Hegoaldeko belarrihandi gris

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hegoaldeko belarrihandi gris
Iraute egoera

Ia galzorian (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaChiroptera
FamiliaVespertilionidae
GeneroaPlecotus
Espeziea Plecotus austriacus
(Fischer, 1829)
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera277,5 mm
Eguneko zikloagaueko

Hegoaldeko belarrihandi grisa (Plecotus austriacus) Vespertilionidae familiako saguzarra da, Europan bizi dena. Bere ezaugarri nagusia belarri handiak izatea da[1].

Belarrihandi grisa Plecotus generoko Euskal Herriko hiru belarrihandietako bat da. 1960ko hamarkadan eman zitzaion espezie kalifikazioa, ordura arte iparraldeko belarrihandi arrearen (Plecotus auritus) azpiespezietzat jotzen baitzen. Izan ere, aipatutako bi espezieak eta Pirinioetako alpetar belarrihandirak (P. macrobullaris) oso antzeko morfologia dute. Euskal Herriko eremu guztian aurki daiteke, eta ez dago belarrihandi arrea bezain beste baso-inguruneei lotua; aitzitik, gizakiak eraldatutako eremuetan ohikoa da[2].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina ertaineko saguzarra da, gainerako belarrihandien tamaina berekoa. Besagainaren luzera 37 – 45 mm artekoa da, eta 6,5 eta 15 gramo bitarteko pisua izan ohi dute. Plecotus generoko espezie guztiek bezala, oso belarri handiak ditu, bezagainaren luzeraren adinakoak, ia-ia. Aktibo ez dagoenean –hibernatzen, esate baterako– bizkar aldera etzaten ditu, eta hegan egitean edo ekokokatzean besterik ez ditu tente jartzen. Belarrien aurrealdean trago luze eta erpin-zorrotza izan ohi du. Ilajea gris iluna da bizkarraldean, eta gris argia sabelaldean. Gazteen kolorazioa apalagoa izan ohi da. Hortz formula du.

Oso zaila da Euskal Herriko hiru belarrihandi-espezieak morfologikoki bereiztea. Zenbait ale itxura orokorraz espezie bati edo besteari atxikitzerik badagoen arren, badira hainbat ale oso ezaugarri nahasiak izaten dituztenak. Kasu horietarako hainbat neurri biometriko hartzea ezinbestekoa da. Belarrihandi grisa belarrihandi arretik bereizteko erabiltzen den neurri biometriko nagusia tragoaren zabalera da. P. austriacus-en tragoaren zabalera 6,6 mm-tik gorakoa da, eta P. auritusena hortik beherakoa.

Ekokokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maiztasun modulatuko (FM) ekokokapen-deiak igortzen ditu, 70 eta 20 kHz bitartekoak. Bi harmoniko emititzen ditu, lehenengoa 35 eta 20 kHz artekoa eta bigarrena 70 eta 38 kHz artekoa. Soinuen intentsitatea oso baxua izan ohi du, eta nekez iristen da 5 metro baino haratuago. Ezinezkoa da ekokokapen-deien bitartez Plecotus espezieak bereiztea.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko Europatik hasi eta Txina mendebalderaino hedatzen da espezie honen banaketa-eremua. Iparraldeko muga Ingalaterra eta Eskandinavia hegoaldean du, eta hegoaldekoa Sudanen, Etiopian eta Cabo Verde uhartedian [3].

Euskal Herrian eremu guztian aurki daiteke[4], itsas mailatik 1800 metro arte.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Habitat ezberdin ugaritan aurki daiteke espezie hau, bere generokideak ez bezala. P. auritus oso basotiarra da eta P. macrobullaris mendietako larreetan bizi ohi da. P. austriacus, aldiz, basoetan, estaldura gutxiko inguruneetan eta zuhaitzik gabeko eremuetan ere bizi daiteke. Gizakiak eraldatutako eremuetan ere ohikoa da, eta maiz hartzen ditu gordelekutzat giza eraikin zaharretako arrakalak eta teilatuetako habe-arteak. Itsas mailatik 2.000 metro arteko eremuetan aurkitu da.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Noctuidae familiako sits handiak ehizatzen ditu batez ere, %70 eta 100 artean. Dipteroak eta koleopteroak ere jaten ditu. Hegan doazen harrapakinak ehizatzen ditu normalean[5][6].

