Heraklio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Heraklio

bizantziar enperadore

610eko urriaren 5a - 641eko otsailaren 11
Fokas - Konstantino III.a
Bizitza
JaiotzaKapadozia, 575 (egutegi gregorianoa)
Herrialdea Bizantziar Inperioa
HeriotzaKonstantinopla641eko otsailaren 11 (egutegi gregorianoa) (65/66 urte)
Familia
AitaHeraclius the Elder
AmaEpiphania
Ezkontidea(k)Fabia Eudoxia
Martina (en) Itzuli
Seme-alabak
Anai-arrebak
LeinuaHeraclian dynasty (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria

Find a Grave: 40371788 Edit the value on Wikidata

Heraklio (latinez: Flavius Heraclius Augustus, grezieraz: ΗράκλειοςHērakleios; Kapadozia, 575Konstantinopla, 641eko otsailaren 11) Bizantziar Inperioko agintaria zen, 610eko urriaren 5etik hil zen arte.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heraklioren aita, Heraklio izen bera zuena eta Heraklio zaharra izenez ezaguna, jatorriz armeniarra Maurizio agintariaren zerbitzupean jeneral garrantzitsu bat izan zen 590. urtean Persia eta Bizantzioren arteko gudan, honen ostean Kartagoko exarka izendatu zuten, hau da Kartagoko probintziako lehendakaria, botere asko lortu zuelarik. Heraklioren jaiotza non gertatu zen oso argi ez badago ere bere gaztaroa Afrika iparraldean igaro zuen.

Tronuratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

608. urtean Heraklio zaharra eta bere anaia Gregorio kontrolpean zuten Kartagoko exarkatutik Konstantinoplan zegoen Fokas agintariaren aurka matxinatu ziren Fokasek sei urte lehenago Mauriziori tronua kendu ziolako. Garai hartan Kartagon ekoizten ziren txanponetan, bi anaiak kontsul erromatarren dohainekin ageri ziren. Agintari titulua eskatzen ez zuten arren, armada eta flota bat antolatu zuten. Nizetasek, Gregorioren semeak, lurretik Egipto eraso zuen eta 609. urtean Fokasek hara bidalitako Bonosus generala garaitu zuen matxinatuek Niloko probintzia bereganatu zutelarik. Heraklio gazteak flotaren agintea hartu eta Sizilia eta Txipretik pasa ostean Konstantinoplara heldu zen. Hiriburutik gertu zegoenean hirian sarrera erraztuko zioten aristokrata garrantzitsu zenbaitekin hitz egin zuen. Harresira iritsi zenean hiria gordetzen zuten Exkubitoreak (Prisko Fokasen suhiak kontrolatzen zituen elitezko guardiak) Heraklioren alderdira pasa ziren eta hala hirira erresistentzi gabe sartu zen. Herakliok berak exekutatu zuen Fokas.

Heraklio 610. urteko urriaren 5ean agintari kortoatu zuten jauregi inperialeko San Ezteberen kaperan. Handik gutxira bere andregai Fabiarekin ezkondu zen emazteak Eudozia erregina-izena hartu zuelarik. Bizantziarrek asko maite zuten Eudozia 612. urtean hil zen Heraklio bere iloba Martinarekin ezkondu zelarik.

Persiako guda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herakliok Kosroes II.a garaitu zuenekoa erakusten duen irudia
Sakontzeko, irakurri: «Bizantziar-sasandar gerra (602-628)»

Herakliok boterea lortu zuenean inperioaren egoera ez zen batere xamurra. Alde batetik Fokasek Maurizioren kontra buruturiko matxinadak Danubioko muga babesik gabe utzi zuen abaroak Balkanetako penintsulan sartzea ahalbidetuz, bestetik ekialdeko mugan Kosroes II.a Pertsiako agintariak Maurizio bere aliatu ohiaren erailketa Bizantzioren aurkako guda hasteko aitzakiatzat hartu zuen. Persiako Sha-aren gortean Teodosio izeneko erregegai bat bizi zen Maurizioren semea zela zioena eta persiarrak Teodosio tronuratu nahian zebiltzan. Guda hau Fokasen garaietan hasi zen persiarrek lehen garaipenak lortu zituztelarik besteak beste Siriaraino ailegatuz. Heraklio agintari bihurtu baino urte bat lehenago Shahrbaraz jeneral persiarrak Antiokia konkistatu zuen.

