu ahal izatea eragotziz. Nolanahi ere, hezkuntza adituek haurrari edozein jolasetan aritzeko erabateko askatasuna eman behar zaiola aipatu dute.[22][23]

Arrazoiak arrazoi, nesken eta mutikoen jolasen artean bereizketa dagoela nabari da. Mutikoak jolas fisikoetan maizago eta modu trinko edo bortitzago batez jolasten dira. Neskatoak jolas imitatzaile eta irudikatzaile landuagoak egiten dituela egiaztatu da. Jostailuen eremuan, mutikoek eraikuntza-jostailuak eta denetariko ibilgailuak dituzte atsegin; neskek, berriz, nahiago izaten dituzte panpinak eta eskulanak. Mutikoek jolas teknologikoak ere atseginago dituzte. Aldi berean, badira jostailu eta jolas neutroak, hau da, mutilak eta neskak neurri berean erakartzen dituztenak: buruhausteak eta antzekoak, edo musika sortzeko tresnak. Bereizketa horrek iseka eta bazterketaria eragiten ditu zenbaitetan. Adibidez, Euskal Herrian ohikoa izan da nesken jolasetan aritzen ziren mutikoei maritxu edo maritxika eta mutil-jolasetan aritzen ziren neskei mari mutil deitzea.[24]

Haur gutxituen jolasak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haur gutxituek euren jolaserako ahalmen guztiak garatu ezin badituzte ere, jolasteko gogo bizia erakusten dute. Gaigabezia zein den jolaserako izango dituen mugak ezberdinak izango dira, baina gehienetan gainditzen errazak dira, beste haurrekiko integrazioa posible eginez. Gutxitu fisikoek mugimenduzko jolasetan parte hartzeko muga nabarmenak izaten badituzte ere, jolas sinbolikoetan besteak bezalaxe aritzen dira; hala ere inguruan aldaketa sinpleak eginez jolas fisikoetan ere parte har dezakete. Adimen urrikoek, berriz, jolas fisikoetan beste haurrak bezala aritzen dira, erregelak dituzten jolasetarako zailtasunak dituzte baina horietan lagunduta dibertitu eta ikasi ere egin dezake. Ikusmen edo entzumen murritza duten haurrek jostailu jakinekin aritzeko ezintasunak dituzte baina jolasa egokituz berdin berdin goza dezakete (adibidez, haur gormutuak ez du atsegin izango soinu eta musikarekin zer ikusia duten jolasetan arituko, baina jolasa dantzaz lagunduta oso ongi pasa dezake). Nolanahi ere, beste haurrekin jolasetan jarduterakoan, garrantzitsua da gurasoek eta hezitzaileek beste haurrei haurrak dituen zailtasunak eta mugak jakinaraztea eta berarekin nola komunikatu erakustea, keinu eta begiraden bitartez. Haur gutxituekin jolasterakoan, beste haurrek horiek nola lagundu eta errespetatzen ere ikasten dute. Haur gutxitua beste haurrei beraiekin jolastu nahi duela adierazterakoan herabe edo lotsati agertzen denean, horiekin harremanetan nola jarri ere erakutsi behar zaio. Jolasa, beraz, haur gutxituen integraziorako funtsezko baliabidea izan daiteke[25].

Ildo beretik, badira haurrak portaera-arazoak dituztenak. Adibidez, hiperaktibitatea erakusten duten haurrak beste haurrekin jolasterakoan komeni da aurretik erregelak argi eta garbi jakinaraztea eta heldu bat beti zelatan egotea. Haur hauentzat gehiegizko jolas-estimulazioa ere ez da egokia izaten. Autismoa jasaten duten haurrek, berriz, jolas sozialak ekidin eta jolas errepikakor eta bakartiak nahiago izaten dituzte; beraiengan jolasak balio sinbolikoa eta errealitatearekiko lotura galtzen du [26]. Tratu txarrak jasaten dituzten haurrek ere jolas sozialetarako joera txikiagoa eta jolasean ere gutxiago aritzen direla egiaztatu da. Ezberdintasunak nabaritu dira sexu-erasoak eta eraso fisikoak jasan dituzten haurren artean: sexu-erasoak jasandakoak jolasetan pasiboagoak eta bakartiagoak agertzen diren bitartean, tratu txar fisikoak jasan dituztenek agresibitate handiagoa erakusten zuten[27].