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araldia irailean izaten da, eta, negua kobazuloetan hibernatu ostean, emeak ekaina inguruan biltzen dira 10-30 ale inguruko ugal koloniatan. Kume gehienak ekaineko bigarren hamabostaldian jaiotzen dira; banaka, normalean. Kumeek bi hilabete inguru igarotzen dute gordelekuan edo amaren sabelera itsatsita, eta abuztua erdialdean lortzen dute lehen hegaldia egitea.

Ohiko bizi-luzetasuna 5 eta 9 urte artekoa da, nahiz eta 20 urtetik gorako aleak ere ezagutzen diren[7].

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eme kumatzaileak alde batera utzita, gainerakoan espezie oso bakartia da, hil hotzetan batez ere[8][4]. Arrak eta emeak udaren amaieran (hainbat lekutan uztailean ere ziurtatu dira kopulak) eta udazkenaren hasieran besterik ez dira elkartzen, araldian, hain zuzen. Orduan gertatzen dira kopulak. Bakarka edo talde txikitan hibernatzen dute. Espezie sedentarioa da: oso gutxi mugitzen da gordelekutik, ehizatzean 5 km baino gutxiago. Mugimendu ohikoenak udako eta neguko gordelekuen artekoak izan ohi dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi kapar espeziek parasitatzen dute espezie hau: Ixodes vaspertionis eta Spinturnix plecotinus.

Antzeko espezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Iparraldeko belarrihandi arrea (Plecotus auritus): Morfologia orokorrari begira, kolorean dago alderik handiena, Plecotus auritusen sabelaldea horixkagoa baita. Dena den, kolorea oso aldakorra izan daiteke, eta biometriak hartzea da gomendagarriena, era horretan nahiko erraz bereiz baitaitezke bi espezieak.
  • Alpetar belarrihandia (Plecotus macrobullaris): Morfologikoki antz oso handia dute bi espezieek, baina belarrihandi alpetarrak triangelu formako kuxina dauka beheko ezpainaren azpian, kokotsean. Gainerakoan, biometriak erabiliz bereiz daitezke bi espezieak.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IUCN erakundearen arabera espezie honen kontserbazio-egoera ona da. EAEko katalogoan interes bereziko espezietzat katalogaturik dago.[9]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Obrist, M.K., Boesch, R. eta Flückiger, P.F.. (2004). «Variability in echolocation call design of 26 Swiss bat species: Consequences, limits and options for automated field identification with a synergic pattern recognition approach.» Mammalia 68 (4): 307-32..
  2. Krapp F (ed). (2004). Handbuch der Saugetiere Europas. Aula Verlag.
  3. IUCN. (2011/11/30). [htpp//www.iucnredlist.org IUCN Red List. ].
  4. a b Aiharza JR. (2001). Quirópteros de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa: distribución, ecología y conservación. Bilbo: EHU.
  5. Bauerová Z. (1982). «Contribution to the trophic ecology of the grey long-eared bat, Plecotus austriacus» Folia Zoologica (31): 113-122..
  6. Swift SM. (1998). Long-eared bats. Londres: Poyser Ltd.
  7. Arthur L, Lemaire M. (2009). Les Chauves-souris de France, Belgique, Luxembourg et Suisse. Paris: Biotope.
  8. Schober W, Grimberger E. (1987). Bats of Britain & Europe. .
  9. Eusko Jaurlaritza. (2013-7-5). Agindua, 2013ko ekainaren 18koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena. Honen bidez, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda aldatzen da. .