Heraklio bake akordio bat lortzeko ahaleginetan aritu bazen ere Kosroesek ez zion jaramonik egin agintari izateko eskubiderik ez zuela arbuiatuz. Heraklioren lehen erabaki militarrek ez zuten ezer onik lortu persiarrak mendebaldera pixkanaka pixkanaka hurbiltzen ziozelarik. 613. urtean Damasko galdu zuen, 614. urtean Jerusalen non persiarrek Hilobi Santuaren eliza kaltetu eta Ktesifonra eraman zituzten erlikia kristau ugari bereganatu zituzten, besteak beste Gurutze Santua. Jerusalenen ostean Egipto konkistatu zuten, Bizantzioren zereal iturri nagusia, eta Anatolian tarteka sarraldiak egiten hasi ziren; Kaltzedoniaraino iritsi ziren, Bosforoaren ekialdeko ertzean. Zenbait iturriren arabera Konstantinoplatik bertatik ikus zitezkeen persiarren kanpamentuetako gaueko suak, bai eta su haiek uretan egindako isla.[1]

Inperioaren estualdia ikusirik Heraklio hiriburua Kartagora aldatzeko puntuan egon zen azkenean bere horretan utzi bazuen ere armadaren berrantolaketari ekin ziolarik. Oso argi ez badago ere Heraklio inperioa themata izeneko probintzietan banatu zuela uste da, zenbait iturriren arabera banaketa Konstante II.aren lana izan zelarik. Probintzia berri hauek aldi berean eskualde militar ziren eta euren lehendakaritza strategos zeritzan buruzagi militar baten eskuetan zegoen.

Armada berrantolatu ostean Heraklio bera aritu zen armadako buruzagi lanetan persiarren aurkako guda zuzendu zuelarik; Teodosio I.aren garaietatik halako lanetan zebilen lehen agintaria izan zen. Konstantinopla aski babesturik zegoela bermatu ondoren higidura-guda bati uko eginez etsaia zuzenean eta lehenbailehen erasotzea erabaki zuen. 622. urteko udaberrian itsasoz Issoseraino bidaiatu zuen Persia berbera inbaditzeko asmoz. Udazkenean Kapadozian nonbait Shahrbaraz garaitu zuen eta zenbait urteetan zehar frontea ekialderantz mugitu zuen kanpaina burutu zuen.[2] 626. urtean agintaria frontean zen bitartean abaroek, persiarrekin aliatu ostean Konstantinopla eraso eta setiatu zuten. Bizantzioko armadak persiarrek abaroak lagun zitzatela ekidin zuen eta hiritarrak Sergio patriarkaren zuzendaritzapean erasoei aurre egin zieten abaroek setioa desegin zuten arte. Bere aldetik Herakliok khazariar eta beste zenbait herri turkiarren laguntza lortu zuen eta Sasanidarren inperio barneko hika mika eta gatazkak areagotzearren aritu zen. Shahrbarazek Kosroes bere inbiditan zela eta horregatik erail zezatela agindu zuela sinistea lortu zuen jenerala neutral mantendu zelarik. 627. urtean Bizantziarrek Niniveko guduan Razatesen agindupean zegoen Pertsiako armada garaitu zuten. Garaitua izan arren Kosroes bake akordioak sinatzeari uko egin zion Heraklio Ktesifoneraino, Inperio Pertsiaren hiribururaino, heldu zen arte. Bizantziarrak hiriburu bertaraino iritsi baino lehenago persiar aristokratek estatu kolpea jo eta Kosroesen semea zen Kavadh II.a izendatu zuten agintari. Persiako Sha berriak Bizantziori harturiko lurralde guztiak itzuli zituen eta bake akordio bat sinatu behar izan zuen. Sasandar dinastiak ez zuen guda aurretik zuen bezainbeste botere berreskuratu eta hura dekadentzia aro baten hasera izan zen. Garaipen itzel honen ondorioz 628. urteko irailaren 14ean Heraklio Konstantinoplara triunfoaren ohoreekin itzuli zen antzinako jeneral erromatarren antzera.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muhammad profetaren margo bat

