Herbehereetako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Leo Belgicus, Herbehereak lehoi baten gisa irudikatzen dituen XVII. mendeko mapa.

Herbehereetako historia duela 150.000 urte baino lehenago hasi zen, gizakien lehenbiziko aztarnekin. Lurralde horretako biztanleei buruzko aurreneko iturri idatziak Antzinako Erromaren garaikoak dira.[1] Herbehereak monarkia parlamentario konstituzionala dira, gobernuburu batekin —lehen ministroa— eta estatuburu batekin —errege edo erregina—. Ministro-kontseilu batek du botere exekutiboa. Herrialdea 12 probintziatan eta 388 udalerritan banatuta dago. 22 zonalde hidrografikotan ere banatua dago, uraren kudeaketaren arloan agintea duen batzorde betearazle batek zuzentzen dituenak. Herbehereek itsasoz haraindiko 6 herrialde eta lurralde ere hartzen dituzte Karibean. Lurralde horiek ez dira Europar Batasunekoak.[2]

Erromatarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelta eta germaniar leinuko herriak bizi ziren Rhin ibaiaren hegoaldean Erromak konkistari ekin zion garaian (K. a. I. mendea). Erromatarrek lurralde hau okupatu zuten, hasieran Galia Belgika eta geroago Germania Beherea probintzietan sartuta. V. mendean, Mendebaldeko Erromatar Inperioaren gainbeherarekin, populazio horiek Rhin ibaiaz bestaldeko etorri berriko germaniarrekin nahastu ziren.[1]

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Germaniar herri batek, frankoak, Herbehereen hegoaldean hartu zuen bizilekua eta VII. mendearen bukaeran Herbehereak bereganatu zituen. Frankoen nagusitasuna erabatekoa izan zen Karlomagnoren agintaldian (768-814): merkataritza sustatu, eta legeak eta admistrazioa antolatu zituen berriro. IX. mendearen erdialdean, Luis I.a Errukitsua hil zenean, Karlomagnoren inperioa zatikatu egin zen. Mendebaleko erresuma frankoa, Herbehereak barne, Lotario I.ari egokitu zitzaion. 962. urtean, Herbehereak Germaniako Erromatar Inperio Santuaren barnean geratu ziren. Erdi Aroan zehar, jaun feudalen eta erregearen arteko harremana ahulduz joan zen heinean, Herbehereetako eskualdeen independentzia maila handitu egin zen.

Independentziarako borroka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Laurogei Urteko Gerra»

XVI. mendearen hasieran, Herbehereak, Espainiako Habsburgoko etxearen mendeko probintzia bihurtu ziren. Erreforma garaian, kalbinismoak indar handia lortu zuen Herbehereetan. Kontrarreformarekin erlijio-aniztasuna bertan behera uzteak eta Filipe II.a erregeak ezarritako politika gogorrak herriaren matxinada, Gilen Orange-Nassaukoa buru zelarik, izan zuen ondorio. 1579. urtean, iparraldeko probintziek Espainiatik bereizi eta Herbehereetako Probintzia Batuak eratu zituzten. Espainiaren eta Probintzia Batuen arteko gerrak –su-etenak ere izan ziren tarteka– jarraitu zuen, 1648an, Münsterko Itunean, Espainiak probintzien independentzia onartu zuen arte.

Amsterdamdarrak Münsterko Ituna ospatzen. Bartholomeus van der Helsten margolana (1648)

Urrezko aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Herbehereetako Urrezko Aroa»

Gerra garai horietan, urrezko aroa ezagutu zuten Herbehereek. Zazpi Herbehere Batuen Errepublikaren indar ekonomikoa haziz joan zen, Europako merkataritzaren nagusitasuna lortu eta mundu osoan zehar koloniak eta merkataritza tokiak ezartzeraino. Kolonien jabegoari buruzko istiluak zirela eta gerra piztu zen holandar eta ingelesen artean (1652-1654). 1688. urtean Ingalaterrako parlamentuak herriaren ardura hartzera deitu zituen Gilen Orangekoa eta honen emazte Maria. Gilen Ingalaterraren eta Herbehereen indarraz baliatu zen Luis XIV.aren Frantziarekin gerran hasteko.