Ospitaleraturiko haurrek ere jolas-arazoak dituzte. Euren jolas-girotik erauziak eta jolaskiderik gabe, euren gaixotasunari jolasik gabe geratzearen tristura gehitzen zaio. Garrantzitsua da egoera horiek hain traumatikoak izan daitezen, etxeko jostailuak ekarri eta familia- eta lagun-giroa sortzea. Ospitaleek haurren jolaserako gelak izateaz gainera, ospitaleetan haurrei irribarre bat ateratzeko lanean diharduten pailazoen elkarteak ere aipatu behar dira.

Haur-jolasen historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pieter Brueghelen Haur-jolasak margolana. 1560 urtea.

Haurrak garai eta kultura guztietan jolastu direla baieztatu izan da sarri [28]. Axioma honen inguruan, ikuspuntu ezberdinak daude haur-jolasak historian izan duen bilakaerari buruz. Zenbaitek ikerketa arkeologikoek berreskuratutako jostailuak egungo haurren jostailu ere badirela erakutsi eta haur-jolasak gizakiaren berezko jarduera direla frogatu nahi izan dute horrela. Beste batzuek haur-jolasen bilakaeran aldaketa nabarmenak hauteman dituzte, batez ere XVIII. mendetik, eta haur-jolasa gizartearen harreman produktiboen emaitza gisa hartzen dute, ikuspuntu marxista batetik: jolasa produktiboa, pedagogikoa, didaktikoa izan behar da. Antzinako kulturetan haurrak jokatzen zuen rolari buruz informazio eskasa badago ere, jolasa lanarekin duen lotura estua planteatu dute ikerlari batzuek. Antzinako eta egungo gizarte primitiboetan aurki daitezkeen jostailuek hezkuntzaren helburua argi eta garbi erakusten dute: helduen lanen errepikapena eta ikaskuntza izaten da kasu askotan, horretarako lanabesa txikiak erabiliz. Gizarte hauetan haurren berezko jolasa ordea ere agertzen da, askotan helduak imitatuz (ezkontzak antzeztuz edo helduen kirolak praktikatuz) [29]. Haurra eta jolasa lotzen dituzten Erdi Aroko erreferentzia eskasak daude. Jolasei buruzko aipamenetan haurrak helduen jolas berdinetan aritzen dira, musikan eta dantzan eta baita borroka-joko eta sexu-jolasetan, haurra eta heldua bereizi gabe. Erakusgarri moduan, Erdi Aroko ikonografian ikus daitekeenez, haurrak helduak bezala irudikatzen dira, baina tamaina txikiagoan. XVI. mendetik hasten da haurra eta heldua bereizten, janzkeraz eta jostailuz, batez ere mutilak, neskatoek emakumeek bezala janzten jarraitzen baitute. Aldi berean, haurren jolasa kontrolatu beharra dagoela hautematen da eta jolasa moralaren barnean kokatzen da. Josulagunen ikastetxeetan, esaterako, lotsaren kontzeptua agertzen da jolas jakinen inguruan, haurraren garbitasunaren ideia indartuz horrela [30]. Jolas askea baztertu eta jolasa botere-tresna moduan ikusten da. Hortik, jolas pedagogiko eta didaktikoaren ideiak sortu dira XVIII. mendetik aurrera. Ideia horiek indarrean jarraitzen dute egun ere: haur-jolasak naturaltasun eta berehalakotasuna galdu eta hezitzaileen esku utzi da haur-jolasa. Nabarmena da ildo horretatik Euskal Herriko herrietan ugaldu diren aisialdi taldeak. XX. mendean zehar, haustura berri bat gertatzen da: lehen bere jolasetarako haurrak heldua eredutzat hartzen bazuen ere, egun telebista, bideo-joko eta Internetek ematen dizkiote ereduak. Telebistak pertsonaia sinpleak eskaintzen dizkie eredu gisa, kontsumorako malguak izan eta hausnartu gabeko pultsio batez joka dezaten. Aldi berean, haurraren munduaren goraipamena egiten da. Horrela, haurraren alaitasun, zintzotasuna eta inozentzia berreskuratzeko, helduei haurrak bailiran bizitzeko deia egiten zaie, hau da, azken batean kontsumitzerakoan nahikeriaz jokatzeko. Haurra eta heldua continumm batean kokatzen dira, jolasa kontsumo bilakatuz[31][32].

