Enara arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hirundo rustica» orritik birbideratua)
Enara arrunt
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaHirundinidae
GeneroaHirundo
Espeziea Hirundo rustica
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera0,32 m
Kumaldiaren tamaina4,25
Eguneko zikloaeguneko
Errute denbora13,5 egun

Enara arrunta (Hirundo rustica) Hirundinidae familiako hegazti migratzailea da. Gainaldea beltz urdinkara distiratsua, kopeta eta lepoa gorriztak, eta bularra eta sabela zuri horixkak ditu. Buztan luzea eta urkila-formakoa du, oso bereizgarria. Hegan harrapatzen dituen intsektuez elikatzen da. Giza eraikinetan egin ohi du habia. Ipar hemisferioan ugaltzen da, eta hego hemisferioan iragaten du negua.[1][2] Munduan banaketa eremu handiena duen enara da, Europa, Asia, Afrika, Amerikan bizi baita.

Izenak eta etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koldo Mitxelenaren ikerketen arabera, aitzineuskaraz *eNala[3] edo *eLana<[3] izan zitekeen, eta zelterarekin lotuko litzateke *aNela (Irlandako ainnell 'enara')[4]. Aldiz, Ander Egurtzegiren eta Borja Ariztimuñoren ikerketaren arabera berreraiketa zuzenak *erlana (cfr. erlai) eta *ernala (cfr. ernara) dira, eta azken buruan erromantzeetako zenbait izenekin lukete lotura, latinezko hirundo-ren eratorri txikigarri batetik abiatuta: *erundéla > *erunnéla > *er(u)néla > *ernala > *erlana[5].

Arrunt txori ezaguna denez, ez da harritzekoa izen eta aldaera ugari izatea euskaraz: ainara, ainhia, azpizuri, beletxiko, bragaro, elai, enabera, enara, erlai, ernara, hegabera, hegoazpizuri, iñara, ipurzuri, kulentriña, mitxigu, ninera, txenara, zagaro.[6]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txori txiki eta liraina da, 17-19 zentimetro luze, buztana barne. 32-34,5 zentimetroko hego-luzera dauka, eta 17-20 gramoko pisua.[7] Buztan luzea du, urkila-formakoa, kanpoaldeko bi lumak, kanpo-errektrize biak, izugarri luze eta finak baitira, eta hegal indartsu, estu eta zorrotzak.[8] Bizkarra eta burua urdin metalkarak ditu, kopeta eta paparoa gorriak, eta bularra eta sabelaldea zuriak. Marra urdin lodi batek bereizten du paparoa bularraldetik. Emea arraren antzekoa da, baina buztaneko lumak motzagoak dira, eta koloreak apur bat hitsagoak.[1]

Subespezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirundo rustica erythrogaster, Ipar Amerikako subespeziea
Hirundo rustica rustica, Europako subespeziea

Handbook of the Birds of the World lanaren arabera, zortzi subespezie bereizten dira:[9]

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Hemisferioan ugaltzen da, itsas mailatik 2700 metroko garaieraraino. Zehazki, Ipar Amerikan, Europan, Asiako iparralde eta erdialdean, Afrikako iparraldeko muturrean, Ekialde Hurbilean, Txinan eta Japonian da habiagilea.[7] Euskal Herri osoan aurki daiteke. Ugariagoa da Hegoaldeko probintzietan, Araba eta Nafarroa Garaian habia egiteko leku aproposagoak aurkitzen baititu, baina gainontzeko bost lurraldeetan ere erraz aurki daiteke herri handietatik aldentzen bagara.[8]

Espezie migratzailea da. Hego Amerika, Afrika, Asiako hegoaldea, Indonesia eta Mikronesia dira negu-toki nagusiak.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enara arruntak eremu irekiak behar ditu bizitzeko, hala nola, nekazaritza-lurrak, larreak, belardiak eta hezeguneak, gehienetan 1000 metroko garaieratik behera, leku batzuetan 3000 metroraino iristen bada ere. Garrantzi handia du ibai eta aintziraren bat hurbil izateak. Herri eta baserrietako giza eraikuntzen barnean egiten du habia, ukuilu, aletegi, estalpe edo garajeetan.[1] Hiriak sahiestu ohi ditu, eta Europakoetan enara azpizuriak ordezten du. Honshūn, ordea, hiri-hegaztia da. Negu-tokietan ere saihesten ditu oihanak, eta multzo handiak biltzen dira hezeguneetan, eta arto edo azukre-kanabera sailetan.[10]

