Hugo Sánchez

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Hugo Sánchez.

Hugo Sánchez (Mexiko Hiria, Mexiko, 1958) futbolari profesional ohia da.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Odontologia ikasi zuen Mexikoko Unibertsitate Autonomoan, eta futbolari gisa Pumas taldean hasi zen jokatzen. Hirugarren mailan ari zela, golegile nagusia izan zen, eta, horri esker, gora egin zuen taldearen barruan. 1975ean Cannesko Txapelketan aritu zen, eta han ere gol gehien sartu zituena bera izan zen. Hala, hamazazpi urte zituela, jadanik ospetsu zen Mexiko osoan, eta kazetariek el niño de oro (Urrezko Mutikoa) esaten zioten. 1975ean, Panamerikar Jokoetako olinpiar taldearekin irabazle izan zen, eta ondoren, Montrealgoetan parte hartu zuen. Joko haien ondoren Mexikora itzuli zen, eta Pumas taldearen talde nagusian hasi zen.

1981ean Atlético de Madrid taldeak kontratatu zuen, eta hasiera zaila izan bazuen ere, arrakasta handia lortu zuen Espainian. 1985. urtea izan zen talde horretan egin zuen azkena eta golegile nagusia izan zen. Mexikora itzuli zen, Pumas taldera, baina berehala Real Madril taldeak hartu zuen. Madrilgo talde horrekin bost Liga Txapelketa irabazi zituen (1986, 1987, 1988, 1989 eta 1990), Errege Kopa bat 1989an, UEFA kopa bat 1986an, eta Superkopa bat 1991n.

Real Madrilgo jokalari zela 250 gol egin zituen, eta Ligako golegile nagusia izan zen hiru alditan. 1990-1991 denboraldian 15 alditan bakarrik jokatu ahal izan zuen, eta 12 gol besterik ez zuen egin, bi lesio izan baitzituen. Hurrengo denboraldian ere ez zituen partida asko jokatu, Real Madril taldeko zuzendaritzak ez jokatzeko isuna ezarri baitzion, UEFAko partida batera joan nahi izan ez zuelako. 1992an, Mexikoko América taldera joatea erabaki zuen, baina hurrengo urtean Espainiara itzuli zen Rayo Vallecano taldean aritzeko asmoz. Azken talde horretan ez zen ondo ibili eta Mexikora itzuli zen. 1996an utzi zuen futbol profesionala.

FIFA 100 zerrendan (bizi diren futbolari onenen zerrenda) dago, bai eta FIFAko adituek osatzen duen XX. mendeko 50 Jokalari Onenak zerrendan ere.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hugo Sánchez Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]