Herbig Haro objektua

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
HH47 Herbig Haro objektua. Adierazitako eskalak, 1000 unitate astronomiko adierazten ditu, gure Eguzki sistemaren halako 20

Herbig Haro objektuak (ohi HH objektuak deituak), eratu berri diren izarrekin lotutako nebulosak dira. Nebulosa hauek oso iraupen laburrekoak dira, milaka urte gutxi batzuk baino ez, eta erdiko izarrak jaurtitako gasaren eta gas eta izarrarteko hautsez osaturiko hodeien arteko elkarreraginagatik sortzen dira, zenbait kilometro segundoko abiadan talka egin eta gasa ionizatuz. HH objektuak, denboran oso aldagarriak diren objektuak dira, eta modu nabarmengarrian eboluziona dezakete urte gutxi batzuetako denbora eskala laburretan, Hubble espazio teleskopioaren behaketa ugarik adierazi duten bezala.

Objektu hauek, lehen aldiz, XIX. mendearen amaieran ikusi zituen Sherburne Wesley Burnhamek, baina, 1940ko hamarkadararte ez ziren euren berezitasunak ezagutu igortze nebulosen artean. Xehetasunez aztertu zituzten lehen astronomoak, George Herbig eta Guillermo Haro izan ziren. Herbige eta Haro, modu independentean lanean zebiltzan izar eraketari buruzko ikerketetan. eta Herbig Haro objektuak, izar eraketaren eta honek izarrarteko ingurunearekin duen elkarreraginaren ondorio bezala identifikatu zituzten lehenak izan ziren. Bi astronomo hauek, HH motako lehen hiru objektuak identifikatu zituzten 1946 eta 1947an, Oriongo NGC 1999 nebulosaren irudietan.

Ezaugarri fisikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herbig Haro objektu baten eraketaren diagrama eskematikoa

1980ko hamarkadaren hasieran, behaketek, HH objektuen igortze zurruztada erako izaera zehaztu zuten. Eratzen ari diren izarrak, sarri, erdiko izarra elikatzen duten disko zirkumestelarretaz edo akrezio diskoz inguratuak daude. Disko hauek, izarraren bizitzako lehen ehundaka milaka urteetan mantentzen dira, eta diskoarekiko perpendikularrak diren plasma (gas ionizatua) zurruztada erako igortze fenomenoak eragiten dituzte. Igortze zurruztada hauek izarrarteko ingurunearekin talka egiten dutenean, azken hau ionizatzen dute, Herbig Haro objektuetan behatutako igortze patroi dizdiratsuak eraginez.

Ohiko HH objektu batean jaurtitako masa, Lurrarenaren halako 1 eta 20 bitartekoa da, kopuru oso txikia, izarraren masa osoarekin alderatuz. HH objektua osatzen duen materialaren tenperaturak, 8.000 eta 12000 kelvin ingurukoak dira, ionizatutako beste nebulosa batzuetan ikusitako tenperaturen antzekoak, H II tokiak edo nebulosa planetarioak bezala. Gune dentsoak izateko joera dute, zentimetro kubikoko milaka edo hamarnaka milaka partikulekin, H II guneetan eta nebulosa planetarioetan ohikoa den zentimetro kubikoko 1000 partikula baino gutxiagoko dentsitatearekin alderatuz.

HH1 eta HH2 HH objektuak, argi urte bateko distantziak banatuak daude, materiala ardatz polarraren norantzan jaurtitzen duen erdiko izarrarekiko modu simetrikoan banatuak.

HH objektuak, nagusiki hidrogeno eta helioz osatuak daude, elementu astunagoetan duten masa %1ekoa baino ez den bitartean. Erdiko izarretik gertu, HH objektua osatzen duen gasaren %20 eta 30 bitartean dago ionizatua, proportzio hau, distantzia urruntzen doan heinean jeisten doalarik. Honek, materiala, zurruztada polarrean ionizatua dela esan nahi du eta izarretik aldentzerakoan birkonbinatzen da, beranduago, izarrarteko ingurunearekin talka eginda ionizatu beharrean. Bigarren fenomeno hau, hala ere, batzuetan gertatzen da, zurruztaden muturretan, gune hedatu dizdiratsuak eratuz.

HH objektuen banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun HH motako 900 objektu inguru ezagutzen dira. Arruntak dira gas ionizatuzko guneetan (H II guneak) izar eraketa presentziarekin eta taldeetan aurkitzen ohi dira. Horietako asko, Boken globuluetatik gertu daude (sarri, eratzen ari diren izarrak dituzten nebulosa ilunak). Sarri, HH objektu ugari ikusten dira energia iturri bakar batetik gertu, izar nagusiaren ardatz polarraren proiekzioan objektu kate bat eratuz.

Estimazioren batzuk, gure galaxian 150.000 HH objektu inguru egon daitezkeela adierazten dute, horietako gehienak, egungo tresnekin ikusi ahal izateko urrutiegi egongo liratekeenak. HH objektu gehienak, izar nagusitik 0,5 parsec baino gutxiagora daude, gutxi batzuk baino ez daudelarik parsec 1 baino gehiagora materiala dutenik.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Herbig Haro objektua Aldatu lotura Wikidatan