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enara arruntak argiaren kableetan pausatuak, migrazioa hasi aurretik

Espezie antropofiloa, gregarioa eta migratzailea da. Enara arrunt gehienek eskualde tropikal edo ekuatorialetan igarotzen dute negua. Lehenbizkoak otsailean iristen dira hego-mendebaldeko Europara, baina gehienak martxo erdialdetik aurrera heltzen dira gurera. Beti ere, ierketa batzuen arabera, gero eta lehenago itzultzen dira Afrikatik.[11] Lehenik arrak iristen dira eta, kantu eta borroken bidez, habiagintzako lurraldeaz jabetzen dira. Uda amaieran, multzo handiak ikusten dira argiaren kableetan pausatuak. Eztei-ondoko migrazioa irailaren erdialdetik urriaren hasierara arte izaten da.[1]

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Talde txikietan aritzen da ehizan eta, sorbeltz eta enara azpizuriekin izan zezakeen konpetentzia ekiditeko, ehiza-esparrua banatzen dute. Sorbeltzek goi-goian dauden intsektuak harrapatzen dituzte, enara azpizuriek erdikoak eta enara arruntek lur ingurukoak. Habiatik hurbil dauden zelai eta putzuetan ehiza egitea gogoko du.[8] Intsektu hegalariek osatzen dute dietaren %99, diptero, ortoptero, anisoptero, koleoptero eta sitsek batez ere.[7]

Hegan duen trebezia hori ura edateko orduan ere garbi uzten digu, ez baitu gelditu beharrik: putzu gainetik milimetro gutxitara hegan ari delarik, burua jaitsi, mokoa uretan sartu eta inongo arazorik gabe tragoxka bat hartzen du, ahozabal uzten gaituen bitartean.[8]

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enara arrunt txitoak habian

Enara arruntak ikuiluak, kortak, lehorpeak, baserri-atariak edo garajeak hautatzen ditu habia egiteko; ezinbestekoa da, beti ere, sarbidea beti irekia izatea.[1] Bikoteak kopa formako buztinezko habi bat egin edo aurreko urtekoa konpontzen du. Sasoi horretan erreka, putzu eta iturrietara hurbiltzen dira. Buztin eta lokatz zatitxoak hartzen dituzte mokoan eta, belarrekin batera eta listuarekin nahastu ondoren, bolatxoak eratzen dituzte.[8] Hori dela eta, habiak itxura pikortsua izaten du. 20 zentimetroko zabalera eta 10 zentimetroko garaiera izaten du, eta azpialdea belar izpi, ile eta lumez estalirik egoten da. Apiril amaieran edo maiatzean, emeak 2-7 arrautza (gehienean 4 edo 5) erruten ditu. Berak bakarrik txitatuko ditu, 13-16 egunez; aldian behin habiatik irten eta bazkatzera joanen da. Txitoek hiru asteren buruan utziko dute habia. Bigarren errunaldia izaten dute, eta batzuetan hirugarrena ere.[1]

Enara arrunta kulturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugariak dira enara arruntaren aipamenak literaturan. Ovidioren Filomela eta Prokne ipuinean Filomela urretxindor bilakatu zen eta Prokne, berriz, enara. [12] Pervigilium Veneris latinezko olerkian ere agertzen da mito hori, eta handik hartu zuen T. S. Eliotek «Quando fiam uti chelidon, ut tacere desinam?»[13] («Noiz bihurtuko ote naiz enara, isila izateari uzteko?») lerroa The Waste Land lanerako. Enara arruntari dagokio Bibliako 84. salmoaren zati hau ere: «Txolarreak badu etxea, bai enarak ere kumeentzat habia».[14]

Askotan udaberriaren etorreraren sinbolo gisa agertzen da. Erraterako, Xabier Lizardiren olerki honetan:

«

Atoz baratz-leiora ta ikus goi-zokoak...
Iñara-kabion erakarki gozoak!
Leenkari miñagorik ezpaitu geroak:
Iñara-kabi zaarrok, urtero beteak,
iñoiz udaberrien lekuko maiteak.

