Ho Chi Minh

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txantiloi:Agintari infotaula

Ho Chi Minh (vietnameraz: Hồ Chí Minh, txinera tradizionalez: 胡志明, ; jaiotzez Nguyễn Sinh Cung), Bác Hồ (Osaba Ho) izenaz ere ezaguna (Nghe An, 1890eko maiatzaren 19a - Hanoi, 1969ko irailaren 2a), poeta, politikari eta iraultzaile vietnamdarra izan zen, eta Ipar Vietnamgo presidente 1954 eta 1969 urteen artean.

Hồk Viet Minh mugimendu independentista zuzendu zuen 1941urtetik aurrera; 1945ean, komunistek gobernatutako Vietnamgo Errepublika Demokratikoa ezarri zuen eta, 1954an, French Union garaitu Dien Bien Phun. 50. hamarkadako azken urteetan, indar politikoa galtzen joan bazen ere, bere heriotzara arte Ipar Vietnameko presidente izaten jarraitu zuen. Hego Vietnamgo hiriburu zen Saigonek Hồ Chí Minh Hiria izena hartu zuen bere ohorez.

Biografia

Lehen urteak

Nguyễn Sinh Cung Hoàng Trù herrixkan jaio zen 1890ean, bere amaren jaioterrian. 1895etik aurrera, bere aitaren jaiolekuan hazi izan zen Kim Liênen, Nghệ An Probintziako vietnamdar herrixkan. Hiru senide izan zituen: arreba Bạch Liên (edo Nguyễn Thị Thanh), Nguyen Sinh Khiem anaia (Nguyen Tat Đạt), frantses armadaren langile izan zena, eta haurtzaroan hil zen Nguyen Sinh Nhuan. Konfuzianismoaren ohiturei jarraiki, 10 urte zituela aitak Nguyễn Tất Thành izena eman zion.

Cungen aita Nguyễn Sinh zen; konfuzianismoaren ikasle, irakasle eta, gerora, magistratu inperial izan zen Binh Khe distrituan (Qui Nhon). Aginte gehiegikeria egotzi zioten gizon handi bat 100 bastoikada hartzera zigortu zuenean eta, handik gutxira, hil egin zenean. Hala ere, zigor hura frantses gobernuak berpizten ari zen nazionalismoa geldiarazteko egin zituen ekintzetako bat besterik ez zen izan.

Cungek heziketa frantsesa jasan zuen, Lycée de Huen ikasiz. Ikasketak utzi eta irakasten hasi zen Duc Thanh eskolan, Phan Thieten.

15 urterekin, Nguyễn Sinh Cung Europara joan zen, denboraldi handiena (1915-1923) Frantzian igaroz. Bertan komunismoarekin bat egin zuen. PCF Frantziako Alderdi Komunistan parte hartu zuen, Moskura bidaiatuz. Ondoren, Kominternek (III. Internazionala) Hong Kongera bidali zuen. Bertan Indotxinako Alderdi Komunista sortu zuen, Vietnamen 1930ean jazotako errebolten ostean.

Frantzia

1911ko ekainaren 5ean, Nguyễn Sinh Cungek Vietnam utzi zuen, Amiral Latouche-Tréville frantses lurrun ontzian sukaldeko laguntzaile zihoalarik. Marseillara iritsi zenean, Frantses Kolonial Eskola Administratiboan sartzen saiatu zen, baina ez zuten onartu. Frantzian, garbitzaile eta zerbitzari lanetan aritu zen eta, bere aisialdiaren zati handi bat, liburutegi publikoetan igarotzen zuen, Historiako liburuak eta egunkariak irakurtzen, mendebaldeko gizarte eta politika bereganatzeko ahaleginean.

Ameriketako Estatu Batuak

1912an, berriro ere sukaldeko laguntzaile barku batean, Cung AEBetara joan zen.

Urtebete eman zuen Harlem en (New York) eta Bostonen bizitzen eta, besteak beste, okin lanetan aritu zen Parker House hotelean. Badirudi, 1917 eta 1918 bitartean, Brooklyngo familia aberats batentzako aritu zela lanean eta, garai horretan, entzungo zituen Marcus Garveyk Harlemen ematen zituen hitzaldiak. AEBetan egon zen denboran, korear nazionalistekin harremanetan hasi zela uste da eta esperientzia horrek bere ikuspegi politikoa garatzen lagunduko zuen.