Haur-jolasak munduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko haur-jolas tradizionalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko haur-jolas tradizional gehienak inguruko kulturetan ere aurki daitezke, baina euskal kulturak izan dituen berezitasunak haurren jolasetan ere aurkitzen dira. Haur-jolasa haurra kulturara ekarri eta gizarteratzeko tresna izan da Euskal Herrian ere. Jaio bezain laster, euskal kantaz lagundu dira haurrarekiko jolasak. Ezagunak dira ume txikiekin kili-kili, kukuka, belarritik tiraka, hatzamartxoekin edo arre arre mandako jolasteko kantak. Adibidez, Goizuetan jasotako kanta da hau, haurraren eskuko bost hatzamartxoekin jolasteko:

Kukurruku. Zer diozu? ...: Euskal Herri osoan zabaldurik dagoen haur txikientzako elkarrizketa moduko olerki tradizionala (Altza herrian jasotako bertsioa). Bertan, euskal kulturan erlijioak izan duen eragin nabarmena hauteman daiteke.
Honek xoxa bildu
honek sua egin
honek arraultza prejitu
honek pixkat jan
honek dana dana

Euskal kultura tradizionala natura eta baserri-giroan garatu da gehien bat. Haurrak naturako animalia eta landareeekin egindako jolasen arrasto ugari daude: Coccinellidae familiako intsektuak, amona mantangorri edo marigorringo alegia, haur-kanta eta jolas ugarietan agertzen dira. Kilker-harrapaketan edo kabietara (txorien kabiak bilatzen) jolastea ere ohikoa izan da. Haurrak beraiek egindako txabola txikietan biltzen ziren batzuetan. Beste alde batetik, elurra egitea aukera bikaina zen haurrak malda behera irrist egiten jolasteko, egun bezalaxe. Euri asko egiten zuenean, putzu eta erreketan ere jolasten ziren.

6 bat urte dituenean, erregelak dituzten jolasetan hasten dira haurrak. Horietarako, zotz egiteko formula anitz dago euska jolasetan. Hau da ezagunenetako bat, aldi berean antzinako sorginak aireratzean ere esaten omen zutena eta Mikel Laboa abeslariaren kanta ospetsu bateko hitzak osatzen dituena:

Xirrixti-mirrixti, gerrena, plat
olio-zopa, kikili-salda
urrup, edan edo klik
Ikimilikiliklik!

Trebezia-jolasetan aritzen ziren lehengo haurrak: tortoloxak, non arkumeen hanketako hezur txikiak dado moduan erabiltzen diren; modu ezberdinetan jira daitekeen ziba edo tronpa; zotz, laban edo antzeko bat erabiliz kinkika, kumak, txaloka, puxtarriak, soka saltoan eta txirringola edo uztaia, besteak beste. Mugimenduzko jolasetan, harrapaketa eta ezkutaketaz gainera, txorromorroka asko jolasten zen.

