Hesteetako hanturazko gaixotasun

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Hesteetako Hanturazko Gaixotasuna (HHG) digestio-aparatuaren eritasun kronikoa da. Kontzeptu honen barnean bi gaitz biltzen dira: ultzeradun kolitisa eta Crohn gaitza.

Jatorri ezezaguneko digestio-aparatuko hantura kronikoa eragiten du, agerraldi eta gutxiagotzeak tartekatuz.

Epidemiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuri eta juduengan maizago agertzen den gaixotasuna da, batez ere 15-30 eta 60-80 urte bitartetan, baina bizitzako edozein momentutan azal daiteke. Emakume eta gizonen artean modu berdintsuan gertatzen da, desberdintasun garrantzitsurik gabe. Ultzeradun kolitisa ez-erretzaileengan agertu ohi da eta tabako eta ahotiko antisorgailuek aldiz, Crohn-en gaixotasuna izateko arriskua handiagotzen dute. Hala ere hesteetako hanturazko gaixotasuna pairatzeko arrisku-faktore garrantzitsuena gaixotasuna duen senitarteko bat izatea da.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faktore ezezagun bat edo batzuek (mikrobio, antigeno, dietako osagaiak) zelula immunitarioak aktibatzen dituzte, hauek zitozina eta hantura bitartekariak askatuz. Teoria genetikoa proposatu da bi arrazoi kontutan harturik: alde batetik, lehen mailako senideen artean gaixotasuna pairatzeko arriskua handiagoa da; eta bestetik, gaixotasun mota, bilakaera eta kokapenak familia bakoitzaren barruan erlazioa dute.

HLA-DR2 ultzeradun kolitisarekin eta Crohn-en gaixotasuna 16. kromosoman kokaturiko gene batekin duten erlazioa deskribatu dira. Agerraldi akutuak infekzio, HKEE-ek (hanturakontrako ez esteroideo) edota estresak eragin ditzakete. Sarritan ultzeradun kolitisaren lehen agerraldia tabakoa uztean suertatzen da.

Anatomia patologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Crohn gaitzan digestio-aparatuaren edozein zati kaltetu daiteke, ahotik hasi eta uzkiraino, arruntena amaierako ileona, kolona edo biak mintzea delarik. Transmurala eta etena da, hau da, zati gaixoak zati osasuntsuekin tartekatzen dira. Mikroskopikoki, granuloma epiteloide ez nekrotizatzaileak zeinurik esanguratsuena da, fibrosiarekin batera. Mukosa-azpia gehien kaltetutako geruza da.

Ultzeradun kolitisean, aldiz, tipikoki kolon eta ondestea kaltetzen ditu baina ileonaren azken zatia ere kaltetu dezake. Kasu honetan lesioak etengabeak dira (ez dago zati osasuntsurik) eta mukosa bakarrik dago gaixo. Makroskopikoki azalgaineko ultzerak eta sasi-polipoak nabarmentzen dira. Mikroskopikoki abszesuak, metaplasia, kaliz itxuradun zelulen gutxitzea eta baskularizazioaren areagotzea ikusten dira.

Sintomak eta zeinuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beherakoa da sintomarik ohikoena. Bestela, tenesmoa, tripako mina eta sukarra sarriago pairatzen dute Crohn gaitzadunek.

Ultzeradun kolitisaren gaixoek, ordea, ondesteko odoljarioa maizago edukitzen dute.

Konplikazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Megakolon toxikoa, hesteetako odoljarioa, kolon-zulaketa eta minbizia dira ultzeradun kolitis-ean agertzen diren konplikazio arruntenak.

Crohn gaitzean, ordea, heste-butxadura (edema edo fibrosiagatik), uzki inguruko lesioak, fistula eta abszesuak dira.