Persiarrak garaitu ostean Herakliok "Erregeen Errege" titulu pertsiar hartu zuen tradizioz agintari bizantziarren Augustus tituluaren ordez. Handik gutxira basileus, grezieraz errege edo agintari hitzen parekoa, titulua egotzi zioten handik aurrera agintari bizantziarrek jasoko zutena. Herakliok greziera inperioko hizkuntza nagusi bihurtu zuen latinaren ordez Bizantzioren helenotasuna areagotuz.

630. urtean Heraklio bere agintaldiko botere erakusketa handiena burutu zuen Jerusaleneraino bere garaipenak ospatzera joan eta Gurutze Santua (Vera Cruz) Hilobi Santuaren Elizara itzuli zuenean. Garai hartan aurrerantzean bizantziarren etsai izango ziren tribu arabiarrak Muhammad profetaren doktrinapean batu ziren inperio baten hedatze azkarrenetakoari hasera emanez. 634. urtean arabiarrek Siria eta Palestina eraso zituzten Herakliok gaixo zegoenez bere ordez bidalitako jeneralak garaituz. 636ean arabiarrek beraiena baino handiagoa zen armada bizantziar bat garaitu zuten Yarmukgo batailan, Bizantziok ez zituen Siria eta Palestina sekula berreskuratuko.[3] Heraklio hil zenerako Egiptoko inbasioa hasia zen eta arabiarren kontrolpean zen probintziaren zati handi askoa.

Bere agintaldiaren bukaeran zenbait probintzia galdu arren Heraklio bizantziar agintari garrantzitsuenetakoa izan zen. Inperioa hilzorian jaso zuen eta armada eta administrazioaren birmoldaketari esker Persiarrei berebiziko jipoia eman zien eta gauzak arabiarren erasoei aldi batez eusteko prest utzi zituen Ekialde Hurbil eta Ipar Afrikan. Arabiarrek 60 urte behar izan zituzten lurralde hauek bereganatzeko.

Erlijio kontutan kristoren izatearen inguruko sekulako eztabaida zegoen Inperio Bizantziarrean. Herakliok monofisismoaren heresia eta ortodoxia kristauaren arteko konpromisozko erabaki bat hartu zuen eta Sergio patriarkak predikatzen zuen monotelismoa inposatu nahi izan zuen. Joan IV.a Aita Santuak monotelismoa ere heretikoa zela erabaki zuen eta honek Bizantzio eta Vatikanoaren arteko urteetako ezinikusia ekarri zuen. Azkenean arabiarrek Afrika iparraldeko probintziak konkistatu zituztenean monofisismoak soilik probintzia hauetan indarra zuenez monotelismoa alde batera utzi zen inperio eta Aita Santuaren arteko harremanak hobetu zirelarik.

Heraklio hil zenean bere bi emazteekin izandako seme nagusiek boterea batera jaso zuten, Eudoziaren seme zen Konstantino III.a eta Martinaren seme zen Heraklonas. Agintearen bikoiztasunak arazo ugari ekarriko zituen Heraklioren bi semeen agintaldia labur askoa izan zelarik azkenean Konstantino III.aren seme zen Konstante II.a izango zen berriro inperioari nolabaiteko egonkortasuna ekarriko ziona.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Dodgeon, Michael H.; Greatrex, Geoffrey; Lieu, Samuel N. C.. (2002). The Roman Eastern Frontier and the Persian Wars (Part II, 363-630 AD). Routledge ISBN 0-415-00342-3..
  2. (Ingelesez) Farrokh, Kaveh. (2007). Shadows in the desert: ancient Persia at war. Osprey Publishing ISBN 1-84603-108-7..[Betiko hautsitako esteka]
  3. (Ingelesez) Kaegi, Walter Emil. (1995). Byzantium and the early Islamic conquests. Cambridge University Press ISBN 0-521-48455-3..


Aurrekoa
Fokas
Bizantziar agintaria
610 -641
Ondorengoa
Konstantino III.a
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Heraklio Aldatu lotura Wikidatan