Henri Sauguet

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Henri Sauguet, jaiotza-izenez Henri-Pierre Poupard (Bordele, Frantzia, 1901eko maiatzaren 18a - Paris, Frantzia, 1989ko ekainaren 22a) frantses musikagilea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konposizioa Joseph Canteloubekin ikasi zuen, Vaugourgoinen (1919). Handik urtebetera, Bordelen Les Trois taldea sortu zuen Louis Emié poetarekin, eta J.M. Lizotte musikagilearekin. Lehenengo kontzertuak eskandalua sortu zuen Bordeleko gizartean, eta orduan erabaki zuen ezizena erabiltzea.

1922an Parisen hartu zuen bizilekua, Charles Koechlinekin lanean hasi, eta berehala sartu zen hiri horretako arte-mugimenduan. Handik urtebetera, Darius Milhaudek Erik Satie aurkeztu zion, hiru musikagile gazterekin batera, Henri Cliquet-Pleyel (1894-1963), Roger Désormière (1898-1963) eta Maxime Jacob (1906-1978). Parade lanaren egilearen omenez eman zuten beren lehenengo kontzertua 1923an. Kontzertu horretan sortu zuen Marcelle Meyer piano-jotzaileak Saugueten Trois Françaises. Satieren iritziz talde hura Les Six taldearen ondorengoa zen. Baina taldea 1925ean desegin zen.

Hala eta guztiz ere, Sauguetek oinarrizko ideiekin jarraitu zuen lanean, alegia, akademizismoa eta erromantizismoa baztertu eta soiltasuna bilatu. Berehala nagusitu zen Parisko aretoetan, eta Étienne de Beaumont izan zuen babesle. Saugueten lehenengo arrakasta opera bufo bat izan zen, Le Plumet du coloner ("Koronelaren luma mototsa"). Ondoren Diaghilevek La Chatte ("Katua") balleta eskatu zion, eta Ida Rubinsteinek David.

Bere lan nagusiak eszenatokietarako egin zituen: lirikan, La Contrebasse (1930, "Kontrabaxua"), La Chartreuse de Parme (1939, "Parmako kantaria"), Les Caprices de Marianne (1954, "Marianneren apetak"), Le Pain des autres (1974, "Besteen ogia"); koreografiari dagokionez, hogeita zazpi ballet idatzi zituen, Les Forains (1945, "Atzerritarrak"), La Rencontre (1948, "Elkartzea"), La Dame aux Camélias (1957, "Kamelien dama") eta abar.

Irrati eta telebistarako hainbat eta hainbat partitura idatzi zituen. Zinemarako ere egin zituen lanak, besteak beste, Marcel L´Herbierren L´Épervier (1933, "Gabiraia"), Louis Daquinen Premier de cordée (1944, "Kordadako lehena"), Henri Calefen L´Heure de vérité (1965, "Egiaren ordua"). Lau sinfonia idatzi zituen, biolin, piano, biolontxelo, harmonikarako kontzertuak, kantatak, ehun melodiatik gora. 1957. urtean Italia saria eman zioten Le Prince et le Mendiant ("Printzea eta eskalea") balletagatik; idazle eta musikagile dramatikoen elkarteko presidente izan zen, 1969tik 1970era bitartean, besteak beste, eta 1976an Darius Milhauden ondorengo izan zen Frantziako Institutuan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]