Hegoaldeko zuhaitz-igel

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Hegoaldeko zuhaitz-igela
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Amphibia
Ordena: Anura
Familia: Hylidae
Generoa: Hyla
Espeziea: Hyla meridionalis
Boettger, 1874
Hedapen mapa
Atseden posizioa.

Hegoaldeko zuhaitz-igela (Hyla meridionalis) Hylidae familiako urlehortarra da, hegoaldeko Frantzian, Euskal Herrian eta Iberiar Penintsulan bizi dena[2].

Hegoaldeko zuhaitz-igela, igel txiki eta polita dugu, izenak dioen moduan hegoaldeko Europan zehar banatzen dena. Zuhaitzetan bizi da eta zuhaitz-igel arruntaren antzekoa den arren, honen albo-marra sudur aldetik aurreko hanketaraino baino ez da iristen. Tamalez, Euskal Herrian desagertzear dagoen espezia dugu eta Mendizorrotz mendira eta Hazparnera mugatuta daude gelditzen diren populazioak.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zapaburuek 3-9 mm inguruko tamaina dute jaiotzean. Uretan hiru-lau hilabete pasatzen dituzte eta 50 mm-rarte hazi daitezke. Sabelalde esferikoa dute, urre koloreko begiak aldeetan eta elkarrengandik nahiko bereizita eta isats oso luzea, bizkarralderaino luzatzen dena gandor moduko bat eratuz. Hala ere, ez da oso gandor altua izaten eta begien altueran txertatzen da. Beste zapaburuetatik bereizten dituen ezaugarririk garrantzitsuena isatsean dituzten bi lerro beltz oso nabariak dira.

Zuhaitz-igelak txikiak dira, arrak 50 mm-rainokoak eta emeak 65 mm-rainokoak. Burua tentea dute, luze baino zabalagoa, muturra laburra eta biribildua. Begiak alboetan eta kanporatuta dauzkate, niniak argitan horizontalak diren arren, ilunpetan zabaldu egiten dira. Irisa urre kolorekoa da. Tinpanoak begiaren diametroaren erdikoak, oso nabarmenak dira. Aurreko hanketan lau behatz dituzte eta atzekoetan bost, guztiak disko itsaskorrez hornituta, eta hauei esker eroso ibil daitezke sastraketan, kanaberatan zein zuhaitzetan. Aurreko hatzetako disko itsaskorrak handiagoak dira. Nahiko liraina da eta hanka luzeak ditu, azal leunarekin. Bizkarraldea berde kolorekoa da, tonalitate horiekin batzutan eta kolore aldaketa fisiologikoa burutu dezake. Aldiz, sabelaldea zurixka da. zuhaitz-igel arruntaren antzekoa den arren, hegoaldeko zuhaitz-igelaren albo-marra sudur aldetik aurreko hanketaraino baino ez da iristen. Arrek aho-zakua dute eta araldian, muturretik kloakara duten luzeraren erdiraino puztu dezakete. Aho-zaku hau horixka da arren kasuan, eta sabelaldea baino argiagoa emeen kasuan.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie honek nahikoa hedapen zabala du: Afrikako ipar eta mendebaldea, Iberiar penintsulako hegoaldea eta Frantziako hego ekialdean aurkitzen da. Euskal Herriko igelak, ordea, isolatuta ageri dira eta ikerketarik egin ez bada ere, isolamendu honi esker, litekeena da Euskal Herriko igelen genotipoa berezi samarra izatea. Euskal Herrian Mendizorrotz mendira eta Hazparnera mugatuta daude gelditzen diren populazioak eta hauen ugal-leku garrantzitsuenak hauek dira: Goienetxeko putzua, Errotatxoko urmaela, Pokopandegiko urmaela, Munotxabaleko putzua, Arpitako putzua, Etxebesteko putzua, Urtetako putzua, Egioletako putzua, Artikula aundiko putzua, Arrateko putzua, Egiluzeko putzua, Errota berriko putzua, Orioko putzua, Anoko erreka, Arkumetegiko putzua eta Etumeko putzua. Espezie azpitropikala izanik, Mendizorrotzeko kokapena arrarotzat jo daiteke, igel hau oraindik bereziagoa bilakatuz. Agian, itsasoaren eragina dela eta, klima egokia da banaketa honen arrazoia.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegoaldeko zuhaitz igelak ugalketarako habitat gisa, zingirako landarediz jantzitako urguneak erabiltzen ditu eta bertan hazten dira zapaburuak ere: aldian-aldiko putzuak, eta urmael eta urtegiak, baita oraindaino aipatu izan ez den beste ingurune antropiko bat ere, hotel eta etxe partikularretako igerilekuak, alegia. Azken ingurune berri hori ez da espeziearentzat baliagarria, ordea, ugalketak batere emaitzarik lortzen ez duelako, dela emeen arrautzek non itsatsi ez dutelako, dela larbek metamorfosia bukatu baino lehen hustutzen dituztelako.

