Heidelberg

Wikipedia, Entziklopedia askea
An13saBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 14:52, 29 urtarrila 2016

Txantiloi:Alemaniako udalerri infotaula automatikoa

Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Heidelberg (argipena)»

Heidelberg Alemaniako hego-mendebaldean dagoen Baden-Württemberg estatuko hiri bat da. 2006an 140.000 bizilagun zituen, eta 109 kilometro karratu ditu. Rhein-Neckar-Kreis barrutiko hiriburua Heidelberg da, baina hiria ez dago sartuta bera inguratzen duen barruti horren lurretan. Hiri unibertsitarioa da, kultura bizitza handikoa. Famatua da, bere gazteluarengatik ez ezik, Homo heidelbergensis gizakiaren lehenengo arrastoak bertan aurkitu zirelako ere.

Geografia eta Klima

Hiria Neckar ibaiaren inguruan dago, hura Rhin ibaiarekin batzen den tokitik 20 bat kilometro hego-ekialdera. Rhein-Neckar Hirukiaren parte da Heidelberg hiria. Ibaiaren ezkerraldean dago hiriaren alde zaharra eta Königsstuhl (568 m) eta Gaisberg (375 m) mendiek inguratzen dute. Eskuinaldean Heiligenberg (445m) mendia dago.

Heidelbergek Klima ozeanikoa du (Köppen klima sailkapenaren arabera), uztaila epela (batzutan 30 °C-tik gora) eta urtarrila hotzari 770mm-ko prezipitazioa gehituz. Alemaniako tokirik epelena izan zen 2009an.

    Datu klimatikoak (Heidelberg)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 4 6 11 15 20 23 26 25 22 15 9 5 15
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) -1 -1 2 5 9 12 14 14 11 7 2 -0 6
Pilatutako prezipitazioa (mm) 56 53 53 61 79 86 71 66 53 58 66 66 770
Iturria: [1]

Historia

Heidelberg historia luzea duen herria da.

Historiaurrea

1907an duela 600.000 eta 200.000 urte bizi izan zen hominido baten baraila aurkitu zuten eta Homo heidelbergensis izena jarri zioten. berehala famatu zen mundu osoan, izan ere Europan aurkituriko hominidorik zaharrena baitzen.

Antzinaroa

Zeltek K.a. V mendean bertan gotorleku bat eta tenplu bat bazuten. Heiligenberg (Santuen mendia) izena jarri zioten. Gaur egun oraindik aztarnak badaude. K.o. 40 urtean erromatarrek castrum bat jaso zuten bertan luzaroan egoteko asmoaz. Seinaleak egiteko dorre bat eta Neckar ibaia gurutzatzeko egurrezko zubi bat ere eraiki zituzten. Castroaren inguruan herria sortuz joan zen 260an germaniar leinuek konkistatu zuten arte.

heidelberg, 1527

Erdi Aroa

V mendean Bergheim (mendi etxea) bazela dioen 769. urteko dokumentu idatzia badago. Bergheim auzoa gaur egun Heidelbergen erdian dago. Heiligenberg gotorleku zeltaren harresien barnean San Migel monasterioa eraiki zen 863an eta 1130an Neckar bailaran, ibaiertzean, monasterio berria eraiki zen. Wormseko apezpikuaren menpe gelditu zen herria eta honek 1142an Schönau abatetxea sortu zuen herritik 10 kilometro iparraldera.

Hohenstaufen etxea Heidelbergeko gazteluaz jabetu zen 1155ean baina abatetxean dagoen 1196ko idatzi batean aipatzen da lehenengo aldiz Heidelberg herria, eta hau hartzen da beraz Heidelbergen sorrera data gisa. 1303an beste gaztelu bat eraiki zen herria hobeto babestu nahian eta 1386an Rupert I.a Palatinatukoak Heidelbergeko unibertsitatea sortu zuen, Alemaniako zaharrena eta Europako zaharrenetakoa dena.