Ingalaterra

1913 eta 1919 artean, Cung West Ealingen bizi izan zen behin baino gehiagotan, Londres mendebaldean eta, geroxeago, Crouch Enden, Hornseyn, North Londonen. Denbora horretan, Court Hotel Draytonen (Ealing Occidente) aritu zen lanean eta, badirudi, Escoffier maisuarekin ikasi zuela gozogintza Carlton hotelean, Haymarket (Westminster). Horren testigantza ematen digu Carlton hotela zegoen tokian dagoen plaka urdinean, Cung 1913an hango kamerero izan zela esanez.

Frantzian berriro

Ho Chi Minh, 1921
Ho Chi Minh frantses erresistentziako Lucie Aubracen umearekin

Frantzian bizi izandako garaian (1919-1923), Nguyễn Sinh Cung komunismoan murgildu zen, laguna zuen Marcel Cachinen eraginagatik neurri handi batean. Cungek Parisera Londresetik etorri zela 1917an esan zuen, baina polizia frantsesak 1919an du iritsieraren data.

Lehen Mundu Gerraren amaieran, Nguyễn Ái Quốc (Nguyen abertzalea) izenpean, Indotxina frantseseko Vietnamgo kideen eskubide zibilen aldeko eskakizuna egin zuen Versailleseko bake hitzaldietan, Woodrow Wilson estatubatuar presidenteak AEBetako independentzia deklarazioan erabili zituen hitzak erabiliz, baina ez ziren kontuan hartu berak eskatuak.

1921ean, Tourseko Kongresuan, Frantzian, Nguyễn Ái Quốc Parti Communiste Français sortu zuten kide fundatzaileetako bat izan zen eta denbora asko eman zuen Moskun. Indotxinako gerra garaian, Parti Communiste Français aktibo izan zen, propaganda komunista, sabotaia eta iraultza aldarrikatuz.

Sobietar Batasuna eta Txina

Fitxategi:LetterByHoToWife.jpg
Ho Chi Minhek emazteari bidalitako gutuna

1923an, Quốc Paris utzi eta Moskura joan zen Komiternean lanean aritzera eta, 1924ko ekainean, V. nazioarteko kongresuan hartu zuen parte. Urte horretako azaroan, berriz, Txinan zen, frantsesek Canton deituriko Guangzhoun.

1925eko ekainean, Shangain, Phan Bội Châu saldu zuen polizia frantsesak eman zizkion 100.000 piastren truke. Hồren hitzetan, erakunde komunista bat sortzeko dirua behar zuelako egin omen zuen; egia esateko, Châuk ez zuen sekula Quốc salatu eta ez du gaizki eramaten zirenik ematen.

1925-1926 bitartean, Gazteriarentzako Heziketa Klaseak antolatu zituen eta, tarteka, Whampoako akademia militarrean ere ematen zituen klaseak, Indotxinako mugimendu iraultzailean.

1926ko urriaren 18an, Tăng Tuyết Minh (Zeng Xueming) emakume txinatarrarekin ezkondu zen. Alderdiko kideek ez zuten gustuko izan, baina berak horrela esan zien:

  • Ez duzue onartuko, baina ezkondu egingo naiz hala ere, hemengo hizkuntza ikasi eta etxea mantentzeko emakume bat behar dut eta.

Emazteak 21 urte zituen eta berak, berriz, 36. Zhou Enlai ezkondu zen leku berean izan zen ezkontza eta Kominterneko agentea zen Mikhail Borodinen erresidentziara joan ziren bizitzera.

1927an, Chiang Kai-shek antikomunismoak Txina uztera behartu zuen eta Moskura itzuli beharrean izan zen. Uda hartan tuberkulosia izan zuen eta, sendatu bezain laster, Parisera joan zen. Bruselan, Berlinen, Suitzan eta Italian izan ondoren, 1928ko uztailean, Bangkokera, Thailandiara, iritsi zen barkuz.

Thailandian geratu zen 1929ra arte, Nachoken, eta gero Hong Kongera eta Shangaira joango zen.