Digestio-aparatuaz kanpoko klinika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Digestio-aparatuan gertatzen denaz gain hesteetako hanturazko gaixotasunak gorputzeko beste zenbait aparatu eta atal ere kaltetu ditzake:

1.- Artikulazioak: artritis periferikoa, giltzadura handiak kaltetzen ditu (belaunak, orpoak). Hesteetako gaixotasunaren agerraldiekin batera gertatzen da eta normalean hesteetako sintomak giltzaduretakoen aurretik doaz. Batez ere Crohn-en gaixotasunean ikus daiteke, digestio-aparatuaz kanpoko konplikazio arruntena izanik. Espondilitis ankilosatzaile eta sakroileitis-ak aldiz ez daukate zertan hesteetako gaixotasunarekin batera joan.

2.- Larruazala: eritema nudoso-a larruazaleko agerpen ohikoena da. Crohn-en gaixotasunean eta emakumeengan arruntagoa da eta hesteetako gaixotasunarekin batera agertzen da. Beste konplikazio batzuk: ultzera aftosoak, gangrenadun pioderma eta larruazaleko Crohn-en gaixotasuna.

3.- Begiak: epieskleritis-a, iritis-a eta ubeitis-a.

4.- Gibela: gibeleko esteatosia, gibel barneko kolangitis esklerosatzailea, lehen mailako kolangitis esklerosatzailea, kolangiokartzinoma eta hepatitis kronikoa.

5.- Beste batzuk: anemia hemolitiko autoinmunea, flebitisa eta biriketako enbolia, gaixotasunak sortzen duen hiperkoagulabilitate egoeragatik.

Diagnostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Proba analitikoak: leukozitosia, aldi akutuko erreaktanteen igoera, plaketen igoera eta hemoglobinaren jaitsiera aurki ditzakegu besteak beste.
  • Erradiologia soil batean ere zenbait zeinu ikus ditzakegu: ultzeradun kolitisean gaixo dagoen zatian ez dugu eginkari-hondarrik ikusiko; kasu oso aurreratuetan kolonaren diametroa estututa ager daiteke eta megakolonaren diagnostikoa egin dezakegu.

Bariodun erradiologia gaixotasunaren hedadura eta honekin agertzen diren lesioak definitzeko oso lagungarria da. Hala ere bere erabilera kontraindikatuta legoke aldi akutu eta megakolon toxikoan.

  • Endoskopia: Kolonoskopia diagnostikorako daukagun metodo sentikor eta espezifikoena da. Fase akutuan dagoen ultzeradun kolitisean kolonoskopia oso bat egitea ez da egokia, ondesteko biopsia bat egitearekin nahikoa litzateke hantura baieztatzeko.

Diagnostiko bereizlea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hesteetako hanturazko gaixotasunaren diagnostikoa egin baino lehenago beste gaixotasun batzuk baztertu beharko ditugu:

  • Ondesteko odoljarioak sor ditzaketen hainbat gaixotasun: odoluzkiak (hemorroideak), minbizia, polipo eta dibertikuluak, angiodisplasia.
  • Kolitis iskemikoa.
  • Heste suminkorraren sindromea.