XVIII. mendean, Herbehereen nagusitasuna ahulduz joan zen, eta merkataritza Ingalaterraren mendean geratu zen, gero eta gehiago.

XIX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1795. urtean Frantziako Iraultzako gudarosteek Probintzia Batuak hartu eta Bataviako errepublika eratu zuten haiekin. Frantsesen nagusitasuna 1814an bukatu zen, Gilen V.a Orange-Nassaukoak (Gilen I.a Herbehereetakoa) Herbehereetako Erresuma Batuaren aginpidea hartu zuenean. Belgika eta Luxenburgo erresumaren barnean egon ziren 1830. urtean independentzia iritsi zuten arte. Gilen II.a eta Gilen III.aren agintaldietan konstituzio monarkia sendotu zen, nahiz eta horren aurka agertu zen muturreko zenbait erlijio sektore. Mende honetan industrializazio handia izan zuen, Alemania eta Frantziaren adinakoa.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rotterdam 1940an, alemaniar airetiko bonbardaketaren ostean.

Gilermina erreginaren agintaldi luzean (1890-1948) erakunde demokratikoak sortu ziren. Lehen Mundu Gerran neutrala mantendu zen. Baina Bigarren Mundu Gerran, Alemania Naziak 1940. urtean okupatu egin zuen, 1945 arte. Gerra ostean, ekonomiak gora egin zuen eta Benelux elkarteko kide bihurtu (Belgique, Nederland, Luxembourg). Era berean Ikatz eta Altzairuaren Europako Erkidegoaren (IAEE) kide bihurtu zen, Europar Batasunaren aitzindaria.

1980. urtean, Juliana erreginak abdikatu egin zuen bere alaba Beatrizen alde (1938an jaioa). Ruud Lubbers Lehen Ministroak gidatu zuen eskuin-zentroko lehen gobernu koalizioa (kristaudemokratek eta liberalek osatua) 1982-1989 urteetan, eta bigarren koalizio bat, zentro-ezkerrekoa (kristaudemokratek eta sozialistek osatua) 1994. urtera arte. Ekonomia atzerapenak sortutako tentsioak gorabehera, gobernuak politika ekonomiko estua bultzatu zuen, 1984tik aurrera ekonomiaren berrindartzea ekarri zuena. Europar Batasunaren aldekoa izanik, Herbehereen gidaritzapean gauzatu zen Maastrichteko Ituna (1991).

1994tik aurrera, Wim Kok izan zen koalizio gobernuaren burua, laboristek, erreformazaleek eta liberalek osatua. 1999ko maiatzean, senatuak erabaki zuelarik ez zuela babestuko konstituzioa berrikusteko gobernu proiektua, krisi politiko larri bat sortu zen, eta gobernu osoak dimisioa aurkeztu zuen. Alabaina, ekainaren hasieran, koalizioko hiru alderdiek adierazi zuten konponbidera iritsi zirela, eta ez zen hauteskundeak aurreratzeko beharrik izan.

XXI. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002an gobernu osoak uko egin zion aginpideari, onartu baitzuen erantzukizuna izan zuela 1995ean Srebrenican gertatutako sarraskian. 2003. urtearen hasierako hauteskundeetan Alderdi Demokrata Kristauak lortu zuen gehiengoa. Hala ere, koalizio gobernua osatu zuen hurrengo bi alderdiekin. Jan Peter Balkenende hautatu zuten lehendakari, eta zerga defizitari eta langabeziari aurre hartuko ziola adierazi zuen. 2005eko erreferendumean Europako Konstituzioari uko egin zioten herbeheretarrek.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) «Historia de Países Bajos - Lonely Planet» www.lonelyplanet.es (Noiz kontsultatua: 2022-01-27).
  2. (Gaztelaniaz) «Países Bajos» european-union.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2022-01-27).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]