Hololinguistika

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Hololinguistika (grezierazko όλος-hòlòs osotasuna + linguistika) edo Hizkuntza Esperientziaren Teoria Autoosatua Jose Maria Sanchez Carrion "Txepetx" hizkuntzalariak sortutako hizkuntzari buruzko diskurtso berria da, hizkuntzaren bizitzaren hatsarreak ez ezik, bizitzaren hizkuntzarenak zehazten omen dituena. 1970ko udan Nafarroan egindako ikerketa soziolinguistiko batekin hasi zen garatzen hololinguistika. Egileak 2002ko irailaren 25ean patentatu egin zuen jabetza industrial gisa.

Eduki-taula

[aldatu] Eremua

Etika, psikologia eta soziologia osotasun zatiezina izan eta hololinguistikak guzti horiek hartzen dituen eremua ei denez, Txepetxen iritziz ezagutzaren arlo hau ez da ez ohiko soziolinguistika, ez hizkuntzalaritza, ez hizkuntzaren filosofia ez eta psikolinguistika ere; arlo hau bestelakoa da. "Hololinguistika" edo "Hizkuntza-Esperientziaren Teoria Autoosatua" (Teoría Autoconsistente de la Experiencia Lingüística gazteleraz) esaten dio Txepetxek.

Hololinguistikaren aztergaia, soziolinguistikarena ez bezala, bizia da, bere osotasunean (hòlòs). Ez da, beraz, hizkuntzaren biziaz bakarrik arduratzen, izadi osoaren biziaz baizik, hizkuntzak barne. Eta hortik, hizkuntzetatik abiatuta, giza bizitzaren garapena (psikologia, etika, soziologia) eta baliabideen ekoizpena (ekonomia), gizartearen antolaketa (politika) eta mundu sinboliko eta espiritualaren (kultura, erlijioa) garapena ziurtatzeko lain, izadiaren ("denaren") norabidea aztertzen du. Hori guztia hizkuntza bakoitzetik abiatuta, munduko hizkuntza guztien arteko harremanerantz, bakoitzaren era begiratuz eta aldeak onartuz, arrisku bizian dagoen gure planetaren hondamendia saihestearren.

Azken batean, hizkuntzen eta hizkuntza komunitateen arteko orekaren formulazioa baino gehiago den zerbait aurkezten omen du Txepetxen teoriak. Fisika Kuantikoak, Ekologiak, Giza Garapenaren Psikologiak edo Garapen Iraunkorreko Ekonomiak bezala; adierazi egiten du Zientziaren "kontzientzia". Funtsean ekintzarako pentsamendua izan gura du.

[aldatu] Harrera

Txepetxen lehendabiziko liburuak, Estado actual del vascuence en Navarra (1972), inpaktatu egin zuen garaiko euskalgintza. Horren erakusgarri, Pedro Diez de Ulzurrun medikuak, 1956 urtean Nafarroako Foru Diputazio frankistak sortutako Euskararen Aldeko Sailaren buru izan zenak, honela idatzi zuen Príncipe de Viana gehigarrian 1972ko urrian: "Eta hau dena ikusirik eta gure euskera minbizi batek jota iduritzen bada ere, zuri eskerrak, Joshe Mari, bai zuri eskerrak sumatzen dut berriro, bai nafar euskeraren Udaberria baita Euskal Herri osoko euskeraren Udaberria ere. Somatzen dut liburu honek gure euskararen ur zaharrak iturburu askoren ur gozo, alai, garbi, gazte eta indartsuak aldatu eta bihurtu erazi egingo dituela. Uste dut, egitan, liburu honek, bultzakada izugarria Nafarroari emanen diola euskeraren alde." Nafarroako Diputazioak 1972ko abenduaren 15ean Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman zituen "Euskara Nafarroan irakasteko eta sustatzeko oinarriak", baina ordurako Euskararen Aldeko Sail osoak dimisioa aurkeztua zuen.