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Oinarrizko tratamendua: gaixotasuna arina denean beherakoaren kontrako farmakoekin nahikoa da (difenoxilatoa, atropina eta loperamida). Kasu larrienetan aldiz baraua, zain-barnetiko kortikoideak, hidratazioa eta transfusioak beharrezkoak dira. Mantenu parenterala, Crohn-en gaixotasunean lehen mailako tratamendu gisa eraginkorra da baina ahotiko elikadura berriz ere sartzen denean berrerortze ugari gertatzen dira eta ez du inoiz tratamendu farmakologikoa ordezkatu behar. Beste alde batetik guztiz garrantzitsua da indarge dagoen gaixoa ebakuntza aurretik ondo prestatzea eta baita ere laguntza psikologikoa ematea.
  • Sulfasalazina eta aminosalizilatoak: Sulfasalazinaren osagai aktiboa azido 5- aminosalizilikoa da (5-ASA) eta sulfapiridina izeneko garraiatzaile bati loturik dago. Ikusi da alde batetik larritasun arin eta ertaineko koloneko gaixotasunean eraginkorra dela eta bestetik ultzeradun kolitis-aren gutxitzeak mantentzeko ere erabil daitekeela. Farmako honek toxikotasuna sulfapiridinari zor dio. Dosi menpekorrak diren 2. mailako ondorioak: goragalea, buruko mina eta gutxiagotan anemia hemolitikoa dira eta dosia gutxiagotzean hobetzen dira. Idiosinkrasiagatiko ondorioak sukarra, exantema, neutropenia, pankreatitis-a eta hepatitis-a dira, besteak beste. Aminosalizilato berriak sulfasalazina bezain eraginkorrak dira baina toxikotasun txikiagoarekin.
  • Glukokortikoideak: Gaixotasun larrian eta ileon eta kolona hartzen dituen Crohn-en gaixotasunean erabilgarriak dira. Epe luzera dituzten ondorioek erabilpen kronikoa zailtzen dute.
  • Immunogutxitzaileak: azatioprina eta 6-merkaptopurina dira. Kortikoide dosiak gutxitzeko eta fistuladun edota erantzuten ez duen Crohn-en gaixotasunean erabiltzen da (batzuetan 2-6 hilabete behar izaten dira emaitzak ikusteko). Toxikotasunari dagokionez pankreatitis-a, inmunoeskasia eta kartzinogenesia sor ditzake. Haurdunaldian ezin dira erabili.
  • Metronidazol-a: Koloneko gaixotasuna eta erantzuten ez duen uzki inguruko Crohn-en gaixotasunean eraginkorra izan daiteke. 2. mailako ondorioak neuropatia periferikoa, metal-zaporea eta kartzinogenesia dira. Haurdunaldian ekidin behar da. Beste antibiotiko batzuk, adibidez, ziprofloxazinoa; ileon eta uzki inguruko Crohn-en gaixotasunean erabilgarria izan daitezke. Abszesu eta kolitis fulminantean espektro zabaleko zain-barnetiko antibiotikoak eman behar dira.
  • Kirurgia: Ultzeradun kolitisak bestelako tratamenduei erantzuten ez dionean, megakolon toxikoa 24-48 ordutan farmako bidezko tratamenduarekin hobetzen ez denean eta minbizia edo displasia dagoenean kolon osoa kentzea sendagarria da. Crohn-en gaixotasunean heste zati bat kentzen da behin betiko butxadura, abszesu edo fistulek bestelako tratamenduari erantzuten ez diotenean. Kasu honetan ebakuntza ez litzateke sendagarria izango.

HHG eta haurdunaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ultzeradun kolitisa: Ugalkortasuna normala da. Kontrolpean dagoen ultzeradun kolitisa duten emakumeen erdiek agerraldi bat izango dute haurdun geratzean. Fetuaren pronostikoa gainontzeko populazioarenaren antzerakoa da. Tratamenduari dagokionez; kortikoide, azatioprina eta aminosalizilatoak seguruak dira eta ziklosporina eta metotrexatea ezin dira erabili. Tratamendu kirurgikoa premiazko egoeratan bakarrik erabiliko da, fetu-hilkortasuna areagotzen baitu.
  • Crohn gaitza: Ugalkortasuna pixka bat gutxituta dago. Abortu, fetu-heriotza eta garapenaren alterazioen intzidentzia handiagoa da gaixotasuna aktiboa bada. Agerraldiak normalean lehen hiruhilekoan gertatzen dira. Haurdunaldia agerraldi batean agertzen bada ez dio tratamenduari erantzungo. Antibiotiko seguruenak anpizilina, zefalosporinak eta ziprofloxazinoa dira.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Manual de Medicina Harrison. Mc Graw Hill Interamericana, 2002, 15. argitalpena.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]