Euskal Herrian hezeguneetan bizi da, inguruko urmael eta putzu iraunkorren eta errekatxoen ertzetan diren landare ugariz estalitako tokietan, batez ere, sasi, sahats, lezka eta karizeak eta beste formazio batzuk diren tokietan; zingira eta ihitokietan ere bizi da, beti ere, landare leku oparoetan. Ugalketa gunetik 2 km urruntzera irits daiteke, erreka bazterretako landare zerrendei esker.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zapaburuek hondoan pilatutakoa detritua xurgatzen dute edota makrofitoetara itsatsitako algak arraspatu. Neurri txikiagoan polena, onddoak, usteltze prozesuan dauden animalia eta landareak, eta bakteria eta protozooak jaten ditu. Azkenik, zuhaitz-igel honen zapaburuak Pelodytes punctatusen arrautzak jaten ere ikusi izan dira. Beste zapaburu batzuekin alderatuz, hala ere, hauen dieta nagusia jatorri begetalekoa da, batik bat, loredun landareez zein algez elikatzen dira, eta hau hobeto xurgatzeko heste luzeagoak dituzte.

Hegoaldeko zuhaitz-igela gautarra da baina egunean zehar ere ehizatzen du, nahiz eta pasiboki izan. Igeltxo honen dieta batik bat koleopteroetan, inurrietan eta dipteroetan oinarritzen da, baina homopteroak eta armiarmak jaten ere ikusi izan da. Ez dute harrapakin urtarrik. Zuhaitz-igel helduak bereziki araldian zehar elikatzen dira.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegoaldeko zuhaitz-igelak heldutasun sexuala hiru urteetara lortzen du. Arrek ozenki egiten dute korroka, koruak osatuz; bakoitzak leku estrategiko bat hartuz (askotan ur gaineko landare bat) eta ahoko zakuak puztuz. Lurraldekoiak izanik, metro batera baino gertuago hurbiltzen diren gainerako arrei mehatxu-korroka egiten diete. Bi korroka hauez gain beste bi deskribatu dira: beste ar batekin kontaktu fisikoren bat gertatzen denean egin ohi dutenaz, ukipen-korroka bezala ezagutzen dena, eta bitarteko korroka, mehatxu- eta dei-korroken artean egin ohi dutena. Dei-korrokak ilunabarrean hasi eta goizeko lehen ordura arte iraun dezake. Ugal-sasoia 3 hilabetekoa da, otsailetik apirilera. Anuro askok errunaldi garaia laburra izaten dute; hegoaldeko zuhaitz-igelak aldiz, hiru hilabetez luzatu ohi du.

Anplexu axilarra dute eta zenbait ordu edo egun iraun ditzake. Anplexua uretan edo lehorretan burutu dezakete. Lehen errunaldiak otsaila eta ekaina bitartean ematen dira eta emeak 400 arrautza inguru jartzen ditu, 3-4 arrautzetako paketeetan edo isolatuak, eta ur-landareei itsatsita uzten ditu, 7 cm-inguruneko sakoneratan. Uretako landaredi egokia aurkitzea da, hain zuzen, igel honek ugaltzeko duen arazo larrienetakoa. Eklosioa errunalditik 8-15 egunera gertatzen da, baina ur-tenperaturaren araberakoa da (10 egunekoa 10-13 °C-tan).