Luis Villasante frantziskotarrak ere bai, 1972ko azaroan Arantzazu agerkarian lehendabizi eta 1973ko Euskera aldizkarian ondoren, eredugarritzat jo zuen Txepetxen irizpidea, Bernardo Estornes Lasaren elebitasuna gutxitzat ematean, hain zuzen: "Ez. Euskera biziko bada, giro bat muntatu beharra dago erabat euskalduna. Euskaldunak beharko du erderaz jakin, behar duenean erabiltzeko; baina eguneroko bizitza eta arazoetan horren beharrik [erdararenik] ez luken bezalako giroa nahi litzake. Giro euskaldun horrek bakarrik segurta lezake euskeraren bizitza. «LEKUTAN GATXEOK!», esango du hemen irakurleak. Bai, hala da. Baina xedea, helburua zein den garbi ikustea, hori da lehen. Helburua zein den jakin ondoren harako bideak bila edo eska daitezke". Villasante 1951etik euskaltzain oso zen eta euskaltzainburua izan zen 1970-1988 bitartean.

José Méndez Asensio Iruñea eta Tuterako artzapezpikuak honakoa idatzi zezakeen 1974ko elizbarrutiaren aldizkari ofizialean: "Azken aldiotan, euskerak atzeraldi kezkagarria egin du [...] Horren erantzukizuna guztiona baita, baita Elizarena ere, egoki jokatu beharra dugu gure hizkuntzaren geroari buruz".

Txepetxen hurrengo lan luzearen mailaz, hots, 1974ko "Bilingüismo, disglosia, contacto de lenguas" artikuluaren mailaz, Txillardegik honela zioen 1976ko urriaren 24ko Zeruko Argian eta 1978ko bilduman ondoren: "Errazkeriarik gabe azaltzen dizkigu «Txepetx»ek hiztegian eta funtsean soziologilariek oraindik ere beren artean dituzten liferentziak eta kalapitak; eta, egia zerbitzatu nahi horretan, arazoaren ikuspegi zaila presentatzen digu. «Txepetx»en izkribua, beraz, dakarren bibliografiarengatik, aipatzen dituen adibide argitsu eta ugariengatik [Nafarroako hizkuntz-egoeraz edo Alaska-ko eskimalenaz], zalantzarik gabe jakin-minen zuztagarri eta aberaskarri gerta badaiteke ere, zailegi ere gerta dakioke beharbada irakurle askori". 1957tik euskaltzain urgazle, Txillardegi, 1975ean Sorbonan hizkuntzalaritzan lizentziatu ondoren, Deustuko Unibertsitatean irakasle izan zen 1977-1983 artean eta gero EHUn 1999an katedradun emeritu egin zuten arte.

1977 urterako Txepetxen eragina nabarmena zen, baita politikagintzan ere. Carlos Garaikoetxeak honela idatzi zuen 1977ko martxoaren 8ko Diario de Navarran, egunkariak haren ahoan jarritakoak zuzendu nahian: "Después de señalar [...] que abogué por la «cooficialidad plena y efectiva» del euskera, se indica que terminé diciendo que todo esto no es suficiente, pues «es muy difícil que una lengua y una cultura apráctica sobrevivan». Efectivamente dije esto (citando precisamente a Sánchez-Carrión, euskerófilo granadino), pero lo dije justificando así el resto de mis afirmaciones en el sentido de que, además de en la enseñanza, es imprescindible el euskera en los medios de comunicación, en la Administración Pública, etc. etc. Y que esto sólo sería posible con un «poder Político Propio»". Carlos Garaikoetxea hurrengo hilabetan Euzkadi Buru Batzarreko presidente aukeratu zuen EAJk. Garaikoetxea Eusko Kontseilu Nagusiaren presidentea (1979-1980) eta Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaria (1980-1985) izan zen .

