Hira (musika taldea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hira» orritik birbideratua)
Hira
Datuak
JatorriaOiartzun, Gipuzkoa
Musika motaheavy metal
Urteak1998 - 2017
Taldekideak
Mikel Lazkano
Alex Lobato
Ibai Marin
Manex Etxeberria
Lehengo taldekideak
Jon Iturrino
Mikel Zubeldia
Oscar Lopez
Alain Fernandino
Urtzi Olaziregi
Borxa Fernandez

Hira heavy metal estiloko musika talde bat izan zen, Oiartzunen (Gipuzkoa) sortua. Euskarazko heavy metalaren bigarren loraldiaren bultzatzaileetako bat izan zen.

2000. urtean Gaztea maketa lehiaketako entzuleen saria irabaztearekin batera[1], jarraipena eta oihartzuna eman zioten Su Ta Garrek sortutako euskal heavyari. Lehen diskoarekin gazteen artean izandako erantzun ona ondo baliatu eta garaiko taldeetako bat bihurtu zen. Bigarren diskoarekin eboluzionatu eta oihartzuna galtzearekin batera etenaldi bat egitea erabaki zuen. Taldekideen aldaketekin, ordea, Hira berriro osatu eta hirugarren diskoa atera zuen, helduena eta ezberdinena.

Taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1998. urtean sortu zen Oiartzunen Angar taldea, gero Hira taldea bihurtuko zena. Taldearen bultzatzaile nagusiak izan ziren Ibai Marin abeslari eta gitarrista (Azken Garrasia) eta Alain Fernandino bateria jotzailea. Urtzi Olaziregi baxu jotzailea taldean sartzearekin batera, Oiartzungo Udalaren bitartez entsegu lokala lortu zuten. Sei hilabetez entseatzen aritu ondoren, Borxa Fernandez Bortx gitarristarekin (Kudai) osatu zuten taldea. 1999ko urrian, laukote gisa urtebete egin ostean, lehen maketa grabatu zuten Donostiako Amara auzoko estudio txiki batean, artean Angar zen taldearen izena. Lehen grabaketa eskuan, kontzertuetarako errepertorio luzeagoa prestatzen hasi ziren. 2000. urte hasieran, hainbat zuzeneko eman ondoren, kantu berriak grabatzea erabaki zuten, taldeari bultzada handiagoa emateko. Halaber, ordua eman zioten Hira izena taldeari.

Urte hartako urrian, Espartzako (Nafarroa) Sonido XXI estudioan sartu eta bi astetan hamar kantu grabatu zituzten, Juanan eta Javi San Martin anaiekin. Grabatutako abestietatik lau hautatu eta Euskadi Gazteko X. Maketa Lehiaketara aurkeztu zituzten. Era berean, kontratu baten bila zenbait diskoetxetara bidali zuten grabazioa. Bi kasuetan erantzun ona jaso zuten. Maketa Lehiaketako entzuleen saria irabazi eta IZ diskoetxearekin kontratua sinatu zuten. Ondorioz, Nortasuna (IZ, 2001) argitaratu zuten. Lan hori euskal heavyaren osasun onaren isla izan zen, baina denbora igaro ahala, Urtzik eta Borxak taldea utzi eta beste bi kideek berrosatu behar izan zuten Hira. Horrela, Oscar Lopez (gitarra) eta Manex Etxeberria (baxua) batu ziren taldera. Proiektua indartuta, bigarren diskoa prestatu eta abesti sorta melodiko zein gordinagoak grabatu zituzten. Oztopoak gaindituz (EDG Music, 2003) izenburu argigarria eman zioten bigarren diskoari. Lan horretan, Aitor Gorosabel (Su Ta Gar), Javi San Martin (Sátira) eta Donostiako Santa Zezilia Koralaren kolaborazioak bildu zituzten, eta "La bestia" gaztelaniazko abestia jaso zuten.

Bigarren diskoa atera ondoren, etenaldia egin zuen. Kontzertuak emateko gutxi izan zuten, eta taldearen ilusioa apaldu egin zen. Beste musika estiloak indartzearekin batera, euskarazko heavy metala gainbeheran zegoen (edo aurretik zuen orekara itzultzen ari zen). Horrela, Asgarth taldeari gertatu bezala, Hiraren oihartzuna ere itzaliz joan zen. Denbora tarte horretan, Alain Fernandinok taldea uztea erabaki zuen, eta, haren partez, Alex Lobato sartu zen. Ondoren, Oscar Lopez gitarristak ere Hira utzi eta Jon Iturrino (Ehun Kilo, Lau Mono) hartu zuten. Azkenik, Mikel Zubeldia teklatu jotzailea bosgarren partaide bihurtu zen. Aldaketa horiei esker, Hirak aro berri bat hasi zuen. Hirugarren diskoan, (sic). (EDG Music, 2006), hard-rock musikara gehiago hurbildu zen, eta melodiei inoiz baino trataera eta garrantzi handiagoa eman zioten. Esperientzia, heldutasuna edo taldean emandako aldaketek bultzatuta, ibilbideko abestirik biribilenak topa daitezke disko horretan. Tartean, Ehun Kiloren "Mendekua" abestiaren bertsioa bildu zuten.

Aurreko lanarekin gertatu bezala, promozio eskasak eraginda ezin izan zuten disko berria behar bezala zabaldu. Aldi berean, kontzertu aldetik ordura arteko gabeziarekin jarraitu zuten. Taldeak aldaketak izan zituen: Mikel Zubeldiak eta Jon Iturrinok taldea utzi zuten, eta Mikel Lazkano gitarrista (Ipar Haizea, Garabi) sartu zen.

2017an, Hira taldeak bere ibilbidea bukatutzat eman zuen.[2]

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Maketa Lehiaketa, 27. irabazlearen bila» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-11-14).
  2. «Ibai Marinek kontzertua emango du bihar, Usurbilen» Karkara.eus 2019-06-06 (Noiz kontsultatua: 2020-11-06).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]