1931ko ekainean Hong Kongen hartu zuten atxilo. Frantzia estraditatzeko asmotan zebilkion eta, 1932an, Quốc hil egin zela zabaldu zuten, 1933ko urtarrilean, britaniarrek ixilpean askatu zutelarik.

Milanera itzuli zen eta jatetxe batean egin zuen lan. Berriro joan zen SESBera, tuberkulosia sendatzeko ahaleginetan.

1938an, Txinan zen berriro eta Txinatar Alderdi Komunistaren indar armatuen aholkulari lanetan aritu zen, besteak beste, Txinako gobernuari Taiwan hartzea aholkatuz.

1940a izan zen Nguyễn Ái Quốc Hồ Chí Minh izena erabiltzen hasi zen urtea (“Hồ argi ekarlea” esan nahi du).

Vietnamera itzuli

Ho eta Giap

28 urtez kanpoan egon ondoren, 1941ean, Hồ Vietnamera itzuli zen. Vichyko Frantziaren eta Vietnameko japoniar okupazioaren aurkako garaipen militarrak zuzendu zituen Bigarren Mundu Gerran.

Bere herria askatzeko, Viet Minh talde independentista sortu zuen, Vietnam Doc Lap Dong Minh Hoi edo Vietnameko Askapenerako Frontea. Vo Nguyen Giap izan zen munduko jeneral iraultzaile ezagunenetako bat eta berarekin sortu zuen gerrillari armada.

Gobernua saiatu zen etxe hobe batera lekualdatzen, baina urtetan bizi izan zen gustuko zuen etxe txiki batean.

Chiang Kai-shekek hilabete batzuetan atxilotuta izan zuen Txinan. 1943an askatu zuten eta berriro Vietnamera itzuli zen eta mediku amerikarrek tratatu zuten malaria eta disenteria sendatzeko.

1944an, Do Thi Lac ekin jarri zen bizitzen, Tay etniako emakumea eta, 1956an, seme bat izan zuten.

Vietnamgo Errepublika Demokratikoaren jaiotza

Trumani bidalitako telegrama

1945eko irailaren 2an, Viet Minhek antolaturiko Abuztuko Iraultzaren ondoren, Hồ behin-behineko gobernuaren buru egin zuten eta Vietnamgo Errepublika Demokratikoko Independentzia Aldarrikapena egin zuen, AEB eta Frantziako aldarrikapenetan oinarrituz. Bảo Đại enperadorea abdikatzera behartu bazuen ere, inongo herrialdek ez zuen bere gobernua ez zuen onartu. Behin eta berriro eskatu zion Harry Truman estatubatuar presidenteari vietnamdar independentzia bermatzeko, baina Trumanek ez zion jaramonik egin.

Koloniaren metropoliak, Frantziak, ez zuen independentzia aldarrikapena onartu eta, 1946an, gerra hasi zen. Vietnamdarrek garaipen erabakigarria lortu zuten Dien Bien Phu-nen (1954ko maiatzaren 7a), Ho Chi Minh Vietnamgo Errepublika Demokratikoko presidente aldarrikatuz. Bere eragina, hala ere, Vietnamen iparraldera mugatzen zen, hegoaldean Ameriketako Estatu Batuen laguntza osoa zuen erregimen diktatorial bat garatu zen bitartean.

Vietnamgo Presidente

1954an, sinatu ziren Ginebrako Akordioak Frantzia eta Viet Minhen artean. Komunistak iparraldean bilduko ziren eta ez hegoaldean. Vietnamgo Errepublika Demokratikoaren gobernua Hanoin kokatu zen eta hiri hau Ipar Vietnamgo hiriburu bilakatu zen, komunistek gidatutako alderdi bakarreko estatua. Ginebrako akordioek 1956an batasunerako aukera eman zezaketen hauteskundeak ere aurreikusten zituzten, baina Hego Vietnamek eta AEBek atzera bota zuten.

Ginebrako Akordioei jarraituz, 300 eguneko tartea egongo zen herrialdearen alde batetik bestera nahi eran igarotzeko. Milioi bat inguru vietnamdar katoliko iparraldetik hegoaldera joan ziren eta komunista gutxi batzuk, alderantzizko bidea egin zuten. Hala ere, kanadar begirale batzuk, iparraldeko autoritateek jendea gogoz kontra bertan gelditzera behartu zutela esan zuten.