Andres Urrutiak 1987an honakoa idatzi zuen Karmel aldizkarian urte berean Eusko Jaurlaritzak antolatutako II. Euskal Mundu Biltzarraz: "Cobarrubias-ek, bere hitzaldian zehar Euskal Herrian normalizazio linguistikorako eta hizkuntz plangintzan eman diren pausoak (argi/ilunak) aztertu zituen. Dena dela eta irakurle euskaldunak Cobarrubiasenak Biltzar honetara etorri ez zen beste soziolinguista baten (Txepetx) iritziekin erkatzen baditu oso ondorio aberasgarriak eskuratuko dituelakoan nago. Izan ere Txepetx ezizenez ezagutzen dugun Sanchez Carrion-ez aritzen bait naiz konparazio honetan eta bereziki azken honek argitaraturiko liburu arrakatsu bezain gutxi komentatuaz". Urrutia euskaltzainburu izan da 2005etik.

Euskal komunitate zientifikoan Txepetxen azken liburuaren, Aplicación sociolingüística de la territorialidad liburuaren (1999) oihartzuna, Un futuro para nuestro pasado-rena (1987) ez bezala, urri-urria izan da, impasse moduko bat sortu delarik. Etena, aitzitik, aurretik bazetorren eta 1999ko liburu mardulean irakur daiteke Txepetxen etenarekiko ikuspegia. Lehendabizi, 1996an, "Un futuro para nuestro pasado liburuaren aurreko jarrera intelektuak" artikulua agertu zen Bat aldizkarian. Hain zuzen ere, soziolinguistika aldizkariaren hamazortzigarren zenbaki hark Txepetxi eskainitako txostena dakar.

Txepetxen teoria hizpide izan zuten orobat hainbat aldizkarik 1972tik 1996 arte: Príncipe de Viana gehigarriak, Zeruko Argia-k, Jakin-ek, Eguna-k, Jazten-ek, Pamiela-k, Bat-ek eta Zenbat Gara-k. Baina horiek, agidanez, hedadura murritzeko, euskara hutsezko, bazterreko salbuespenak dira eta gizatalde jakin baten emaitza. Iñaki Larrañaga nahiz Jose Angel Irigarairen izenak, esaterako, behin eta berriz aurkituko ditugu orriotan. Euskera-n aurrenengo eta RIEV-en ondoren, Txepetxen idazlan nagusien iruzkinek izan dute txokoa, hurrenez hurren, Luis Villasanteren (1973), Koldo Mitxelenaren (1983), Maria Jose Azurmendiren (1989) eta Marisa Gutierrezen (2000) eskutik. Azken hori da Txepetxen Aplicación sociolingüística de la territorialidad liburuak izan duen erreferentzia luze samar bakarra Euskal Herrian zein nazioartean. Villasante frantziskotar fraidea eta euskaltzainburua izan zen; Mitxelena indoeuropar hizkuntzalaritzako katedraduna izan zen Salamancan eta Gasteizen; Azurmendi katedraduna da EHUko psikologia fakultatean; Gutierrez kazetaria eta poeta da.

Txepetxen teoriak eragin nabarmena izan du euskararen aldeko herri elkarteetan. Arrasate Euskaldun Dezagun sorrera 1983an inspiratu ondoren, elkarteak berak Jazten aldizkaria argitaratu zuen Txepetxen ideietan oinarrituta 1989-1993 artean. Bitartean, 1991 urtean, Adorez eta Atseginez mintegia sortu zen Eskoriatzako Irakasle Eskolaren inguruan euskalgileak Txepetxen teorian trebatzeko, bai eta UEUn eta beste hainbat lekutan aurkezpenak egin zituzten. Irakasle Eskolatik sortua da orobat HUHEZI Mondragon Unibertsitateko humanitate eta hezkuntza zientzien fakultatea, besteak beste, Julen Arexolaleiba psikopedagogoaren eta Jon Sarasua bertsolari eta Informazio Zientzietan doktorearen eskutik. Bertan Txepetxen hololinguistikak arrasto sakona utzi du eta gaur egun nabarmena da Garabide edo Sorguneak gisako ekimenetan.

