Hugh Thomas

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Hugh Swynnerton Thomas (Windsor, Ingalaterra, 1931 -) britainiar hispanista da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiako ikasketak egin zituen, Britainia Handian eta Frantzian. 1954an Kanpo Arazoetako ministerioan lanean hasi zen. 1955ean Espainian izan zen lehen aldiz, eta Espainiako Gerra Zibilari buruzko ikerketak egiten hasi zen. Sei urte geroago, The Spanish Civil War (Espainiako Gerra Zibila) argitaratu zuen. Espainian 1976an argitaratu zen lehen aldiz (La Guerra Civil Española).

Kanpo Arazoetako ministerioa utzita, 1956-1976 bitartean historia-irakasle izan zen Readingeko Unibertsitatean, eta 1979. urteaz geroztik Historiako katedraduna izan zen unibertsitate horretako Graduate School of European Studies delakoan (Europar Ikasketetako Unibertsitate Eskolan). 1957an Sandhurst-eko Errege Akademia Militarreko irakasle izan zen. Halaber, 1979. urtetik aurrera, Centre for Policy Studies (Ikasketa Politikoetako Zentroa) delakoan lehendakari izan zen.

1974 arte Alderdi Laboristako kide izan zen, eta Harold Wilson lehen ministroaren laguntzaile izatera iritsi zen. 1977an Alderdi Kontserbadoreko kide egin zen, lord Carringtonen aholkulari izan zen, eta Margaret Thatcher lehen ministroaren hispaniar gaietarako aholkulari. Alberto Oliart espainiar ministro ohiarekin batera, Anglo Hispaniar Tertuliak antolatu zituen, Britainia Handiko eta Espainiako politikari, ekonomiari eta kulturari buruzko eztabaidagune gisa.

1984an, bere lehen eleberri historikoa argitaratu zuen, XVIII. mendean Habana okupatzera joandako britainiar espedizio bati buruzkoa: Havannah. 1992an, Sevillan, Mendebaldearen Aurkikuntza sinposiuma antolatu zuen, eta Mediterraneoa eta Amerika liburu-katalogoaren idazketan parte hartu zuen, Amerikaren Aurkikuntzaren Bosgarren Mendeurrena ospatu zenean.

Haren idazlanen artean aipatzekoak dira, beste liburu askoren artean, Conquest: Montezuma, Cortés and the Fall of Old Mexico (1994, Konkista: Moctezuma, Cortés eta Mexiko Zaharraren gainbehera); eta La trata de esclavos. Historia del tráfico de seres hummanos de 1440 a 1870 (1998, Esklaboen salerosketa. Gizakien salerosketari buruzko historia 1440-1870 bitartean), gai horiez idatzi diren libururik onenetakotzat hartuak dira.

Beste zenbait lan aipagarri: The Suez Affair (1967, Suezko auzia); Cuba, or the Pursuit of Freedom (1971, Kuba edo askatasunaren aldeko borroka); Goya's 'The Third of May': Europe: The Radical Challenge: 1808; The Cuban Revolution (1977, Kubako Iraultza); An Unfinished History of the World (1979, Munduari buruzko Historia amaitugabea); Los comienzos de la guerra fría (1945-1946) (1989, Gerra hotzaren hasiera 1945-1946); The Traveller's Companion to Madrid (1988, Madrili buruzko gida bidaiarientzat).

1981ean lord izendatu zuten, eta Swynnertongo baroia titulua eman zioten. Lorden Ganberako kide da. 2001eko ekainean, Elisabet Katolikoaren Gurutze Handia eman zioten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]