Stalin eta Mao komunistek egin zuten bezala, garai honetan, Hồkek nekazal erreformari ekin zion, ehunka lurjabe desjabetu, exekutatu, torturatu edo eta kartzelan gosez hil arte utzi zituelarik. Egoera hau izan zen milioika pertsonarentzat hegoaldera joateko arrazoia. Honek ere jendea Hego Vietnamera joatera bultzatu zuen.

1956 amaieran, Lê Duẩn alderdiko ordekari izendatu zuten eta Vietcong intsurgentziari laguntza bidaltzen hasi zen Hego Vietnamera. Hồrentzat aginte galtzea suposatu zuen horrek, Hồk nahiago baitzuen moderatuagoa zen Vo Nguyen Giap postu horretarako.

1959an, Hochiminh bidea eraiki zuten, Laos eta Kanbodiatik Vietcongi laguntza emateko. 1960an, Hồk estatuko presidente izaten jarraitu zuen, vietnamdar komunismoaren ikur, baina Duẩn izendatu zuten alderdiburu.

1963an, Hồk Hego Vietnameko Ngo Dinh Diem presidentearekin batera, bakea izenpetzeko borondatea azaldu zuen. Horrek eragina izango zuen, geroago, AEBk Diemen aurkako estatu kolpean emandako laguntzan.

1964 amaieran, ipar vietnamdar soldaduak hego-mendebalderantz bidaliak izan ziren, Laosera.

1965 hasieran, estatubatuar tropak Hego Vietnamera ailegatzen hasi ziren, egunetik egunera indartsuagoa zen Viet Cong eta mugan zeuden ipar vietnamdarrei aurre egiteko. Borroka indartu ahala, AEBren Aireko Indarren bonba erasoak Ipar Vietnamen areagotu egin ziren (Operation Rolling Thunder).

Hồk Hanoin jarraitu zuen bere azken urteetara arte. Ez zuen amerikarrekin negoziatzeko borondaterik agertu, berak Hego Vietnamen zeuden tropa atzerritar guztien baldintzarik gabeko etxeratzea eskatu baitzuen etengabe.

Heriotza eta oroimena

SESBeko 1990eko zigilua
Ho Chi Minhen estatua
Ho Chi Minhen mausoleoa

1969ko irailaren 2an hil zen Hồ Chi Minh bere Hanoiko etxean. 79 zituen bihotza geratu zitzaionean.

Erraustea nahi zuela adierazita zuen, bere iritzian, garbiagoa zelako eta nekazaritzarako lekua aurrezten zuelako. Hala ere, gobernuak baltsamatzeko agindu zuen. Hồ Chí Minhen gorputz baltsamatua, granitozko mausoleo batean dago erakusgarri, Lenin, Mao Zedong edo Kim Il Sung bezalako lider komunistek azaldu ohi diren lez. Hồ Chi Minh mausoleoa (Lăng Hồ Chí Minh) Hanoiko Ba Dinh enparantzan dago.

1975ean, Saigoni izena aldatu zioten eta Hồ Chi Minh Hiria bihurtu zen.

Gaur egun, Vietnamgo gobernu komunistak jainkoaren parera ematen badio ere, aspaldi utzi zioten bere politika ekonomikoari jarraitzeari.

Uncle Hồ izenaz egiten zaio erreferentzia eta heroi nazionala dela esan daiteke. Bere irudia Vietnamgo monetan agertzen da eta eraikin publikoetan, eskoletan eta tenpluetan Hồren erretratu ugari dago.

Hala ere, badira gerrarekin herrialdera kaosa ekarri zuela uste duten vietnamdarrak. Atzerriratu behar izan zuten vietnamdarrek oso ideia ezkorrak dituzte berarekiko. Batzuek hiltzailetzat daukate eta AEBn aurkako gerra krudelenean sartu eta Vietnam pobretzearen erantzukizuna berea dela diote.

Victor Jara musikari txiletarrak abesti ezaguna dedikatu zion Hồ Chi Minhen irudiari: El derecho de vivir en paz.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ho Chi Minh Aldatu lotura Wikidatan