Hizkuntza-interpretazio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Hizkuntza-interpretazioa, edo interpretazioa besterik gabe, hizkuntza-bitartekaritzako jarduera bat da, ahozko edo keinu hizkuntza diskurtso baten diskurtso baliokide bat hizkuntza ezberdin batean ematean datzana, ahoz edo keinu-hizkuntzan. Jarduera horren emaitzari ere interpretazioa deritzo. Interpretazioaren diziplinari, prozesuei eta emaitzei itzulpengintza deitzen zaie.[1]

Interpretazioa gauzatzen duen pertsonari interprete deitzen zaio. Bere eginkizuna jatorrizko diskurtsoko mezua helaraztea da hainbat alderdi kontuan hartuz: erabilitako erregistroa, mezuko informazio inplizitua eta emozioak, besteak beste.

Interpretazioa eta itzulpena bereiztea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta sarri bereizketarik gabe erabiltzen diren, interpretazioa eta itzulpena ez dira sinonimoak. Itzulpen hitza zentzu zabalean erabili daitekeen arren, normalean idatzizko transmisioari egiten dio erreferentzia.

Interpretazioa itzulpenetik bereizten duen ezaugarri nagusia da aurrez aurre eta berehala egin ohi dela, hau da, interpretea jatorrizko diskurtsoaren lekuko zuzena dela, fisikoki edo ikus-entzunezko transmisio bidez (telebistaz edo telefono bidez). Ondorioz, itzultzaileak, interpreteak ez bezala, iturri ugaritara jotzen du (hiztegiak, glosarioak, antzeko testuak etab.), eta horrek guztiak laguntzen du xede dokumentua jatorrizkoarekiko ahalik eta leialena izan dadin.

Gai honetan jantziak ez diren askok uste dute interpretazioa modu literal batean egiten dela. Hots, jatorrizko mezuarekiko sintaktikoki baliokidea den itzulpen bat egiten dela, hau da, hitzez hitzekoa. Modu horretara interpretatzea ez litzateke hain eraginkorra izango, xede hizkuntzan birsortutako mezua ulertezina izango litzatekeelako hartzailearentzat. Adibidez, ingelesetik euskarara He is travelling perpausa literalki itzuliko bagenu, honako hau lortuko genuke: Bidaiatzen ari da. Zentzua baduen arren, euskaldunentzat ez da jatorra."Kanpoan dago", aldiz, askoz ere interpretazio egokiagoa izango litzateke. Hau da, interpreteak mezua osotasunean hartu behar du eta gainera, kontuan izan behar du sorburu hizkuntzako hizlariak erabilitako tonua eta estiloa, batez ere hizkuntza batetik bestera baliokide zuzenik ez duten esapideak itzultzean. Adibidez, ingeleseko It's raining cats and dogs esapidea euskarara ezin dugu literalki itzuli, Txakurrak eta katuak euria ari da moduko esaldi zentzu gabe bat lortuko baikenuke. "Euria barra-barra ari du" itzulpena, aldiz, egokiagoa izango litzakete.

Bestalde, interpretazioari eskatzen zaion fideltasun eta zehaztasun maila ez da itzulpenari eskatzen zaionaren berdina. Denbora faltaren ondorioz, interpreteak lehentasunak ezarri behar izaten ditu, jatorrizko diskurtsoko xehetasun garrantzitsuenak transmitituko direla bermatzeko. Hori garrantzitsua da bereziki hizlariak oso azkar hitz egiten badu edo diskurtsoak zenbaki asko edo zerrenda luzeak baditu. Zenbait alorretan zehaztasunak bereziki garrantzitsuak dira. Adibidez, arlo judizialean, hitz bat "aintzakotzat ez hartzea, ez esatea edo orraztea" auzitegiko partaideen akatsen sorburu izan daiteke.

Erronka horiei aurre egiteko, interprete profesionalak hainbat teknika eta baliabide ikasi ditu. Horiei esker, mezua xede hizkuntzan informaziorik galdu gabe ematea lortzen du.