Zenbat Gara elkartearen eta Bilboko Kafe Antzokiaren gauzatzea etorri zen Bilbon 1994 urtean gutxi gorabehera, , non Txepetxek aholkulari lana betetzen zuen. Elkarte horrek izen bereko aldizkari berezia argitaratu zuen 1998-2002 artean Txepetxen hololinguistikan oinarrituta. Ondoren, baina, Txepetx elkartetik aldendu zen. Bilbotar elkarte horretako Xamarrek, bestalde, hainbat urte daramatza hololinguistika dibulgatzen, esaterako, Orekan (2001) liburuaren bitartez. Ildo berekoa da Zenbat Garak argitaratutako Jon Sarasuaren Biziaren hizkuntzaz (1997) elkarrizketa liburua.

Iruñeko Jaso eta San Fermin ikastoletako guraso eta irakasleek 1995ean euskararen erabilera indartzeko egitasmoa abiatu zuten Txepetxen gidaritzapean. Besteak beste, Jose Migel Ganboa eta Izaskun Arratibel ibili ziren jardunean.

Gisa berean aipatu behar da 1993-1996 artean, Euskal Herriko Unibertsitateak eskaini zuen Hizkuntza Plangintzarako Diploma. HPSek, HABEk, eta HAEEk bultzatuta, lehen aldiz izan zen soziolinguistika alorreko graduondoko bat unibertsitatean. Hiru ikasturteetan, Txepetx, hala nola, Joshua Fishman, William Mackey eta Robert Cooper jorratu zituzten. Etenaldi baten ondoren, 2000-2001 ikasturtean berriz eskaini zuten EHUk eta Eusko Ikaskuntzak, "HPSren bermearekin", hizkuntza plangintza graduondoko bat. Gaur arte iraun duen titulazio honetan Txepetxen teoria hizkuntza gutxituen berreskurapenerako hurbilpen gisa irakatsi dute Xabier Erizek eta Mikel Zalbidek, Fishman, Mackey eta "hizkuntzen bizi-kemena" izenekoarekin bat. Erize Euskal Filologian Doktorea eta Nafarroako Kutxako Hizkuntza Garapeneko zuzendaria da. Zalbide, aldiz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zebitzuaren buru da eta euskaltzain oso Euskaltzaindian.

Txepetxen lanak bibliografia-zerrendetan eta oin-oharretan aipatzen jarraitzen dira, baina soilik 1987 artekoari dagokionez, hololinguistika, batetik, soziolinguistikaren bidezidorrera erakartzeko asmoz-edo. Eta bestetik, antropologiaz, historiaz, hizkuntzalaritzaz, soziologiaz, psikologiaz, pedagogiaz, politikaz edota zuzenbideaz den bezainbatean, hololinguistikaren zabalari ez-ikusiarena eginda, soziolinguisten zokoan uztekotan, antza. Hautematen gaitzagoa da, jakina, Txepetxen ideien erabilera ez onartua. Bestalde, Txepetxen lan nagusiak gazteleraz egon arren, espainiar komunitate zientifikoarekiko haustura, Euskal Herrikoa barne, erabatekoa da.

1998an Joxe Azurmendik argitaratutako liburu batean, Paulo Iztueta EHUko irakasle ohiak honela arbuiatzen zuen Txepetxen tesia: "Txepetxen diskurtsuak gehiago dirudi poesia antzeko zerbait, erakartzen zaituena, agian txunditzen hasiera batean; gerora ordea hutsaldiak dakarren desosegua dakarkizu eta pentsatzen duzu alfer-lana izan dela. Hizkuntza apolitizatzea eta -apolitizatuz gero, hizkuntz mugimentu asozial bilakatu nahi izatea-, ez bakarrik irreala, benetan arriskugarria ere bada, hizkuntz planteamendua funtsean bertan ezbideratua gerazen baita."