Hegoaldeko zuhaitz-igelen zapaburuak otsaila eta apirila bitartean garatzen dira, eta garapen nahiko azkarrekoak dira. Izan ere, espezie honen errunaldi luzeak direla eta, putzuetan larben heterogeneitate handia ematen da tamainari eta garapen-faseari dagokionean, eta honek, larben arteko lehiakortasuna gutxitzen du.

Ondorioz, metamorfosia ere denboraldi luze batean zehar ematen da, eklosiotik 2,5-3 hilabetera (uztailetik irailera gure latitudean), eta zapaburuek 13-15 mm-ko luzera lortzean.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuhaitz-igelei asko gustatzen zaie eguzkia baina egunean zehar ez dira oso aktibo egoten, eta ez diren ikusteko errazak, duten kolorazio kriptikoa dela eta. Orokorrean, hankatxoak gorputzaren azpian biltzen dituzte eta orduetan zehar manten daitezke horrela kiribilduta, eguzkipean. Hala ere, ilunabarrez dira bereziki aktiboak eta lekualdatze handiak egin ditzakete zuhaitz batetik bestera, bere hanka luzeetaz baliatuz. Edozein gainazal motatik gora egiteko gai dira, behatzetan dituzten disko itsaskorrei esker. Azarotik otsaila bitartera hibernatzen du, tenperaturaren arabera. Buztinetan lurperatuta edota harrien zartaduratan gordeta egoten dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Helminto ugari izan daitezke igeltxo honen parasito.

Antzeko espeziea zuhaitz-igel arrunta du. Hyla arborea antzekoa den arren, honen albo-marra sudur aldetik aurreko hanketaraino baino ez da iristen; aldiz, Hyla arborearena gehiago luzatzen da, atzeko hanketaraino askotan.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igeltxo hau 1996. urtetik dago 'Galzorian' kategorian sailkatuta, EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan. Bere egoera kezkagarria da, zenbat ale dauden ere ez dakigu, baina bai gutxi direla. Oro har, espeziearentzako mehatxuak habitata galtzetik edo aldatzetik datoz; habitataren aldaketa ura azidotzearen eta bioziden eraginez gertatzen da[3].

Arazo nagusia, espezie honek hartzen duen lurraldean, espeziea ugaltzeko aproposak diren urguneak pixkana-pixkana kentzen ari direla da: landaredia duten putzuak gero eta bakanagoak dira, iturri eta urburuetako ura hornidurarako hartzen da, eta aire zabalean ez da ugalketarako gai izan litekeen putzurik sortzen edo ur depositurik egiten. Gero eta ur gehiago erabiltzen da aisialdirako -igerilekuetan-, beraz, modu naturalean ura lortzeko aukera gutxi dagoela dirudi. Zentzu horretan, igel populazioak desagertu izanak ederki azaltzen du Mendizorrotzen dagoen arazoa. Espeziea hezeguneekin eta inguruko landarediarekin harreman estuan bizi da, eta kalte handia egiten diote haien aldaketek eta kanpoko faktore kutsatzaileek; oraindik irauten duen biziguneetan ere desagertzeko arriskua ageria da. Ur «ontziaren» egoera ere garrantzitsua da, izan ere, gehiegizko eutrofizazioa edo ur-landare gehiegiz betetzea, kaltegarria izan daiteke igelek erabiltzeko.