Lehengo haurrak trebeak ziren euren jostailuak egiten: punteria lantzeko tiragoma, goitibera, maldan behera joateko ibilgailua, edo petako edo etxeko pinball-taula besteak beste. Herriko jaietan, haurrentzako jolas bereziak antolatzen ziren: zaku-lasterketak eta aulki-jokoa, besteak beste [33][34].

Australiako aborigen kulturako haur-jolasak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko kulturan ez bezala, ikerlariek Australiako aborigen kulturan haurrek euren jolas eta bestelako jardueretan duten erabateko askatasuna egiaztatu dute. Askatasun hau utzikeriaz eta axolagabekeriaz interpreta badaiteke ere, bertako gurasoek euren haurrekiko duten maitasun bizia nabaria da. Haur-jolasetan ere nabariak dira ezberdintasunak: mendebaldeko kulturan jostalua txiki txikitatik maiz agertzen den bitartean, Australiako aborigenetan eskasak dira jostailuak; ordez amek haurra etengabe laztandu, besarkatu eta musukatzeko duen joera aparta ikusi da. Haur txikientzat maskor eta fruituz egindako txintxirrinez gainera, eskasak ziren haientzako jostailuak.

Antzinako beste kulturetan bezala, haurren jolas nagusia imitatzailea zen. Ohikoa zen aborigen talde bateko haurrak euren txabolatxoa eraiki eta sua egitea. Ehiza-jolasetan askotan aritzen ziren, kanguruak bailiran intsektuak harrapatu eta haur-txabolara eramanez. Sexu-bereizketa nabarmena zen, helduen artean bezalaxe. Neskak txabolan geratzen ziren janaria prestatzen, mutilak ehizatara jolasten ziren bitartean. Amatara eta aitatara ere jolasten zen, familiei buruzko eszenak lurrean zotz batez marraztuz edo hostoak jarriz osatuz, kanta batez lagunduta. Adibidez, gizona ehizatara doanean, hosto bat erretiratu egiten zen. Jasotako hostoen ezaugarriak norberari helduaroan egokituko zitzaion familia edo ume-kopurua asmatzeko erabiltzen ziren. Lurrean zirkuluak osatu eta bertan ezkutatutako objektu bat (arrain lehor edo arratoi bat) aurkitzen ere jolasten zen edo markatutako zirkulutik ahalik eta objektu gehienak biltzen. Neskak naturako materialez (egurra, harria, maskorrak) osaturiko panpinekin ere jolasten ziren. Mutilak, berriz, ehizatarako trebatzen, lantzaz eta arpoiz jolasetan aritzen ziren[35].

