Hugo Chávez

Wikipedia(e)tik

(Hugo Chaveztik berbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Hugo Chávez Venezuelako 53. Presidentea

Hugo Rafael Chávez Frías (Sabaneta, Barinas, Venezuela 1954ko uztailaren 28a) militar eta politikari venezuelarra. 1999ko otsailaren 2tik Venezuelako 53. presidentea da.

Bere mugimendu politikoan, Simon Bolivar Askatzailea (El Libertador) heroi nazionalaren irudia erabiliz, sozialismo demokratikoa eta Hego Amerikaren integrazioa egin ditu bere programaren ardatz, AEBen inperialismoaren, neoliberalismo ekonomikoaren eta globalizazioaren aurkako aurpegi ezaguna bihurtuz.

Venezuelako armadako ofizala zela, 1992an Carlos Andrés Pérez presidentearen kontrako estatu kolpean buruzagi izan zen Chávez. Estatu kolpeak ez zuen bere helburua lortu, eta kartzelatik igaro ondoren, Chávezek Bosgarren Errepublikaren Mugimendua (MVR, gaztelaniaz) izeneko alderdi ezkertiarra sortu zuen. 1998ko hauteskundeak irabazi zituen bozen %60 baino gehiagorekin, Venezuelako gehiengo pobrearen zerbitzuan lan eginen zuela aginduta. Bere gobernua sostengatzen duten alderdi politikoek, ordura arteko politikariak boteretik baztertzea lortu dute. Konstituzio berri bat onartu da eta Venezuelako Errepublika zena, orain Venezuelako Errepublika Bolibartarra da. Bolivar Misioak garatu ditu, Venezuelako auzune eta herrixka pobreetan osasun eta hezkuntza beharrak asetzeko helburuarekin. Nazioarteko Diru Funtsa eta Mundu Bankuaren politika neoliberalak gaitzetsi ditu eta Hegoamerikako nazioen integrazioan urratsak ematen ari da, Ameriketako Estatu Batuen atzerri politikaren kontra zuzen zuzenean joz.

Neurri horiek hautsak harrotu dituzte bai Venezuelan bai kanpoan. Chávezek kritika nahiz laudorio beroenak jasotzen ditu. Venezuela barnean, badaude txiroei lagundu eta ekonomiaren hazkundea eragin duela esaten dutenak, baita autokratikoa dela eta ekonomia galbidera eraman duela esaten dutenak ere. Atzerrian ere, hainbat gobernuk petrolioaren prezioren egonkortasunerako eta eskualdeko bakerako mehatxutzat jotzen du Chávez; beste batzuek, aldiz, laguntza programei harrera beroa ematen diete.

Tresna pertsonalak