Hidatidosi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hidatidosi
Deskribapena
Motaekinokokosia, pneumopatia, bone disease (en) Itzuli, kardiopatia, gibel-gaixotasuna
entzefalopatia
Espezialitateainfektologia
Sintoma(k)Shock zirkulatorioa, abdominal mass (en) Itzuli, Urtikaria, anaphylactic shock (en) Itzuli
hemoptisia
Identifikatzaileak
GNS-10-MKB67.4
GNS-9-MK122.4
Disease Ontology IDDOID:1495
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Hidatidosia edo Ekinokokosia Echinococcus granulosus izeneko zestodoak gizakiarengan eta hainbat animaliarengan sortzen duen gaixotasuna da. Zestodo hori har txikia da, zentimetro erdiko luzera besterik ez baitu. Txakurraren bizkarroia da, eta txakurraren heste meharrean kokatzen da abere hori infektatzerakoan. Hidatidosia zoonosi bat da, hots, animalietatik pertsonetara transmititzen den gaitza.

Zizare bizkarroia duen txakurrak gorozkiekin batera Echinococcus-en arrautzak kanporatzen ditu. Gizakia bi bideetatik kutsatu ohi da: txakurraren gorotzekin kutsatuta dauden barazki edo letxuga gordinak jaterakoan (janari-intoxikazioaren bidea) edota infektatutako txakurrekin harreman estua mantenduz gutxieneko arau higienikoak hartu gabe (txakurrak laztandu ondoren, esaterako, eskua ahora eramanez garbitu barik).

Txakurrak eta beste ugaztun haragijaleak (otsoa, azeria...) bizkarroiaren behin-betiko ostalariak dira, eta animalia belarjale batzuk (ardiak, behiak, ahuntzak...) eta gizakia behin-behineko ostalariak. Bizkarroiaren behin-betiko animalia ostalarien gorotzek funtsezko zeregina burutzen dute behin-behineko animalia ostalariak infektatzerakoan. Era berean, txakurrak edo otsoak ere infektatzen dira harraren behin-behineko ostalarien haragia jaterakoan.

Gaitzaren garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Har bizkarroiaren arrautzak irensterakoan, arrautzak hesteetara iristen dira eta bertan eklosioa egiten dute, larba txikiak agertuz. Larbek hesteetako paretak zeharkatzen dituzte eta, odolaren bidez, organo desberdinetara heltzen dira (gibelean, giltzurrunetan, biriketan edo burmuinean, besteak beste, kokatuz). Organo horietan larbek kisteak eratzen dituzte, barnean larba ugari dutenak. Kiste hidatidiko deritzonak dira.

Kisteak oso motel hazten dira, baina hilabete edo urte batzuen buruan finkatutako erraian (gibela edo birikak, batik bat) kalte nabarmenak eragiten dituzte. Sintoma klinikoak jotako organoaren araberakoak dira: ikterizia eta transaminasen igoera, disnea eta eztula, entzefalitis, etab.

Profilaxia eta sendabidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaitza ekiditeko lau neurri prebentiboak ezarri behar dira:

  • txakurrei bizkarroien aurkako tratamendua ezarri
  • txakurrek jaten duten elikagaien kalitatea kontrolatu (haragi eta errai gordinen kontsumoa ekidinez)
  • gizakiaren janari-intoxikazioa saihestu ohiko arau higienikoak aplikatuz
  • animalien erraien azterketa zorrotza eginez hiltegietan, kisteak dituzten erraiak suntsituz

Hidatidosiaren aurkako tratamendua kirurgikoa izan ohi da: ebakuntzaren bidez gibeleko edo beste organoetako kisteak erauzten dira.

Hainbat botikak (albendazola, esaterako) kisteen garapena moteltzen dute, baina ez dute kisteak suntsitzen.

Kanpo-estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]