Haur-jolasak Estatu Batuetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetako haurren jolasak baldintzatu dituzten bi faktore nagusi izan dira: hirien garapena eta jostailuen masazko produkzioa. XX. mende hasieratik hirien hazkundeak, automobilen ugaltzearekin batera, haurrak jolasteko gero eta leku gutxiago utzi zuen. Ondorioak larriak izan ziren; adibidez, 1922 urtean 477 haur hil ziren kalean automobilek harrapatuta. Konponbide gisa, han eta hemen playground edo jolas-parkeak eraiki ziren. Haurrak askotan idling (ezer egin gabe, alegia) edo jolas desegokietan aritzen zirela eta, haurrentzako klubak sortu ziren, euren jolasak bideratzeko. Jolas egoki eta produktibotzat kirolak jotzen ziren batik bat. Haur-jolasak etxera bideratzeko joera ere nabarmena izan zen, Estatu Batuetan ugariak diren familia bakarreko etxebizitzen diseinuak lagunduta: etxebizitzak inguratzen duen lorategi itxia haurraren jolastoki bihurtu zen, beste haurrekiko harremana zailduz. Aldi berean, beste produktuetan bezalaxe, jostailu-industria garatu zen XX. mendeko lehenengo erdian polikiago eta 1950eko hamarkadatik aurrera nabarmenago, kapitalismo ezaugarri guztiekin: masazko produkzioa, marketingaren erabilera, teknologia eta banaketa masiboa. Haurra produktiboa eta jostailua hezitzailea izan behar ziren ideologiaz, haurrari eraikuntza-jokoak, automobil, tren eta hegazkin txikiak, panpinak, pelutxeak eta Monopoly jokoak oparitzen zitzaizkion, sexu bereizketa nabarmen batez gainera, helduarorako prestatuz. Haurrari jostailuen opariak ongi portatzeagatik egiten zirelako mezua ere adierazten zitzaion. Jostailuen inbasioak jolas berriaren bakardadea areagotu egin zuen. Jostailuak helduek erosten zituzten gainera, horrela ere haurrari jolas askerako aukerak murriztuz. 1955 urtean haurrentzako telebista-emanaldiak hasi ziren The Mickey Mouse Club saioarekin. Laster hasi ziren emititzen baita ere jostailuak erosteko iragarkiak eta horrela haur-jolasak kontsumo-merkatu garrantzitsu bilakatu ziren, egun mundu osoan bezalaxe. Horrekin batera, baby boom delako haur kopuruaren leherketak eta emakumea lan munduan integratzeak eskola-zerbitzu berriak zabaltzea ekarri zuten, haurra gero eta lehenago, egun ia jaio bezain pronto, eskolaratuz. Horrela, jolasa hezkuntza-profesionalen esku utzi zen. Egun, globalizazioarekin batera, Estatu Batuetan sortutako haur-jolasen eredu hori ia mundu osora zabaldu da, haur-jolasak telebista eta kontsumoaren mende utziz: fantasiak modu itxian zabaltzen dira, kontsumitzeko moduan, Harry Potter eta antzeko pertsonaiekin lotutako jostailuen moduan, neskak, Hannah Montana eta antzeko pertsonaien ereduei jarraiki, moda-jolasetan aritzen dira eta mutilak ekintza-jokoetan aritzen dira, bideo-jokoen bitartez batez ere. Genero- eta pertsona-eredu jakinak zabaltzen dira horrela, haurrak isolatuz eta kultura lokalak birrinduz[36].