2002ko liburuan Jesus Rubio EHUko irakasleak honela idatzi zuen: "Badirudi, hortaz, ezen euskararekiko prestigioaz eta prestigioaz biziki kezkaturik agertzen den Txepetx filologoak bere doktore-tesia zein hizkuntzatan idatziko zuen erabaki orduko, motibazio eta prestigio horretaz arduragabetu zela (tesi-zuzendaria nor-eta Koldo mitxelena zuelarik), justuki berak dioenaren kontrara".

Badira, hala ere, salbuespen akademiko gutxi batzuk. 1993 urteko apirilean Jose Mari Larreak "Euskaldungo erroiztua: XIX eta XX. mendeak" doktore-tesia aurkeztu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. 1994ko abenduaren 13an Jaione Apalategik "Eskola-erakuntza eta hololinguistika" doktore-tesia aurkeztu zuen EHUn. 1997ko ekainaren 2an irakurri zuen Xabier Erizek "Soziolinguistika historikoa eta hizkuntxa gutxituen historia: Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoa (1863-1936)" doktore-tesia EHUn. Txepetxen idazlanek eta harekin izandako solasek asko lagundu omen zieten tesiaren burutzean. Geroztik hirurak argitaratuak dira. Larrea Garaiko Historia irakasle titularra da EHUn 1995 urtetik; Apalategi, berriz, Pedagogian doktorea da eta NUPeko irakaslea.

Akademiako munduarena, alabaina, ez da Txepetxen teoriak jaso duen harrera uzkur bakarra. Nabarmena da, orobat, hasi frankismoaren hondar urteetatik eta demokraziako legegintzaldietan zehar, Hegoaldean euskal eragile politikoek, ezker-eskuin, egin dioten muzina. Bazter batean utzi baitituzte Txepetxen ekarpenaren ondorio politikoak. Gogoan izan ekintzarako pentsamendua izan gura duela. Euskararen alorrean ardura ofiziala duten erakundeek ere ez dute Txepetxekin elkarlan iraunkorrik gauzatu: Euskaltzaindia, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Euskararen Aholku Batzordea, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza... Pruden Gartzia Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zuzendariak Larrun aldizkarian 1993 urtean idatzi zuen: "[...] badago oraindik ere Txepetxen teorien aurrean ezikusiarena egiteko joerarik, existituko ez balira bezala -Eusko Jaurlaritza eta ingurukoaz ari naiz-". Jaurlaritzarekiko independentzia hori ekonomikoa ere bada, jakina.

Bestalde, zientzia eta politikaren arteko esku hartze bitxiaren erakusgarri, hara 2009 urtean Erramun Baxoken gisako soziolinguista batek zer dioen: "Belaunaldien arteko hizkuntza jarraipena ez delarik naturalki segurtatua, botere publikoaren gain da egoera hori aldatzea. Joshua Fishman hizkuntzalariak asmatu zuen RSL urraspidea (reversing language shift, hizkuntzaren indarberritzea). Sanchez Carrion "Txepetx" soziologoak teoria euskarari aplikatu zion eta Jaurlaritzak teoriaz baliatu zen bere hizkunta politika finkatzeko "Euskara biziberritzeko plan nagusia" (1999)". Jean-Baptiste Coyosek egoeraren beste paradoxa bat erakusten zuen 2008ko Bat aldizkarian: "Fishman Txepetx baino aipatuago da Ipar Euskal Herrian, baina haren lanak ez dira ezagutuak."

Eusko Alderdi Jeltzaleko Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik 1987 urtean, artean HABEko zuzendari zela, honela zioen Txepetxen tesiaz Eguna astekarian: "[...] hizkuntz planifikazioa mekano handi baten osaketatzat jo bageneza. Txepetxek berean egituraren pieza nagusiak -handienak eta estrukturalenak- jarri dituela esan daiteke. Pieza asko dago, ordea, oraindik jartzeko, eta nire ustez piezarik zailenak. Txepetxenak jauzi kualitatiboa ematen du, eta arnasbidea irekitzen, numeroen erreinuan mugitzen ari zen soizolinguistikan, baina ez du gaia inondik inora agortzen. Are gutxiago agortu, maila akademikotik maila politikora pasa nahi baldin bada." Gonzalez de Txabarri izana da HABEko zuzendari (1984-1989), Kultura sailburuorde (1991-1992), Espainiako diputatu (1992-2003) eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusia (2003-2007).

