Honoré de Balzac

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Honoré de Balzac
Honoré de Balzac
Louis-Auguste Bissonek Balzaci 1842an ateratako dagerretipoa.
Datu pertsonalak
Jaio 1799ko maiatzaren 20a
Frantzia Tours, Indre-et-Loire (Frantzia)
Hil 1850eko abuztuaren 18a
(51 urte)
Frantzia Paris (Frantzia)
Bikotekidea(k) Ewelina Hańska

Honoré de Balzac (Tours, Indre-et-Loire, Frantzia, 1799ko maiatzaren 20a - Paris, Frantzia, 1850eko abuztuaren 18a) frantsesezko idazlea izan zen: eleberrigilea, antzerkigilea, literatura kritikaria, arte kritikaria, saiakeragilea, kazetaria eta inprimatzailea. Gustave Flaubert idazlearekin batera, eleberri errealistaren ordezkari nagusia izan zen, eta haren eleberriak Frantsesezko literaturako garrantzitsuenetarikoak dira. Hala ere, ez zen eleberrietara mugatu, era berean landu baitzituen filosofia, antzerkia, kazetaritza, gutunak, eta ezin konta ahala asmo eta proiektu utzi zituen paper zorroetan zirriborratuak.

Idazle nekagaitza izan zen, idazlan erraldoi bat idatzi zuelarik: La Comédie humaine («Giza komedia») delakoa. Guztira 91 lan bukatu dira (istorioak, eleberriak eta saiakerak) eta 46 lan bukatugabe (horietako zenbait, izenburua baino ez dira). Gainera, hogeita hamar ipuin (Les cent contes drolatiques, 1832-1837) eta bost antzerki idatzi zituen. Egunkarietan eta aldizkarietan Balzacen sinadura guztiz preziatua zen. Gutun ugari idatzi zuen; 1850ean bere emazte bihurtu zen Ewelina Hańskarekin, bereziki, gutun truke luze bezain interesgarria izan zuen.

Balzacen prosak haren garaiko Frantziako gizarte osoa azaltzen dio irakurleari, berak zioenez «erregistro zibilarekin lehian». Frantses gizartearen irudi hori moldatzearren, Balzacek estetika errealista erabili zuen, xehetasunez beteriko deskripzio eta erretratuak eginez. Kontatzailearen antzeak eta pertsonaien gorabehera psikologikoen eta sozialen analisi sakonak eman diote eleberri bilduma horri literatura modernoan merezimendu osoz lortua duen lehen mailako lekua.

Honoré de Balzac, Vendômeko ikastetxean ikasle zela. Maxime Dastugueren margolana.


Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balzacen erretratu bat, 1820ko hamarkadaren erdialdekoa.

Honore de Balzac Toursen (Frantzia) jaio zen 1799ko maiatzaren 20an, burges familia batean; lau seme-alaben artean zaharrena zen. Hamalau urterekin Parisa joan zen bere familiarekin; Zuzenbideko ikasketak egin zituen, eta bi legegizonekin aritu zen lanean, notario laguntzaile eta abokatu laguntzaile, harik eta 1820an literaturari bete-betean eman zitzaion arte.

Hogei urte zituela, familiarekin ados jarririk, bi urteko epea hartu zuen bere idazle bokazioa probatzearren. Bere lehen lanek, izengoitiz sinatuta argitaratuak, ez zuten arrakastarik lortu. Hogei urte bete zituenez geroztik literatura izan zuen, hala ere, bere eginkizun nagusia, baina, horretaz gainera, era askotako zereginetan ari izan zen bere bizitza osoan. Idazletako bere lehen urteak Parisko teilatupe batean eman zituen, gosez eta hotzez, baina zeukan diru apurra luxuetan gastatuz, idazle ospetsu izateko ahalegin bizian, historiako eta fantasiazko nobela kaskar eta ezizenez argitaratuak ontzen.

Balzacen bikotekide Ewelina Hańskaren erretratua, Holz von Sowgenek egina (1825).