»

—Xabier Lizardi: Maitale Berriak[15]

Enara arruntak, Nederlandsche Vogelen (“Herbehereetako hegaztiak”), 1770

John Keatsen Udazkenari olerkian, berriz, hegoalderantz doazen enara saldoak uda amaieraren irudia dira::

«

Nun dauaz Bedats kantak? Nun ete iabiltzak?
Zertan kezkatu, eure soinua daukak ik,
Arratsa garatzean zerrenda-odeitzak,
Beazaina be zuri-gorrizkatzen iakik;
Ta eltxoak erostaz ileta sailean
Ibaiko saratsaga zear, ega goraz
Naiz beeruntz bizi ala il aizea ba'lebik;
Ta urte-bildotsak beeka maldako latsean;
Kirkila ereskoi; ta gorgoin emekorra
Etxalde baratzetik txistuka txindorra;
Ta ernarak biltzean tiuka ortzetik.

»

—John Keats: Udazkenari[16]

Bestalde, azken urteetako ikerketek kontrakoa erakutsi badute ere, fideltasun eta amodio idilikoaren irudia ere izan da enara arrunta gure gizartean. Hona Antoni eta Anton kantu zaharrak dioena:[17]

«

Enarak ez du behin egindako
kabirik inoiz aldatzen:
urtero beti kabi haretan
umeak ditu bazkatzen.
Baina zu, Antton, enara txarra
zaitut niretzat bilatzen;
jai bakoitzean nexka berria
ikusten zaitut maitatzen.

»

Antoni eta Anton

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Hirondelle rustique. oiseaux.net (Noiz kontsultatua: 2018-9-28).
  2. Pazko-lorea eta enara arrunta. correos.es (Noiz kontsultatua: 2018-10-9).
  3. a b Mitxelena, Koldo (1976), Fonética histórica vasca. Gipuzkoako Aldundia, Donostia
  4. Stifter, David 2010 “The invisible third. The Basque and Celtic words for swallow”. Ériu Vol. 60 (145-157). Ed. Royal Irish Academy
  5. Egurtzegi, Ander & Ariztimuño Borja 2013 “Remarks on the etymology of the Basque word for 'swallow' and its potential relation to Celtic”. Ériu Vol. 63 (79-90). Ed. Royal Irish Academy
  6. Enara arrunta. txoriak.eus, CC-BY-SA (Noiz kontsultatua: 2018-9-28).
  7. a b c Hirundo rustica. animaldiversity.org (Noiz kontsultatua: 2018-9-28).
  8. a b c d e Sarasua Aranberri, Asier. Gure enarak. Elhuyar aldizkaria, 1995/05/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-9-28).
  9. Turner, A.; Christie, D.A.. Barn Swallow (Hirundo rustica). del Hoyo, J., Elliott, A., Sargatal, J., Christie, D.A. & de Juana, E. (eds.). Handbook of the Birds of the World Alive. Lynx Edicions, Barcelona, hbw.com) (Noiz kontsultatua: 2018-9-30).
  10. Sushant Kumar Verma. Population and roosting behaviour of Barn Swallows Hirundo rusticawintering in Jamshedpur, Jharkhand, India. threatenedtaxa.org (Noiz kontsultatua: 2018-9-39).
  11. Las golondrinas adelantan su llegada en primavera. seo.org (Noiz kontsultatua: 2018-10-4).
  12. Ovidio. Filomela eta Prokne. Herodoto - Ovidio: Ipuin ankerrak, euskaratzailea: Juan Mari Mendizabal, Milabidai, Erein, 1994, armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-8).
  13. Pervigilium Veneris. thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-8).
  14. 84. salmoa: Jainkoarekin bizitzeko irrika. Erromes-kanta. Biblia interneten, biblija.net (Noiz kontsultatua: 2018-10-8).
  15. Lizardi, Xabier. Maiteraren apurñoak. Klasikoen gordailua, klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-8).
  16. Keats, John. Udazkenari. euskaratzailea: Beiztegi'tar Ion, andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-8).
  17. Elosegi, Arturo. Euskara ekologian: erabiltzaile arruntaren ohiko arazoak eta ez-ohiko buruhausteak. mendebalde.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-8).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]