Henry Wadsworth Longfellow

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Henry Wasdworth Longfellow

Henry Wadsworth Longfellow Ameriketako Estatu Batuetako poeta izan zen (Portland, Maine, 1807 - Cambridge, Maryland, 1882). Hizkuntza irakaslea izan zen Harvard Unibertsitatean. Outre-Mer (1834-1835, Itsasoz haraindian) bere lehen obran Europan (Frantzia, Espainia, Italia, Alemania) izan zeneko gorabeherak agertu zituen. Voices of the night (1839, Gaueko ahotsak) bildumako zenbait poema oso ezagun egin ziren. Evangeline idazlanean (1847) berriz, akaiarren aurkako esetsaldi mingarria islatu zuen. Longfellowen obrak arrakasta handia izan zuen XIX. mendean zehar Estatu Batuetan eta Europan. Harenak dira halaber, The Song of Hiawatha (1855, Hiawathako kantua, B. Hidalgok euskaratua) eta The Tales of a Wayside Inn (1863, Errepide ondoko ostatuko ipuinak) obrak.

EEBBetako literaturaren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendearen hasieran, Estatu Batuek ez zuten "kultura" berezirik. Literatura, artea eta musika Europatik zetozen, Ingalaterratik bereziki. Ez zirudien Europatik ez zetozen gauzek batere merezi zutenik. Baina 1815-1865 urteetan, kulturaren loraldi bat gertatu zen Ingalaterra Berrian, N. Hawthorne, H. W. Longfellow, R.W. Emerson, H.D. Thoreau, O.W. Holmes, eta W. Prescott idazleen lanarekin. Idazleok adiskideak ziren Longfellow eta Hawthorne ikaskideak izan ziren Bowdoin Collegen, eta Hawthornek eman zion Longfellowri Evangeline bere poema famatuenetako baten ideia. Biak ziren Ingalaterra Berriko historiaren protagonisten ondorengoak. Alabaina, pertsona eta idazle ezin desberdinagoak izan ziren, beren obra bezalaxe. Longfellow eta bere obra baikorrak dira; bizitzaren -Amerikaren- pozari eta edertasunari kantatzen diote, eta horrek eman dio arrakasta; Hawthornek, Salerago sorginen epaile baten ondorengoa bera, Salemen bertan jaioa, bizitzaren -berriz ere Amerikaren, Ingalaterra Berri puritanoaren- alderdi ezkutua, iluna, beldurgarria erakusten du, idazle amerikar handienek, E.A. Poek eta W. Faulknerrek jarraituko zuten bidetik, eta horrexegatik dago Hawthorne, eta bereziki haren Letra eskarlata, oraindik indarrean.

Henry Wadsworth Longfellow[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Henry Wadsworth Longfellow da amerikar poeta ezagun eta maitatuenetako bat, Ipar Amerikan bereziki. Estatu Batuetan askok eta askok buruz dakizki Longfellowen poemetako batzuk. Bi arrazoi dira Longfellowen poesiaren ospea eta esanahia argitzen dutenak. Lehenbizi, errima errazaren dohaina zuen. Behin edo bitan irakurri -eta, batez ere, entzun-, eta buruan geratzen dira haren errima eta konpasa, baita hitzak aspaldian ahaztu direnean ere. Bigarren, Longfellowen gaiak era guztietako irakurleak erakartzen dituztenetakoak dira, eta guztiz errazak dira ulertzen. Ororen gainetik, Longfellown poemetan bizipoza eta baikortasuna nagusitzen dira, eta sentimendu horiek segituan iristen zaizkio irakurleari. Amerikar idazleen artean aurrenekoetakoa izan zen bertako gaiak lantzen.