Negozio askotan ibili zen -aurrenekoa, moldiztegi bat-, baina ez zuen inoiz asmatu, eta, zorpeturik, negozio horietan aurrera egitea izaten zen beti haren irtenbidea, harik eta hondoa jotzen zuen arte. Baina idazten jarraitu zuen betiere, orduak eta orduak, kafearen akuiluaz; idazteko zuen grina sutsu neurrigabe berbera zuen bere bizitzan ere, zeren eta zenbat eta gehiago irabazi, orduan eta gehiago gastatzen baitzuen, zorretan leporaino egon arren, gehiegikeria izango balitz bezala haren helburu eta premia nagusia. Emakumeei zegokionez ere, harreman korapilatsu asko izan zituen, bera baino askoz emakume zaharragoak edo bera baino askoz gazteagoak, ezkutuan izandako seme-alabak...

1822an Madame de Bernyrekin harremanetan jarri zen; hark aristokraziaren mundua ezagutarazi zion, eta diru laguntza eskaini. 1825etik 1828ra bitartean zenbait negozio abiarazi zuen, baina batere onik gabe. Harrezkero, literatura ibilbide joria eta funtsezkoa osatu zuen. 1829an jadanik bere izenez sinaturiko La physiologie du mariage saiakerak eta Le Dernier Chouan eleberriak 1841ean Les Chouans izango zenak entzute handia eman zioten. Eleberriak etengabe argitaratzen jarraitu zuen, horien artean: Une passion dans le désert (1830), La peau de chagrin (1831), Le curé de Tours (1832), Eugénie Grandet (1833). Laster, eleberri bateko pertsonaiak besteetan ere agerrarazteko ideia otu zitzaion, era horretara gizarte oso bat moldatzeko moduan. Le Pére Goriot (1834) eleberrian lehen aldiz abiatu zen bide horretan barna.

Balzac hil (1850eko abuztuaren 18an) baino bost hilabete lehenago, Ewelina Hańska ukrainar emakume aberatsarekin ezkondu zen, harekin 17 urtez harremanetan egon ondoren, gutun bidez gehienbat, oso noizbehinka ikusten baitzuten elkar, ezkondu ziren arte.

«Gehiegitasunean bizi nahi du», esan zuen haren pertsonaia batek, eta horixe bera esan liteke Honore de Balzac beraz ere, bere edozein pertsonaia baino anbizio handiagokoa eta neurrigabeagoa baitzen.

Idazlanen deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza komedia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balzacen erretratua, Pierre Jean Davidek (David d'Angers goitizenaz ezaguna) 1843an egina.

Giza komedia obra erraldoia da. Bere garaian girotutako nobelak landu bazituen batez ere, idatzi zituen orobat bera baino lehenagoko garaietan girotutako nobelak, errealismoaren aldezle izan arren fantasiazko nobelarik ere idatzi zuen bezalaxe. Eta aipatzekoa da Une tenebreuse affaire («Kontu ilun bat») gaur egun polizia eleberria esaten zaion generoaren aitzindari izan zela, Edgar Allan Poe eta Wilkie Collins baino lehenago. Balzac izan zen, era berean, garai hartan indar handia hartu zuen nobelak zatika egunkarietan argitaratzeko moduari lehen atxiki zitzaiona, nahiz gero horretan espezializatu ziren beste idazle batzuek -Sue, Dumas, Feval- gaina hartu zioten horretan; egunero nobela puska bat argitaratuz ikuslearen jakin-mina sortzen zen eta irakurle asko erakarri zen horrela irakurketara.

1833. urteaz geroztik, Balzac hasi zen sumatzen bere nobela guztiak hiru partetan banatutako osotasun batean bildu zitzakeela: Études de mœurs, Études analytiques, Études philosophiques. 1837an bere obra osoa izenburu bakar baten pean biltzea pentsatu zuen, eta horretarako harpidetza sistema bat ere asmatu zuen, irakurleak ziurtatzeko. Azkenean, 1842an eman zion Balzacek bere proiektu erraldoi hari behin betiko izena: La Comédie humaine («Giza komedia»), berak 137 eleberriz osatzeko asmoa bazuen ere, hil zenean 91 zituen eginak: nobela luzeak eta nobela laburrak. 2.500dik gora pertsonaia dituen mundu hori indartzeko eta hari batasuna emateko, nobela bateko pertsonaiak beste nobela batzuetan agerrarazten zituen, ahaide bihurtzen zituen nobela batzuetako eta besteetako pertsonaiak, edota benetako pertsonak fikziozko pertsonaia bihurtzen zituen.

