Helen Hayes
Helen Hayes estatubatuar antzezlea izan zen (Washington, 1900 - Nyack, 1993). Estatu Batuen historiako antzerki-antzezle onenetakoa izan da. Bost urte besterik ez zituela egin zuen debuta antzezle gisa, eta ospe handia lortu zuen Washingtongo errepertorio-konpainia batean. New Yorken, 1908an egin zuen estreinaldia, Holandar zaharra komedia musikalean. Zenbait obratan parte hartu zuen Broadwayn, baina bere paperik famatuena Viktoria Regina (1935) obran jokatu zuen. Irratian eta telebistan lan egiteaz gainera, film askotan parte hartu zuen: Madelon Claudet-en bekatua (1931, antzezle onenaren Oscar saria irabazitakoa); Arrowsmith doktorea (1931, John Fordena); A Farewell to Armas (1932, Agur armei, Frank Borzage-rena); Anastasia (1956) eta Aireportua (1970, bigarren mailako antzezle onenaren Oscar saria irabazitakoa). Hiru autobiografia idatzi zituen: Zoriontasun dohaina (1965); Gogoetaz (1968); eta Nire bizitza hiru ekitalditan (1990).
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.