Herri Batasunako Joxe Austin Arrietak 1991 urtean, alderdiaren hizkuntza-politikaz ari zela, honela mintzatu zen Jakin aldizkarian: "Dagoeneko aipatua dut Txepetx, eta aurrerantzean ere hamaika bider ekarriko dut hizpidera. Denok gatzaizkio zordun: hark plazaraturiko teoria-gorputz trinkoarekin hitzez hitz ados daudenak, ideia askotan teoria horrekin bat etorri arren zalantza eta eritzi ezberdinik, hala ere, badugunok, eta teoria horri erabateko muzin eta ezentzunarena egiten diotenak ere bai. Aldez edo moldez, aurkako zein aldeko jarrerak eraginez, teoria hori hor baitago. Gaur egun ezin da Euskal Herrian elebitasunaz mintzatu, inplizitoki zein esplizitoki “Un futuro para nuestro pasado” liburuarekiko nork bere pentsakeraren hurbil-urruntasunak markatu gabe. Nik neuk ere markatuko ditut neureak, hurbiltasunak, noski, urruntasunak baino askoz ere ugariago eta sakonagoak. Baina gauza bera egiten dute, alderantziz doi-doi, EAJ eta EEko euskara-alorreko bozeramaleek ere. Ikus, esate baterako, duela egun gutxi Patxi Bazterrikak prentsari eginiko adierazpenak, zeinetan “lumazo” batez deskalifikatzen bait gaitu “hizkuntzen arteko burrukaren teorietan edaten dugunok”. Edota EAJko Kultur Sailburuak “euskal munduaren gehiengoak elebitasunaren apostua egin duela” dioenean, bide batez, noski, gehiengoa omen ez garen euskaltzaleoi “intolerantzia”ren, “beste kulturen ukazioa”ren, “bakartasunaren pobrezia”ren eta gisa beretsuko beste hainbat estigma egozten dizkigularik."

Politikaren, industriaren eta kulturaren artean koka dezakegu "euskalgintza" delakoa, hau da, euskararen berreskuratzean eta indarberritzean saiatzen diren gizabanako eta erakundeak, herri nahiz instituzio mailan: irakasleak, idazleak, kazetariak, bertsolariak, musikariak, esatariak, aktoreak, itzultzaileak, filologoak, hiztegigileak, soziolinguistak, teknikariak, funtzionarioak, normalizatzaileak, euskaltegiak, elkarteak, taldeak, topaguneak, klusterrak, fundazioak, kontseiluak, konfederazioak, akademiak, unibertsitateak, argitaletxeak, banatzaileak, irratiak, telebistak, aldizkariak, egunkariak, zentroak, zuzendaritzak, zerbitzuak, arduralaritzak, aholkularitzak, sailak, sailburuordetzak, aholku-batzordeak eta beste.