Dena den, interpretearen jarduera intelektual handiak txandakako lana eskatzen du. Normalean, bikoteka egiten da lan, eta, batek interpretatzen duen bitartean, besteak lagunaren lana kontrolatzen du; bigarren interpreteak sor litezkeen arazoei aurre hartzen die eta horien berri ematen dio lankideari idatzizko oharrekin.

Azkenik, hizlariak asko baldintzatzen du interpretazioaren kalitatea. Bereziki, asko lagunduko du esaldi mota bakoitzari intonazio egokia ematen badio eta paragrafoen amaieran etenalditxo bat egiten badu. Uste daitekeenaren kontra, interpretatzeko zailena ez da azkar hitz egiten duen hizlaria, baizik eta ahoz gora irakurtzen duena, bat-bateko diskurtso bat balitz erabiliko lukeenaren oso bestelako intonazioa erabiliz. Sarritan onargarria da hizlariaren ahots tonu berdina erabiltzea, egoerak eta interpretea kontratatu duenak hala eskatu badu.

Interpretazio teknikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garrantzitsua da interpretazioko teknikak eta modalitateak bereiztea. Interpretazioan teknikei buruz hitz egitean, prozesuan gertatzen diren jarduerei egiten zaie erreferentzia, eta, modalitate hitza erabiltzean, aldiz, interpretazioaren testuinguru komunikatiboari eta egoera sozialari buruz ari gara.

Oro har, aldibereko interpretazioa eta esan ostekoa bereizten dira. Aldiberekoan, interpreteak berehala esaten du mezua xede hizkuntzan, hizlariak etenik gabe hitz egiten jarraitzen duen bitartean; esan ostekoan, aldiz, hizlariak diskurtsoa eteten du noizbehinka, interpreteak bere lana egin dezan.

Jarraian azaltzen den moduan, bi teknika hauek zenbait aldaketa onartzen dituzte.

Aldibereko interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldibereko interpretazioan, interpreteak ahal bezain laster itzultzen du mezua sorburu hizkuntzatik xede hizkuntzara. Bitartean, hizlariak jatorrizko hizkuntza horretan hitz egiten jarraitzen du. Interpreteak bere lana burutzeko, kabina intsonorizatu batean kokatzen da. Bertatik hizlaria ikusten du, baita entzungailuen bitartez entzun ere. Interpreteak mikrofono bat du eskura mezua helarazteko. Hartzaileek entzungailuen bitartez entzuten dute interpretazioa xede hizkuntzan. Aldibereko interpretazioa da keinu hizkuntzako interpreteek gehien erabiltzen duten interpretazio modua.

Keinu hizkuntzaren kasuan izan ezik, aldibereko interpretazioa kabinetan egin ohi da. Bertan, interpreteek hizkuntza konbinazio bera duten bikoteetan lan egiten dute, denbora tarte baten ondoren txandatuz.

Gai honetaz ez dakitenek aldibereko itzulpengintza eta aldibereko itzultzailea terminoak erabiltzen dituzte aldibereko interpretazioa edo aldibereko interpretea erabili ordez, itzulpengintza terminoa idatzizko hizkuntza-bitartekotzari erreferentzia egiteko erabiltzen dela aintzat hartu gabe.

Interpretazio xuxurlatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Interpretazio xuxurlatuan (chuchotage, frantsesez), interpretea xede hizkuntzako entzuleria txiki baten ondoan eserita edo zutik geratzen da, eta hizketa-gaiaren aldibereko interpretazioa xuxurlatzen die. Interpretazio modalitate hau burutzeko ez da ekipamendu berezirik behar. Giza talde bateko zati handienak sorburu hizkuntza hitz egiten duenean erabiltzen da, eta soilik gutxiengo batek ez dakienean (3 pertsona baino gehiago ez izatea da egokiena).

Esan osteko interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patricia Stöcklinek, esan osteko interpreteak, Klaus Bednarzen hitzaldia itzultzen dio Gari Kasparovi.
Patricia Stöcklinek, esan osteko interpreteak, Gari Kasparoven hitzaldiaren oharrak hartzen ditu.
Patricia Stöcklinek, esan osteko interpreteak, Gari Kasparoven hitzaldia interpretatzen du publikoarentzat.
Interpretea Vladimir Putinen (errusiera), Muammar Gaddafiren (arabiera) eta Mireille Mathieuren(frantsesa) arteko 3 norabideko elkarrizketa bat errazten. (2008)

Esan osteko interpretazioan, sorburu hizkuntzako hizlariak hitzaldia bukatu duenean hasten da hitz egiten interpretea. Hitzaldia hainbat zatitan banatzen da, eta esan osteko interpretea hizlariarengandik gertu eserita edo zutik geratzen da, hari entzuteko eta esaten duenaren inguruan oharrak hartzeko. Hizlariak eten bat egiten duenean edo hitz egiten amaitzen duenean, interpreteak mezu osoa helarazten du xede hizkuntzan.

Metodo honekin interpretatzen diren hitzaldiak edo hitzaldi zatiak motzak izan ohi dira. Duela berrogeita hamar urte, esan osteko interpreteek 20 edo 30 minutuko hitzaldiak interpretatzen zituzten. Gaur egun, aldiz, 10 edo 15 minutukoak izaten dira gehienez, batez ere publikoak ez duelako atsegin 20 minutuz egotea ulertzen ez duen hitzaldi bat entzuten.

Sarritan, sorburu hizkuntzako hizlaria ez da jabetzen luze eta zabal hitz egin dezakeela esan osteko interpretazioa egin aurretik. Horregatik, esaldi bakoitzaren amaieran eten bat egiten du, xede hizkuntzara interpretatzeko. Batzuetan, interprete hasiberriak edo esperientziarik gabekoak esaldi bakoitzaren amaieran gelditzeko eskatzen dio hizlariari.

Esaldiz esaldi interpretatzearen abantaila informazio kantitate txikiagoa memorizatu behar izatea da. Hala ere, interpreteak oraindik ez du hitzaldi osoa edo haren oinarrizko zatia entzun eta, ondorioz, zailagoa da mezu osoa itzultzea, oinarrizko testuinguru hori falta baita eta etenaldi asko egon baitira. Esate baterako, nahikoa da txiste bat zatika kontatzearen prozesua imajinatzea, zati bakoitza itzultzeko egin diren etenaldi guztiekin.

Metodo hau askotan erabiltzen da hitzaldiak, deklarazioak, grabatutako komunikatuak, auzitegi bateko lekukoen testigantzak eta laneko zein medikuntza arloko elkarrizketak interpretatzeko; baina hobe da beti ideia oso bat izatea itzultzen hasi aurretik.

Esan osteko interpretazio osoak (ez zatikatuak) sorburu hizkuntzako mezu osoaren esanahia ulertzea ahalbidetzen dio interpreteari, xede hizkuntzara interpretatu aurretik. Horrela, aldibereko interpretazioa egiten denean baino interpretazio leialagoa, zehatzagoa eta ulergarriagoa lortzen da.

Esan osteko interpretazioak bi bertsio ditu: "esan osteko interpretazio laburra" eta "esan osteko interpretazio luzea". Esan osteko interpretazio laburrean, interpretea bere memoriaren menpe dago, mezuaren segmentu bakoitzak memorizatu ahal izateko bezain motza izan behar baitu. Esan osteko interpretazio luzean, interpreteak entzuten duen heinean oharrak hartzen ditu, bukatu ostean hitzaldia itzultzen lagunduko diotenak. Banaketa informal hauek bezeroarekin adosten dira interpretazioa burutu aurretik, eta hizketa-gaiaren, zailtasunaren eta interpretazioaren helburuaren arabera erabakitzen dira.

Loturazko edo aldebiko interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan osteko interpretazioak hizlari bat eta hartzaile asko izatea eskatzen du. Loturazko interpretazioa, berriz, bi pertsona edo gehiagoren arteko elkarrizketa batean esaten dena elkarri helaraztean datza.

Hitzaldi labur baten ondoren egin daiteke, esan osteko forman edo chuchotage modalitatean (interpretazio xuxurlatua). Oharrak hartzeaz gain (eta hori ere ez da beti egiten), ez da ekipamendu berezirik behar.

Errelera bidezko interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errelera bidezko interpretazioa (relay interpreting, ingelesez) egiten da sorburu hizkuntzatik xede hizkuntzara zuzenean itzultzeko gai den interpreterik ez dagoenean baina bi hizkuntza horiek hirugarren hizkuntza batekin lotu ditzakeen interpreteren bat badagoenean.

Kasu horretan, interpreteak mezua sorburu hizkuntzatik hirugarren hizkuntzara itzultzen du, eta, jarraian, beste interprete batek hirugarren hizkuntzako mezua xede hizkuntzara itzuliko du.

Sarri, hirugarren hizkuntza hori edo errelera-hizkuntza komunikazio egoera gertatzen ari den tokiko hizkuntza izaten da. Adibidez, Italian egindako kongresu batean, baliteke alemanetik arabierarako interpreterik ez egotea, baina bai aleman-italiera eta italiera-arabiera hizkuntza konbinaketak dituzten interpreteak.

Ikusizko itzulpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikusizko itzulpena, izatez, interpretazio mota bat da. Kasu honetan, interpreteak ozenki irakurtzen du sorburu hizkuntzan idatzitako dokumentua, baina unean bertan itzultzen du xede hizkuntzara, xede hizkuntzan idatzita balego bezala. Ikusizko itzulpena ohikoa da osasun-arloan eta arlo judizialean.

Interpretazio modalitateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konferentzia-interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konferentzia-interpretazioa konferentzia edo mintzaldi baten interpretazioa egitean datza. Konferentzia hitza sektore berdineko profesionalen arteko batzar gisa ulertzen dugu (kongresu profesionalak, batzar politiko internazionalak, etab.). Interpretazioa esan ostekoa edo aldiberekoa izan daiteke; hala ere, azken 20 urte hauetan esan osteko interpretazioaren erabilera gutxitu egin da topaketa eleanitzetan.

Konferentzia-interpretazioa bi merkaturen artean banatzen da: instituzionala eta pribatua. Instituzio edo erakunde internazionalek (EB, NBE, etab.) topaketa eleanitzak egiten dituztenean, atzerriko hizkuntzetatik interpreteen ama-hizkuntzetara interpretatzea hobetsi ohi dute. Merkatu pribatuan, batzar elebidunak egiteko joera dago (tokiko hizkuntza eta beste bat), eta, askotan, interpreteek bi norabideetan lan egiten dute. Bi merkatu hauek ez dute batak bestea baztertzen.

Konferentzia Interpreteen Elkarte Internazionala (AIIC frantsesez, nahiz gaztelaniaz) konferentzia-interpreteen munduko elkarte bakarra da. 1953an sortu zen, eta 90 herrialde baino gehiagotako 2.800 konferentzia-interprete profesionaletik gora biltzen ditu.

Arlo judizialeko interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Interpretazio juridikoak sorburu hizkuntzako hitzaldiaren edukiari soilik egiten dio erreferentzia, eta zinpeko interpretazioak interpreteak bere lanarekiko duen erantzukizun legez arautua adierazten du. Arlo judizialeko interpretazioa, aldiz, nahitaez egiten da justizia- edo administrazio-auzitegietan. Batzuetan esan osteko interpretazio teknika erabiltzen da, adibidez, auzitegian atzerriko hizkuntza batez mintzatzen den lekuko bat aurkezten bada. Aldi bereko interpretaziora jotzen da, berriz, atzerriko hizkuntzan mintzatzen diren parte-hartzaile gehiago daudenean, Nurenbergeko epaiketetan eta 2004ko martxoaren 11ko atentatuen epaiketetan, esate baterako.

Justiziaren funtsezko arautzat jotzen da auzitegian mintzatzen den hizkuntza ulertzen ez duten pertsonek interprete bat edukitzeko eskubidea izatea, bereziki epaiketa kriminal bateko akusatu batek. Hori dela eta, eskubide hori askotan bermatzen da konstituzio nazionaletan, eskubideen aitorpenetan, sistema judizial bat ezartzen duten funtsezko legeetan edota goi-auzitegiek finkatutako aurrekarietan.

Indarrean dauden erregulazioek eta estandarrek diotenaren arabera, auzitegiko interpreteek bakarrik egiten dute lan esan osteko interpretazioa egiten dutenean, eta taldean aldibereko interpretazioa egitean. Sorburu- eta xede- hizkuntza ondo menderatzeaz gain, interprete horiek legeen eta tramite legal eta judizialen ezagutza zabala izatea eskatzen du interpretazio mota honek. Askotan, interpreteei Estatuaren baimen formala izatea eskatzen zaie auzitegietan lan egin ahal izateko. Kasu horretan zinpeko interpretea deitzen zaie. Jurisdikzio askotan, interpretazioa testigantzaren oinarrizko zatitzat jotzen da. Interpretazio txar batek edo interpreteak zin ez egite hutsak epaiketa baliogabetzea ekar dezake.

Talde-bileren interpretazioa (marketina)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Talde-bileretan egiten den interpretazioan, interpretea kabina intsonorizatu batean edo ikus-entzuleen aretoan kokatzen da bezeroekin batera. Normalean, norabide bakarreko ispilua ezartzen da interpretearen eta eztabaida taldearen artean. Horri esker, interpreteak parte-hartzaileak ikus ditzake, baina taldekideek euren islapena soilik ikus dezakete. Interpreteak, entzungailuen bitartez, sorburu hizkuntzako elkarrizketa entzuten du, eta aldi berean xede-hizkuntzara itzultzen die bezeroei. Horrelako eztabaida-taldeetan 2 eta 12 partaide artean egoten direnez (batzuetan gehiago), esperientziadun interpreteek ez dute soilik hitzaldia interpretatzen, baizik eta intonazioa, hitzaldiaren patroiak, tonua, barrea eta parte-hartzaileek igorritako sentimenduak ere interpretatzen dituzte.

Laguntza-interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mota honetako interpretazioan, interpreteak pertsona bati edo ordezkaritza bati laguntzen dio tour, bisita, batzar edo elkarrizketa batean. Eginkizun hori betetzen duen interpreteari laguntza-interpretea deritzo. Gauzatzen duen interpretazio modalitatea loturazko interpretazioa da.

Sektore publikoko interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komunitateko interpretazio izenez ere ezagutzen da. Legearen, osasunaren eta tokiko gobernuaren arloetan gauzatzen den interpretazio mota bat da; baita zerbitzu sozialen, etxebizitzaren, ingurumenaren eta hezkuntzaren arloetan ere. Komunitateko interpretazioan, hizkuntza eta komunikazioaren ekoizpena baldintzatzen dituzten hainbat faktore daude. Honako hauek dira faktore horiek: hitzaldiaren eduki emozionala, inguru sozial polarizatu edo tirabiratsu bat, sorrarazitako estresa, parte-hartzaileen arteko botere-erlazioak eta interpretearen gain geratzen den erantzukizuna (kasu askotan muturrekoa); batzuetan, beste pertsonaren bizitza ere interpretearen lanaren menpe egon daiteke.

