Hizkuntza gutxitu
Gutxitako hizkuntza soziolinguistikari loturiko kontzeptua da. Historian zehar edo gaur egun, bazterketa, jazarpena edo debekua pairatzen duen hizkuntza oro jo daiteke gutxitutako hizkuntzatzat. Prozesu hau botere publikoek kontzienteki sortua eta sustatua izan daiteke, baina era naturalago batean ere gerta daiteke; esaterako migrazio-fenomenoen ondorioz.
[aldatu] Hizkuntza gutxitu eta gutxiengoko hizkuntzaren arteko ezberdintasunak
Harremanean dauden bi kontzeptu badira ere, eta aldi berean eman badaitezke ere, kontzeptu ezberdinak dira.
Badira kasuak non gutxiengoko hizkuntza ez da kontzienteki gutxiagotua izan. Europar Batasunean hiztun gutxi dituzten hizkuntzak daude (Europar Batasuneko beste hizkuntzekin alderatuta), txekiera adibidez.
Bestalde, estatu jakin baten barnean, gutxiengoko hizkuntza bat egon daiteke, baina bere jatorrizko eremuan hizkuntza nagusia izan. Honen adibide dira, katalana Espainian edota frantsesa Kanadan.
Beste kasuetan mundu mailan gutxiagoko hizkuntza ez dena, gutxiagotua izan daiteke eremu jakin batean. Adibidez, alemana Alsazian.
Historian zehar, kontzienteki gutxituak izan diren hizkuntzak estaturik gabeko nazioena izan dira nagusiki, euren hizkuntzak ofizialtasun estatusa izan ez dutelako beste hizkuntza baten aurrean (estatu nagusiaren hizkuntzaren aurrean batik bat).
[aldatu] Gutxitze-prozesua
Normalean erabilera publikoa izateko lege bidezko debekua izan da fenomeno honen adierazle nagusia. Horrelako egoera pairatu dute adibidez XVIII. mendetik Espainiako hizkuntza ezberdinek, gaztelaniaren mesedetan (debeku haren mugarri Miguel Primo de Rivera eta frankismoaren diktadurak izan ziren).
Debekua administrazio eta hezkuntzan eman da bereziki, estatuak eskura dituen tresna eraginkorrenak alegia. Gutxitzea gauzatzeko, ordea, debekua ez da zertan espresuki eman behar; Frantziako estatuan ez da onartzen frantsesa ez den beste hizkuntza bat. De factozko gutxitzea deitzen zaio honi, hizkuntzalari batzuek “berbigrazia” bezala definitu dutena[erreferentzia behar].
Guillem Calaforra Cracoviako Unibertsitateko filologo eta hizkuntzalariaren esanetan, hiru ezaugarrik definitzen dute gutxitutako hizkuntza komunitate bat:
- Lurralde bateko berezko hizkuntza alor batzuetan erabiltzeko aukerarik ez dagoenean.
- Komunitate horren elebiduna bihurtze unilaterala: gutxitutako hiztunek hizkuntza menperatzailea ikasten dute, hizkuntza menperatzailearen hiztunek elebakarrak izateko joera dutelarik.
- Aurreko egoeraren ondorioz, gutxiagotutako komunitatearen kideak komunitate menperatzailearen zati izatera jotzen dute, eta pertzepzio hori jasotzen dute kanpotarrek.
Komunitateen arteko botere harremana sortzen da, izan ere, integrazio edo bazterketarako elementua bilakatzen da hizkuntza menperatzailea ezagutzea. Gizarte modernoetan, hizkuntza gaitasunak norbanakoaren alboratzea suposa dezake ekoizpen sistemarekiko. Beraz, gutxitutako hizkuntza hiztunak euren etxean atzerritar bihurtzen dira. nazio-estatuen sorrerak eta hedapenak fenomeno hau zabaldu zuen.
Lurralde baten jatorrizko hizkuntzak estatusik ez izatea, hiztunek euren hizkuntza arbuiatzera darama, bereziki ekonomia eta akademia mailan, umeenganako transmisioa kolokan jarriz.
Europar Batasunean, hainbat estatuk nazioarteko hitzarmen bat sinatu dute, “Europako Eskualde eta Gutxiagotutako Hizkuntza Gutuna” deiturikoa. Bertan gutxiengoko hizkuntzen aldeko neurriak ezartzen dira. Estatuek erabakitzen dute ordea horri atxikitzen badira eta zein mailatan babestu nahi dituzten.
Munduan hitz egiten diren 6.000 hizkuntzetatik, %50 desagertuko dira XXI. mendean[erreferentzia behar]. Smithson Institutuaren arabera, hizkuntza aniztasunaren galtzea europar kolonialismoaren hedapenari zor zaio hein handi batean. Ingelesa, frantsesa, gaztelania eta portugesa, jatorrizko hizkuntzak ordezkatu dituzte eta ordezkatzen jarraitzen dute Amerika, Afrika eta Ozeanian batik bat.
Gutxiagotze prozesu hau ez da saihestezina eta prozesu historiko ezberdinen emaitza da; kontzienteki bideraturiko asimilazio eta uniformizazio politikaren ondorio dira. Egitura soziolinguistiko oro, botere eta mendekotasun egoeraren baitan daude.