Kronologiari behatzea baino ez dago euskararen aldeko diskurtso orbangabeak, azken finean, Berdintasunaren Diskurtso saioak, Txepetxi zor dionaz konturatzeko: sinonimoak zein perifrasiak gorabehera, "hizkuntz ukipenaren ondorioak", "(norabide bakarreko) gizarte-elebitasuna", "norberarenganako gorrotoa", "elealbotasuna", "gune sinbolikoa eta gunearen nuklearizazioa", "esparruen teoria (norbera, familia, lana, herria, nazioa, kultura, nazioartea)", "hizkuntzaren egoerak eta hizkuntzaren garapen osoa", "hizkuntz komunitateen arteko berdintasuna, "ikasketen teoria (motibazioa, ezagutza, erabilera)", "hizkuntz komunitatearen egitura eta autozentraltasuna", "trinkotzea", "talde soziolinguistikoak (AB, BA, A, B, Ø), "historiaren ikuspegi soziolinguistikoa", "estatu hedakorra", "indigenismoa", "ekolinguistika" eta abar. Neurtzen zailagoa da kontzeptuen argitzean, kategorien zedarritzean, eginkizunen lehenestean, norabideen finkatzean ("normalizazio bilakabidea vs galera bilakabidea"), jarreren asmatzean (bagina bezala, izango bagara) 1972tik euskalgintzak Txepetxengandik hartu duena.

Soziolingusitikan adituak, ordea, ez datoz kronologia horrekin bat. Maria Jose Azurmendi EHUko katedradunak 2006 urtean honelaxe zioen Bat aldizkarian: "Gure artean [eredu teoriko] ezagunenak eta erabilienak, [...] Txepetxena (1987) eta Fishmanena (1991, 2001) dira, biak euskararen (eta antzeko egoerako hizkuntzen) normalkuntza dute helburu eta horretarako ibilbidea proposatzen dute. Bi teoria hauek zenbait alderdi antzekoak dituzte, neurri batean Txepetxek Fishmanengandik zenbait teorizazio jaso dituelako; adibidez, hizkuntza guztien eskubidea hizkuntza normala izateko beren hizkuntza komunitateetan; elebitasunaren eta diglosiaren arteko harremana, hizkuntza komunitatean bertako hizkuntza zenbat funtziotarako baliagarri den aztertzerakoan, eta diglosia neurriak noraino aurreikus dezakeen hizkuntza baten irauteko edo galtzeko posibilitatea; hizkuntzaren eta hizkuntza komunitatearen botere politikoaren garrantzia, nahiz eta ez modu eta neurri berdinean erabili bi eredutan; eta abar. Bi ereduak oso eta holistiko moduan aurkezten dira. Baina autore bakoitzaren eredu teorikoak alderdi batzuk gehiago azpimarratzen ditu besteak baino, bien arteko halako osagarritasuna sortuz."

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren zerbitzuburu Mikel Zalbidek ere antzeko bidetik jo zuen 1999 urtean Eleria aldizkarian: "Gai hau ere ondo ezaguna da atzerriko bilingual setting eta minority language community gehienetan. Eskolaren motx gelditze horretaz Joshua A. Fishmanek eman izan ditu, bibliografia akademikoari dagokionez, argibide zabalenak: ikus, bereziki, bere Limitations on School Effectiveness in connection with Mother Tongue Transmission [1991]. Txosten honen hasieran aipatu dugun Charles A. Fergusonek ere, 1977ko artikuluan [...], azalpen argia egiten zuen muga-eragozpen horretaz: "The importance of the school context must not be overestimated, however, since major shifts in language use may take place without support from the schools or even in opposition to educational policy." [...]. Eskolaren eragimen mugatua hizkuntzaren iraupen-bidean, Eskoziako praktikan oinarritua, hemengo literaturan ere aspalditxodanik jasoa zegoen: ikus J.M. Sánchez Carrión Txepetx, 1974, Bilingüismo, diglosia, contacto de lenguas [...]. Inoiz gutxitan landu izan da, ordea, merezi duen sakontasunez."

Bukatzeko, erlijioaren auzia legoke. Apaizeria nahiz Eliza baino haragoko gizarte ez-konfesional eta sekularizatuan, Txepetxen teoriak giristino espiritualtasunean hartzen omen du elikagai sendoena eta, horri uko ez egiteagatik, aspaldi ari zaio leporatzen Txepetxi, Zientziaren izenean, jarrera sektario eta mesianikoa. Aldez eta moldez, etenak iraun dirau.

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Erreferentziak

[aldatu] Kanpo loturak

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak