Hizkuntzaren sorrera

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hizkuntzaren sorrera, hizkuntzalaritzaren barrenean glotogonia bezala ere ezaguna, gizakiaren bilakaeran hizkuntza erabiltzeko gaitasuna garatzea da. Terminoak berak dakar berarekin hitz egiteko gaitasunik ez zuen arbaso batetik eratorri zela Homo Sapiensa.

Hizkuntzaren sorrera jorratzea, Homo Sapiensen ezaugarri biologikorik onuragarrienetakoa eta gainerako espezietatik bereizten duen nabarmenetakoa izanik, zaila da oso, idatzitako hizkuntzetan ez bezala, ahozkoan ez baita hizkuntza nolakoa zen edo sikiera bazen froga zehatzik geratzen, eta, horrenbestez, zeharkako metodoak erabiltzeko beharra dago. Aztergaia hain garrantzitsua eta zaila izanda, arreta eta polemika ekarri ditu Charles Darwinek XIX. mendearen bukaeran espezieen eboluzioa lehen aldiz proposatu zuenetik. Hizkuntzalariak bat datoz egun hizkuntza primitiborik ez dagoela eta gizaki guztiek konplexutasun pareko hizkuntzak dituztela esaterakoan. Egungo hizkuntza guztiek komunikatzeko beharrezko gramatika eta sintaxia dauzkate, eta, haien hiztegien esparrua desberdina izan daitekeen arren, hitzak asmatu, itzuli edo mailegatzen ahal dituzte hiztunen kontzeptuen gama osoa adierazteko. Ume guztiak hizkuntza bereganatzeko ahalmena edukita jaiotzen dira, eta bakar batek ere ez dauka hizkuntza mota bat hobesten duen joera biologikorik.

Gizakien hizkuntza modernoen bilakaeran beharrezkoak izan ziren bai hitz egiteko aparatu anatomikoa garatzea bai burmuinetako aldaketa neurologikoak gertatzea. Baina beste espezie batzuek gaitasun horietako batzuk badituzte ere, mintzatzeko ahalmena ez dute guztiz garatu. Hizkuntza erabiltzea lotuta dago bilakaera horiek guztiz bereganatzearekin; edonola ere, aurkikuntza arkeologikoek ez dute gertaera horien argazki erabat argia eman.

Hizkuntza sortzearen inguruan eztabaidagai dago egun ere ea hizkuntza emeki-emeki garatu zen bilakaera horiek bereganatu ahala, edota bat-batean sortu zen bilakaera horiek guztiak agertuta.


Ikus, gainera

Kanpo loturak