Mundu bat asmatu zuen historialaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honoré de Balzacen idazlanen 1901eko ingeles argitaraldi bateko zenbait liburuki.

Mundu oso, handi eta egiazko bat sortzea, horra hor Balzacen asmo gorena, bere ukrainar adiskideari gutun batean aitortuko zionez:

« Hauxe da jokatzen ari naizen jokoa: XIX. mendean lau gizonek izan dute berealdiko bizitza: Napoleonek, Cuvierek, O'Connelek, eta nik izan nahi dut laugarrena. Lehena Europaren bizitzaz bizi izan zen: gudarosteak txertatu zituen bere baitan. Bigarrena munduarekin ezkondu zen! Hirugarrenak herria gorpuztu zuen! Nik gizarte oso bat eramana duket neure buruan!  »

Balzacek oso garbi zuen, beraz, zer egin nahi zuen: bere garaiko nobela aldatzea. Hori izan zen haren gogoeta nagusia. Berritzailea izan zen, genero berrien sortzailea. Nobelari buruz teoria oso bat zertu zuen, eta teoria horren alderdi batzuk aipatuko dira soil-soil segidan. Ez zuen bere burua kontalari xume ikusten, mundu baten sortzaile baizik; ez zuen gogobetetzen benetako mundua nobelara bere horretan aldatzeak, benetako mundu horretan oinarriturik bere garai osoa bezain mundu benetako eta erreala asmatu nahi zuen hark. Asmatze horri Balzacek «bere garaiaren historia egitea» deitzen zion, ez ordea historia ofiziala, gertaeren ondorioena (itxura hutsa baita hori), kausena baizik. Balzac, heraz, historialari moduko bat zen, halakotzat zeukan bere burua, eta halakotzat aitortu izan dute geroztik aditu eta idazle askok, baina «giza bihotzaren historia» egin nahi izan zuen, norberaren barne historia, historia sekretua, gertaera psikologikoak aztertzen dituena. Bere garaiari buruzko egia osoa adierazi nahi izan zuen Balzacek. Zentzu horretan, «erregistro zibilarekin lehian» ibili nahi zuela esaten zuen.

Bere eleberri bilduma osotasun baten gisara sortu zuen: gertaera multzo bat, milaka pertsonaien bidez kontatua, giro jakin batean. Giro hori ez da gertaeren gertaleku soila : giroak gertaerak baldintzatzen ditu, gertaerek giroa bera tankeratzen duten bezala.

Bere garai osoa baliatu zuen bere obrarako lehengaitzat, horretarako herak bere buruari eman zizkion lege zorrotzak betez. Egiantzekotasuna eta dena aldi berean bat eta era askotakoa izatea -dena dagoela, alegia, elkarren mende- izan zituen lege nagusiak.

Dirua, aginpidea eta grina gai nagusitzat harturik, bere garaiko gizartean -eta garai guztietakoan- dena elkarri lotuta eta elkarren harremanetan dagoela adierazi nahi izan zuen. Eginahal horretan Cervantes, Molière, Tazito, Sterne, Richardson, Rabelais, Montaigne, Rousseau, La Rochefoucauld, Locke izan zituen eredu nagusiak.

Nobela, beraz, gizabanakoei dagokien drama bat zen harentzat, eta aldi berean gizarte osoa tartean sartzen duen epopeia bat.

Idazle atzerakoi baten koskak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honoré de Balzacen bustoa, brontzezkoa, Auguste Rodinek egina (1891 – 1892).
Balzacen hilobia, Parisko Père Lachaise hilerrian.

Balzac erregearen eta Erromatar Eliza Katolikoaren defendatzaile sutsu eta berrikuntzen kontrako agertu zen maiz bere idatzietan; aurrerabidearen eta etorkizunaren gaitzespenez, gogotik goraipatu zituen burgesiak hondaraziak zituen sineste eta ustekizun zaharrak, liberalismoaren urrezko aroa hastera zihoan garai hartan. Hala ere, haren obraren ikertzaile batzuek geroztik esan dutenez, Balzacek, atzerakoia izan arren, gogor kritikatu eta gaitzetsi zuen bere garaiko gizarte kapitalista.

Munduaren ikuskerari dagokionez, Balzacek berak esana da: «ne suffit pas d'etre un homme: il faut etre un systeme» (Ez da aski gizon izatea: sistema behar da izan).

Balzacen sistema behatzaile zorrotz-zorrotza izatea izan zen, berak zientifikoa iritzi zion moduan. Hala, bere nobeletan, joera handia izan zuen berez nobelan beharrezkoak ez ziren edo irakurleak inondik ere jakiterik ez zituen errealitatearen alderdi jakin batzuk ere aipatzeko, adierazi nahi zuen munduaren egiaren eta koherentziaren mesedetan. Ezaguerari zegozkion alderdi guztiak atzeman nahian, Balzacek maiz kontalariaren egokitasuna sakrifikatzen zuen, ideia eta juzku nagusiak aurreratzen baitzituen pertsonaiari berari hitzez eta egintzez bere burua aurkezten utzi baino lehen, alegia, pertsonaiei bizia emateaz gainera, bere interpretazioak eta usteak eransten zizkien.

Zehaztasunaren zehaztasunez eta esplikazioaren esplikazioz, Balzacek bere estiloa korapilatu zuen sarri, eta oso gauza bitxia da nola goitik behera zuzentzen, aldatzen eta eranskinak egiten zizkien inprentako probei, etengabe ari balitz bezala bere obra zabaltzen, gorde diren inprentako orrialde batzuek garbi adierazten dutenez.

Zuzenketen grina hori dela eta, estilo falta egotzi izan dio, estilo zehaztasuna baino areago, hainbat idazlek Balzaci. Hala, Baudelairek esan zuen Balzac, funtsean, ez zela hainbeste behatzaile errealista zorrotza, nola iragarle aparta, eta, bestalde, hainbeste zuzenketekin obra osoaren batasuna lausotzen eta aztoratzen zuela, baina hori zela Balzac izatez zen historialari handiari aurkitzen zion akats bakarra. Proustek, berriz, klasikotzat hartu bazuen ere Balzac, isiltzen ez jakitea egotzi zion batez ere, narrazioari berez zegokiona mugatu ordez esanahiari buruzko xehetasunak eta gogoetak gehiegikeriaz erantsi izana hitz bakoitzari. Balzacentzat, ordea, xehetasunak ziren izaera jakin baten erretratu osoa egiteko eta izaera hori besteengandik bereizteko bide bakarra. Flaubertek gupida gabe epaitu zuen Balzac: «Bigarren mailako kankailua». Baina hala eta guztiz ere, gizon erraldoi, suhar eta ekin haren itzala ezin handiagoa izan da literaturan, nobelari betiko lotua geratu baita haren izena, berak hein handi batean tankeratu eta gorpuztu zuen eta XIX. mende hartan goia jo zuen generoari.

Idazlan nagusien zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honoré de Balzacen idazlanen zerrenda osoa, Hugo P. Thiemeren bibliografiaren arabera (1907).

Bertso tragikoa

  • Cromwell (1819)

Bere heriotzagatik amaitugabeak

  • Le Corsaire (opera)
  • Sténie
  • Falthurne
  • Corsino

Ezizenez argitaratuak "Lord R'Hoone" ezizenez, eta elkarlaneann

  • L'Héritière de Birague (1822)
  • Jean-Louis (1822)

"Horace de Saint-Aubin" ezizenez

  • Clotilde de Lusignan (1822)
  • Le Centenaire (1822)
  • Le Vicaire des Ardennes (1822)
  • La Dernière Fée (1823)
  • Annette et le Criminal (Argow le Pirate) (1824)
  • Wann-Chlore (1826)

Anonimoki argitaratuak

  • Du Droit d'aînesse (1824)
  • Histoire impartiale des Jésuites (1824)
  • Code des gens honnêtes (1826)

La Comédie humaine idazlaneko izenburu hautatuak

Antzerki lanak

  • L'École des ménages (1839)
  • Vautrin (1839)
  • Les Ressources de Quinola (1842)
  • Paméla Giraud (1842)
  • La Marâtre (1848)
  • Mercadet ou le faiseur (1848)

Ipuinak

  • Les cent contes drolatiques (1832–37)
  • La Grande Bretèche
  • An Episode of terror

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Honoré de Balzac Aldatu lotura Wikidatan