Longfellowen Hiawathako kantua, B. Hidalgok euskaratua
Longfellowen Hiawathako kantua, B. Hidalgok euskaratua

Ameriketako gertalekuen eta paisaien gainean idatzi zuen, amerikar indiarren gainean (The Song of Hiawatha Lhiawatharen kantua), eta amerikar historia eta usadioen gainean Miles Standishen ezkongai aldia, Evangeline.

Longfellow 1807an jaio zen Portlanden, Mainen. Txiki-txikitandatik ikusi zitzaion idazketa eta hitzen soinuekin jolastea zituela dohain eta zaletasun nagusiak. Amak ozen irakurri ohi zien berari eta bere anai-arrebei Ossian heroi gaelikoaren erromantzea. Henry gazteak On Kixote zuen liburu gogokoenetako bat; baina Washington Irvingen Sketch Book maite zuen guztien gainetik.

Longfellowren aitak semea, bera bezala, legegizona izatea nahi zuen. Baina Longfellowek hemeretzi urte zituenean, Bowdoin Collegen ikasten ari zela, Hizkuntza Modernoetako katedra bat sortu zen bertan. Graduatu berria baitzen, berari eskaini zioten lehen irakasle postua, eta denboraldi bat eman zioten Europan bidaiatu eta ikasteko.

1826ko maiatzean abiatu zen Europara. Unibertsitateetan garrantzi handiko ikastaroak egin zituen arren, nahiago izan zuen nekazariekin eta merkatariekin nahastu, eta haiexekin jarduten zuen. Espainian, Italian, Frantzian, Alemanian eta Ingalaterran barrena ibili ondoren, 1829an itzuli zen Ameriketara. Hogeita bi urterekin hasi zen irakasle lanetan. Ikasleei, eta oro har amerikarrei, Europako literatura ondorengotza zabaldu zien. Beste modu batera ikusarazi zien, amerikarrak zordun ziren neurrian, Espainiako, Frantziako eta Italiako literatura, eta bereziki alemaniar, Europa Iparraldeko eta islandiar kulturak.

1831n eskola-garaitik ezagutzen zuen Mary Storer Potter-ekin ezkondu zen.

1834an, katedra bat eskaini zioten Harvarden, eta berriz ere Europara joan zen lan hartarako prestatzera, emaztearekin oraingoan. Bidaia hura ordea tragedian amaitu zen, emaztea hil baitzitzaion Rotterdamen. Bakarrik itzuli zen Cambridgera; handik zazpi urtera, berriz ezkondu zen, Frances Appleton-ekin. Urte haietan lan asko egin zuen: Hyperion prosazko erromantzea argitaratu zuen, eta Voices of the Night (Gaueko ahotsak), lehen poema-liburua. Berriz Europara joanda, The Spanish Student (Espainiar ikaslea) idatzi zuen.

Evangeline 1847an argitaratu zen, eta oso harrera ona izan zuen. Arrakasta hura zela eta, 1854. urtean irakasle-lanak utzi zituen huts-hutsik idazten aritzeko. Urte hartantxe hasi zuen Hiawatharen kantua. Oso harrera ona izan zuen. Aurreneko aldiz amerikar literaturan, indiar gai batek, bere irudimenagatik, indarragatik eta originaltasunagatik, irakurlea erakarri zuen.

1858an argitaratu zen Miles Standishen ezkongai aldia. Izugarrizko arrakasta izan zuen: lehen astean, hogeita bost mila ale saldu ziren.

1861ean, istripu batean, bigarren emaztea hil zitzaion. Handik aurrera erlijioak leku inportanteagoa izango zuen Longfellowren lanean, eta Danteren Divinna Comedia itzuli zuen ingelesera. Hurrengo urteetan ohore asko jaso zuen: Honoris Causa sariak eman zizkioten Oxforden eta Cambridgen, Errusiako Zientzia Akademiako eta Espainiako Errege Akademiako kide egin zuten, besteak beste. 1882. urtean hil zen Cambridgen, Massachusettsen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Henry Wadsworth Longfellow Aldatu lotura Wikidatan