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Scarlett, W. George. Children's play. , 11 or..
  2. (Gaztelaniaz) Garvey, Catherine. (1985). El juego infantil. Morata, 64-65 or..
  3. (Gaztelaniaz) Asamblea General de Naciones Unidas. (1989-11-20). Convención sobre los Derechos del Niño (Artículo 31.1.). (Noiz kontsultatua: 2010-05-03)..
  4. (Gaztelaniaz) Etniker Euskalerria. (1993). Juegos infantiles en Vasconia. , 60 or..
  5. a b (Gaztelaniaz) Elschenbroich, D.. (1979). El juego de los niños. Capítulo X: Pedagogía del juego e industriosidad. Impedimento del juego infantil en las escuelas industriales.. Zero, 248-265 or..
  6. a b c d (Gaztelaniaz) Garaigordobil, Maite. (1990). Juego y desarrollo infantil. Seco Olea, 30 or..
  7. a b (Ingelesez) «Theories of Play» Encyclopedia of Children and Childhood in History and Society (Noiz kontsultatua: 2010-05-04)..
  8. (Gaztelaniaz) Elschenbroich, D.. (1979). El juego de los niños.. Zero, 248-265 or..
  9. (Ingelesez) Sawyer, Keith. The history of play: Beliefs about play. (Noiz kontsultatua: 2010-05-13).[Betiko hautsitako esteka].
  10. (Gaztelaniaz) Garaigordobil, Maite. (1990). op. cit.. , 46 or..
  11. (Gaztelaniaz) Einon, Dorothy. (1990). Jugar y aprender. Pasatiempos educativos de 0 a 10 años.. Folio..
  12. Helduetan, berriz, jolasa atsedena eta erretiroa da.
  13. (Gaztelaniaz) Etniker Euskalerria. (1993). Juegos infantiles en Vasconia. , 96-109 or..
  14. (Ingelesez) Carlson, Frances. (2009-07). «Rough and tumble play» Exchange (Noiz kontsultatua: 2010-05-04).
  15. (Gaztelaniaz) Etniker Euskalerria. (1993). Juegos infantiles en Vasconia. , 396-397 or..
  16. (Gaztelaniaz) Garvey, Catherine. (1985). El juego infantil. Morata, 157-160 or..
  17. (Gaztelaniaz) Elschenbroich, D.. (1979). El juego de los niños. Zero, 26 or..
  18. (Gaztelaniaz) «Los niños ya no juegan en los parques» Hoy.es 2009-01-07..
  19. (Gaztelaniaz) «Los niños pasan más horas delante de la televisión que en la escuela» ElMundo.es 210-03-10..
  20. (Gaztelaniaz) Jugar en igualdad. 2007-12.
  21. (Ingelesez) Girls Are... Boys Are... :Myths, Stereotypes & Gender Differences. (Noiz kontsultatua: 2010-05-10).
  22. (Ingelesez) Hughes, Fergus P.. (2009). Children, play and development. , 155-182 or..
  23. (Gaztelaniaz) «Género desde la infancia: ¿sociales o biológicos?» Revista Frida 2008-03.[Betiko hautsitako esteka].
  24. (Gaztelaniaz) Etniker Euskalerria. (1993). Juegos infantiles en Vasconia. , 58 or..
  25. (Ingelesez) National network for child care. (1995). CHILDREN WITH DISABILITIES OR SPECIAL NEEDS. (Noiz kontsultatua: 2010-05-11)..
  26. (Gaztelaniaz) Hervás Anguita, Esther. (2006). «El desarrollo de los niños autistas» I+E Revista Digital Investigación y Educación..
  27. (Ingelesez) Hughes, Fergus P.. (2009). Children, play and development. , 199-200 or..
  28. (Gaztelaniaz) Elschenbroich, D.. (1979). El juego de los niños. Zero, 38 or..
  29. (Gaztelaniaz) Elkonin, Daniil B.. (1985). Psicología del juego. , 41-68 or..
  30. (Frantsesez) «"L’enfant et la vie familiale sous l’Ancien Régime" de Philippe Ariès» Le Webzine de l'Histoire 2008-02-02..
  31. Erakusgarri moduan, telebista-kate baten aldeko publizitate-spot batean, haurrak alperrik libertitzen saiatzen diren gurasoak agertu ziren, telebista-katea jolasa eta gozamena ematen zizkien bakarra izanik. Haurrak serio-serio agertzen ziren spotean, helduak bailiran. Ikus: (Frantsesez) Stiegler, Bernard. (2009-10-08). INFANTILISATION DES ADULTES, PUERILISATION DES ENFANTS. ..
  32. (Gaztelaniaz) «Sólo dos de cada diez niños españoles juegan a diario con sus padres» 20minutos.es (Noiz kontsultatua: 2010-05-13)..
  33. (Gaztelaniaz) Aintzinako ume jolasak, 2010-05-15ean eskuratua.
  34. Euskal jolas tradizionalak aztertzen dituen erreferentzia lan nagusia Etniker Euskalerria taldeak 1993 urtean egindako Juegos infantiles en Vasconia da. 900 orrialde baino gehiagotan zehar eta landa-ikerketa zabal baten emaitzak jasoz, jolasen bilduma osoa egiten da, arloz arloz eta herriz herri.
  35. (Ingelesez) Haagen, Claudia. (1994). Bush toys:Aboriginal children at play. ..
  36. (Ingelesez) Chudacoff, Howard P.. (2007). Children at play: an American history. , 98-213 or...

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Joseba Aurkenerena: Gure haur eta gazte jolasak. [1]