Osasun arloko interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Osasun arloko interpretazioa zerbitzu publikoetako interpretazioaren azpimota bat da, eta osasun-langileen eta gaixoaren nahiz familiaren arteko komunikazioa erraztean datza. Normalean, prozesu honetan parte hartzen duen interpreteak prestakuntza berezia duela egiaztatzen duen tituluren bat izan ohi du, eta zerbitzu mota hau emateko beharrezko baldintzak betetzen ditu. Egoera batzuetan, osasun-arloko profesional eleanitzek lanaldi partzialean lagun dezakete osasun-etxe barneko hizkuntza bankuetako kide gisa. Osasun arloko interpreteak medikuntzaren ezagutza handia izan behar du, eta ondo ezagutu behar ditu ohikoenak diren mediku praktikak, gaixo bat elkarrizketatzearen prozesua, osasun azterketak, eta lan egiten duen ospitalean edo klinikan egiten diren eguneroko zereginak. Gainera, oso garrantzitsua da kontutan hartzea, osasun arloko interpreteak lotura kulturalak direla askotan, hizkuntza alde batera utzita, ospitale edo mediku-etxeak ezagutzen ez dituzten edo halako lekuetan deseroso sentitzen diren pertsonentzat.

Keinu-hizkuntzen interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Keinu hizkuntzako bi interprete ikastetxe batentzat lanean.

Entzumen arazorik ez duen pertsona batek hitz egiten duenean, interpreteak keinu-hizkuntzan transmititzen du hiztun horren mezuaren esanahia, pertsona gorrek uler dezaten. Pertsona gor batek keinuak egiten dituenean, interpreteak keinuen esanahia ahozko hizkuntzan transmititzen du entzun dezaketen pertsonentzat, eta horri ahozko interpretazioa ere deitzen zaio batzuetan. Praktika hau aldibereko edo esan osteko interpretazio bidez egin daiteke. Ondo prestatutako interpreteek gela edo leku egoki batean egon behar dute, interpreteek eta parte-hartzaile gorrek elkar ikusteko moduan eta interpreteek eta entzumen-arazorik ez duten parte–hartzaileek elkar entzuteko moduan. Zenbait egoeratan, interpreteak keinu-hizkuntza batetik beste keinu-hizkuntza batera interpreta dezake.

Pertsona gorrek ere egin dezakete lan interprete gisa. Taldeak osatzen dituzte entzun dezaketen pertsonekin, herrialdean erabiltzen den keinu-hizkuntza estandarra partekatzen ez duten pertsona gorrei interpretazioa emateko helburuz. Hizkuntza-modu batetik bestera ere transmititzen dute informazioa.

Komunikabideetako interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere izaera dela-eta, komunikabideetako interpretazioak aldiberekoa izan behar du. Bereziki zuzeneko telebista saioetan eskaintzen da: prentsaurrekoetan, politikoei, musikariei, artistei, kirolariei edota negozio munduko pertsona ospetsuei eginiko elkarrizketa grabatuetan edo zuzenekoetan. Interpretazio mota honetan, interpretea kabina intsonorizatu batean egoten da, ahal dela hizlariak pantaila batean ikusi ahal izateko moduan. Grabatu aurretik, tresneria ondo dabilela egiaztatu behar izaten da. Bereziki, satelite bidezko konexioak bi aldiz egiaztatu behar dira interpreteak bere ahotsa bueltan entzun ez dezan eta kanalak banan-banan entzun ditzakeela ziurtatzeko. Estudiotik kanpora grabatutako elkarrizketen eta gaurkotasuneko hainbat programaren kasuan, interpreteak telebistako pantailan ikusten duena interpretatzen du. Atzeko zarata arazo larria izan daiteke. Komunikabideetan lan egiten duen interpreteak telebistako aurkezle bat bezain trebea eta seguru dela erakutsi behar du.

Komunikabideetako interpretazioa nabariagoa eta agerikoagoa bihurtu da urteak pasa ahala, batez ere Golkoko Gerratik aurrera. Telebistako kanalak aldibereko interpretazioan aritzen den jendea kontratatzen hasi dira. Eremu honetan lan egiten duen interpreteak prentsaurrekoak, mezu telefonikoak, elkarrizketak eta zuzeneko beste saio batzuk interpretatu behar ditu. Gainerako interpretazioak baino estresagarriagoa da; izan ere, interpreteak arazo tekniko ugariri egin behar die aurre, baita zuzeneko emankizunetan kontrol gelan sortzen den iskanbilari ere.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta interpreteen artean esan ohi den interpretazioa munduko bigarren lanbiderik zaharrena dela, antzinatik erabili den teknika aldebikoa edo esan ostekoa izan da. Espainian, interprete hitza XVI. mendeko dokumentuetan ageri da lehen aldiz. Pertsonaia historikoen artean, La Malinche gailentzen da, mexikarren eta konkistatzaile espainiarren arteko bitartekaritza egin zuen mexikar noblea.