Aro Modernoa

Heidelbergeko Unibertsitateak izugarrizko eragina izango zuen Humanismo eta Erreforma garaian, XV eta XVI mendeetan, eta batez ere Luteranismo eta Kalbinismoaren arteko gatazkan. Bertako liburutegia gaur egun oraindik Alemaniako liburutegi publiko zaharrena da.

Hogeita Hamar Urteko Gerraren barruan, 1622an Liga Katolikoak Heidelberg konkistatu zuen eta Bavariako Wittelsbach etxearen menpe gelditu zen. Gerra bukatzean hala ere Karlos Luis Palatinatukoak jabetza berreskuratu zuen. 1689an frantsesek oinordfekotza eskatuz hiria hartu zuten eta 1693an alde egin zutenean hiria ia erabat suntsitua gelditu zen. 1810an berreraikuntza lan handiak hasi zituzten eta 1815ean Austria, Errusia eta Prusiako erregeen arteko bilera bat antolatzeko gai izan zen hiria. Bilera horretan Napoleondar Gerrek eragindako sarraskiak zirela eta Aliantza santua egitea erabaki zuten.

XX mendea

Unibertsitatearen fama berriro zabaldu zen, bertan zeuden Weber eta Rohde bezalako humanistengatik. Hirugarren Reichean (1933-1945) Heidelberg Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialista egoitza sendoa izan zen. SS-entzako Thingstätte antzoki erraldoia eraiki zen. Bigarren Mundu Gerran ez zen kaltetua izan, ez baitzen ez industriagune ez eta garraiorako hiri garrantzitsua ere.

1945ean Unibertsitateak berriz zabaldu zituen bere ateak. 2006an bost biztanletik bat Unibertsitateko ikaslea zen eta 2007an Eliteko unibertsitatea izendatua izan zen, Alemanian dauden sei unibertsitate onenen artean sartzerakoan.

Ondasun nabarmenak

Marktplatz, alde zaharrean
  • Espiritu Santuaren eliza (Heiliggeistkirche): XV mendeko eliza gotiko protestantea.
  • Heidelbergeko gaztelua (Heidelberger Schloss): XIII mendean eraikitako gazteluaren aztarnak dira, izan ere tximistek birritan eta izandako gerrek sarritan suntsitu baitute. Hareharri gorriz eginiko gaztelu gotiko eta pizkundekoa da.
  • Alde zaharra (Altstadt): Königstuhl muinoaren azpian kokaturik dagoen erdigune barrokoa da. Hauptstrasse da kale nagusia, erabat peatonala, eta alboetan elizak, plazak (Merkatu plaza, Unibertsitatearen plaza...), Unibertsitatea eta Udaletxea (Rathaus), aurkitzen dira.
  • Harrizko zubia (Carl-Theodor-Brücke): Neckar ibaia gurutzatzeko 1786 eta 1788 artean eraiki zen zubia da. Dorre barrokoak ditu.

Jaialdiak

  • Otsailean Ball der Vampire (Banpiroen Jaia) ospatzen dute. Ihauterien antzeko jaialdia izaten da.
  • Martxo eta apirila artean Heidelberger Frühling musika klasikoaren jaialdia izaten da.
  • Irailean Ertaroko feria egiten dute.
  • Urria eta Azaroa artean Antzerkiak eta Jazz jaialdia izaten dira.
  • Gabonetan feria egiten da. Orduko gozo tipikoa txokolatezko Studentenkuss (ikasleen muxua) da.

Kirolak

Heidelbergeko kirol nagusia Errugbia da. Bundesligan parte hartzen duten bederatzi taldeetatik lau Heidelbergekoak dira. SC Neuenheimek bederatzi txapelketa irabazi ditu, Heidelberger RK taldeak zortzi, RG Heidelbergek lau eta TSV Handschuhsheimek bat.

Apirilean ospatzen den Heidelbergeko maratoi-erdia ere arrakastatsua da.

Hiri senidetuak

Heidelberg ondorengo hiriekin senidetuta dago:

Erreferentziak

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Heidelberg Aldatu lotura Wikidatan