Oraingo populazioarentzat bigarren arazo handia populazioaren kontzentrazioa da, bereziki populazio ugaltzailearen kontzentrazioa. Izan ere, egoera horretan handiagoa da hondamendien eraginez espeziea galtzeko arriskua, nahiz hondamendi naturala, nahiz isurketaren bat edo beste ustekaberen bat gertatuz gero, eta berebiziko garrantzia izan dezake, baldin igelak ugaltzeko biltzen diren garaian gertatzen bada. Hain zuzen, hemen aipatu behar da Igaran 1998ko udan izandako azken uholdea suntsigarria izan zela ingurunerako; zehazki, uholde horren eraginez, Berioko putzuko eduki guztia urak eraman eta, ondoren, jalkinez bete zen. Arazoa are larriagoa da Igaran, Mendizorrotzeko populazio ugaltzaile gehiena hartzen duen urtegiaren, Gurelesakoaren, ura biltzeko gaitasuna nabarmen murriztu baita. Horren eragina igarri da dagoeneko, ugaltzeko ordezko leku bila igerilekuetara jo baitute; baina ugalketak horietan ez du inolako emaitzarik lortzen. Beste arazo bat ere ekartzen du populazioaren kontzentrazioak, hain zuzen harrapaketaren arriskua.

Beste maila batean baina gogoan hartzeko moduko eragina dute basoko suteek ere igel populazioetan, erreka eta urgune bazterretako landaredia suntsi dezaketelako edo, nolanahi ere, hosto artean dauden igel helduak, eta, horrenbestez, eragin kaltegarria dutelako igel populazioen bilakaeran.

Beste faktore batzuek ere badute eragina populazioan, baina oraindaino ez da ondo neurtu. Horietako bat trafikoa da, batez ere ugalketa tokien inguruetakoa -Pokopandegi baserriko bidea-, izan ere, espezie honek ohitura du, beste anfibio batzuek bezala, gau epel euritsuetan asfalto gainera irteteko, berotasun, janari eta hidratazio errazaren bila, eta ibilgailuek sarri harrapatzen dituzte. Beste faktore bat putzuetako uren iturburuetan dauden baserrietako purinen eta hondakin uren isurketak dira, batez ere Aginagan eta Igaran (Gurelesa), horien artean Koskolo (Aginaga) eta Errotatxo (Igara) erreken inguruko baserrietakoak, eta baita askak ere, Berioko putzura ura dakarren Mugitegiko errekaren kasua, adibidez. Horrelako isurketek asko aldatzen dute uraren kalitatea eta larben bideragarritasunari kalte egiten diote, putzua ugalketa lekutarako alde batera uzteraino. Hirugarren faktorea espeziean edo espezieak erabiltzen dituen baliabideetan eragina duten harrapari berriak dira, karramarro gorri amerikarra eta zamoa, adibidez; horiek eragin handia izan dute Aginan ugaltzen zen populazioa desagertzeko.

Bestalde, oraindaino gutxi kontuan izan den beste alderdi bat, inguruko biztanleek espezie hori etxe ondoan izateari eman dioten erantzuna da; oro har, nekazaritza ustialekuekin loturarik ez duten etxeetan bizi direnak, batez ere, kexu dira igel arrek ugalketa garaian eta tarteka beste batzuetan egiten dituzten kantu edo hotsez. Dirudienez, hezeguneetakoren bat -Orioko kanpinekoa- horregatik lehortu dute, eta ez da dudarik igerileku askotako ontziaren urteko garbitasuna horregatik aurreratzen dutela, edo hegoaldeko zuhaitz igelak joan ez daitezen hustu egiten dutela.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. The IUCN red list of endangered species
  2. STÖCK M., DUBEY S., KLÜTSCH C., LITVINCHUK S.N., SCHEIDT U., AND PERRIN N. (2008): Mitochondrial and nuclear phylogeny of circum-Mediterranean tree frogs from the Hyla arborea group. Molecular Phylogenetics and Evolution 49: 1019-1024.
  3.   Etxezarreta, J.; Rubio, X. (1998), «Notas sobre la biología reproductora y situación actual de la ranita meridional (Hyla meridionalis, Boettger, 1874) en el País Vasco», Munibe (50): 77-83 .


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Hegoaldeko zuhaitz-igel
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Hyla_meridionalis