XX. mendeko 20ko hamarkadan aldibereko interpretazioan eginiko lehenengo esperimentuen ondoren, Nurenbergeko epaiketetan erabili zen lehen aldiz modu trinkoan. Gaur egun, esan ostekoa ari da nagusitzen, eta kongresu, konferentzia eta irratian-telebistan ez ezik, telefono- eta bideo-konferentzietan ere erabiltzen hasi da.

Non egiten dute lan interpreteek[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lanaldi osoz lan egiten duten konferentzietako interprete profesional gehienek, nazioarteko erakundeetan egiten dute lan, esate baterako Nazio Batuen Erakundean, Europar Batasunean eta Afrikar Batasunean. Ikus [Career opportunities with DG Interpretation] artikulua Europar Batasuneko erakundeetan.

Gaur egun, mundu guztian interprete gehien kontratatzen dituen erakundea Europako Batzordea da. Europar Batasuneko hizkuntzekin lan egiten duten ehunka interprete ditu kontratatuta langile gisa edo freelance gisa . Europar Batasunarekin erlazionatutako beste erakundeek (Europako Parlamentua eta Europako Justizia Auzitegia) beren interpretazio zerbitzuak dituzte hedadura txikiagokoak.

Nazio Batuek munduan dituzten ia egoitza guztietan erabiltzen dituzte interpreteak. Sei hizkuntza ofizial bakarrik dituen erakundea denez, Europar Batasunak baino kontratazio ahalmen txikiagoa du.

Interpreteek freelance gisa egin dezakete lan euren tokiko, eskualdeko eta nazioko komunitateetan, sarritan interpreteen agentzien bitartekaritzaz.

Ameriketako Estatu Batuetako Armadak ehunka interprete erabili ditu Irakeko eta Afganistango okupazioetan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Hurtado Albir, Amparo (2001), Traducción y Traductología: Introducción a la traductología, Madril: Cátedra, ISBN 84-376-1941-6 .
Icono de traducción.svg Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, gaztelaniazko wikipediako «Interpretación de_lenguas» artikulutik itzulia izan da, 2013-09-28 data duen 69893286 bertsioa oinarritzat hartuta. Jatorrizko artikulu hori GFDL edo CC-BY-SA 3.0 lizentzien pean dago. Bisita ezazu jatorrizko artikuluaren historia orria, egileen zerrenda ikusteko.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Ingelesez) Bertone, Laura: The Hidden Side of Babel: Unveiling Cognition, Intelligence and Sense. 2006. (ISBN: 987-21049-1-3)
  • (Ingelesez) Chuzhakin, Andrei: "Applied Theory of Interpretation and Note-Taking", "Mir Perevoda 1 to 7", Ustny Perevod, Posledovatelny Perevod, Ace Perevoda 2007, [Mir Perevoda].
  • (Ingelesez) Gillies, Andrew: Note-taking for Consecutive Interpreting. 2005. (ISBN: 1-900650-82-7)
  • (Ingelesez) Jones, Roderick: Conference Interpreting Explained. 1998. (ISBN: 1-900650-57-6)
  • (Frantsesez) Rozan, Jean-François: La Prise de Notes en Interprétation Consécutive. 1956. (ISBN: 2-8257-0053-3)
  • (Frantsesez) Seleskovitch, Danica: L'interprète dans les conférences internationales. 1968, Cahiers Champollion
  • (Ingelesez) Taylor-Bouladon, Valerie: Conference Interpreting — Principles and Practice. 2007, 2nd Edition. (ISBN: 1-4196-6069-1)

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]