Hizkuntza gutxitu

Wikipedia, Entziklopedia askea
OctraBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 11:48, 15 uztaila 2015

Hizkuntza gutxitua soziolinguistikari loturiko kontzeptua da. Historian zehar edo gaur egun, bazterketa, jazarpena edo debekua pairatzen duen hizkuntza oro jo daiteke gutxitutako hizkuntzatzat. Prozesu hau botere publikoek kontzienteki sortua eta sustatua izan daiteke, baina era naturalago batean ere gerta daiteke; esaterako migrazio-fenomenoen ondorioz.

Hizkuntza gutxituaren eta gutxiengoko hizkuntzen arteko ezberdintasunak

Sakontzeko, irakurri: «Eremu urriko hizkuntza»

Harremanean dauden bi kontzeptu badira ere, eta aldi berean ager badaitezke ere, kontzeptu ezberdinak dira.

Zenbait kasutan gutxiengoko hizkuntza ez da kontzienteki gutxiagotua izan. Europar Batasunean hiztun gutxi dituzten hizkuntzak daude (Europar Batasuneko beste hizkuntzekin alderatuta), txekiera adibidez.

Bestalde, estatu jakin baten barnean, gutxiengoko hizkuntza bat izan daiteke, baina bere jatorrizko eremuan hizkuntza nagusia izan. Horren adibide dira katalana Espainian edota frantsesa Kanadan.

Beste kasu batzuetan, mundu mailan gutxiagoko hizkuntza ez dena, gutxiagotua izan daiteke eremu jakin batean. Adibidez, alemana Alsazian.

Historian zehar, kontzienteki gutxituak izan diren hizkuntzak estaturik gabeko nazioena izan dira nagusiki, halako hizkuntzek ofizialtasun estatusa izan ez dutelako beste hizkuntza batzuen aurrean (estatu hizkuntza nagusiaren aurrean batik bat).

Gutxitze-prozesua

Normalean erabilera publikoa izateko lege bidezko debekua izan da fenomeno honen adierazle nagusia. Horrelako egoera pairatu dute adibidez XVIII. mendetik Espainiako hizkuntza ezberdinek, gaztelaniaren mesedetan (debeku haren mugarri Miguel Primo de Rivera eta frankismoaren diktadurak izan ziren).

Debekua administrazioan eta hezkuntzan izan da bereziki, estatuak eskura dituen tresna eraginkorrenetan, alegia. Gutxitzea gauzatzeko, ordea, debekua ez da zertan espresuki eman; Frantziako estatuan ez da onartzen frantsesa ez den beste hizkuntzarik. De facto gutxitzea deitzen zaio honi, hizkuntzalari batzuek “berbigrazia” bezala definitu dutena[erreferentzia behar].

Guillem Calaforra Cracoviako Unibertsitateko filologo eta hizkuntzalariaren esanetan, hiru ezaugarrik definitzen dute gutxitutako hizkuntza komunitate bat:

  • Lurralde bateko berezko hizkuntza alor batzuetan erabiltzeko aukerarik ez dagoenean.
  • Komunitate horren elebiduna bihurtze unilaterala: gutxitutako hiztunek hizkuntza menperatzailea ikasten dute, hizkuntza menperatzailearen hiztunek elebakarrak izateko joera dutela.
  • Aurreko egoeraren ondorioz, gutxiagotutako komunitateko kideek komunitate menperatzailearen zati izatera jotzen dute, eta pertzepzio hori jasotzen dute kanpotarrek.

Komunitateen arteko botere harremana sortzen da, izan ere, integrazio edo bazterketarako elementua bilakatzen da hizkuntza menperatzailea jakitea. Gizarte modernoetan, hizkuntza gaitasunak norbanakoaren alboratzea ekar dezake ekoizpen sistemarekiko. Beraz, gutxitutako hizkuntzaren hiztunak euren etxean atzerritar bihurtzen dira. nazio-estatuen sorrerak eta hedapenak fenomeno hori zabaldu egin zuen.

Lurralde baten jatorrizko hizkuntzak estatusik ez izatea, hiztunek euren hizkuntza arbuiatzera darama, bereziki ekonomia eta akademia mailan, eta horrek umeenganako transmisioa kolokan jartzen du.

Europar Batasunean, hainbat estatuk nazioarteko hitzarmen bat sinatu dute, “Europako Eskualde eta Gutxiagotutako Hizkuntzen Gutuna” deiturikoa. Bertan gutxiengoko hizkuntzen aldeko neurriak ezartzen dira. Estatuek erabakitzen dute, ordea, horri atxikitzen diren eta zein mailatan babestu nahi duten.

Munduan hitz egiten diren 6.000 hizkuntzetatik, %50 desagertuko dira XXI. mendean[erreferentzia behar]. Smithson Institutuaren arabera, hizkuntza aniztasunaren galtzea europar kolonialismoaren hedapenari zor zaio hein handi batean. Ingelesa, frantsesa, gaztelania eta portugesa, jatorrizko hizkuntzak ordezkatu dituzte eta ordezkatzen jarraitzen dute Amerika, Afrika eta Ozeanian batik bat.

Gutxiagotze prozesu hau ez da saihestezina eta prozesu historiko ezberdinen emaitza da; kontzienteki bideraturiko asimilazio eta uniformizazio politikaren ondorio da. Egitura soziolinguistiko oro botere eta mendekotasun egoeraren baitan daude.

Ikus, gainera