Hugo von Hofmannsthal

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Hugo von Hofmannsthal 1983an.

Hugo von Hofmannsthal (Viena, Austria, 1874 - Rodaun, Viena ondoan, Austria, 1929) austriar olerkari eta antzerki-idazlea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzenbide eta literaturako ikasketak amaiturik, Rodaunen erretiratuta bizi izan zen, eta tarteka Frantziara eta Mediterraneoko herrialdeetara bidaiak egiten zituen.

Hasierako olerkiak eta drama poetikoak Vienako dekadentismoaren arauen araberakoak dira: Gestern (1891, Atzo); Der Tod des Tizian (1892, Tizianoren heriotza); Der Tor und der Tod (1893, Eroa eta heriotza). Venezia gertaleku duen Der Abenteurer und die Sängerin (1899, Abenturazalea eta kantaria) izenburuko obran, Hofmannsthalek bere gai kutuna erabili zuen: aldaketaren eta beti bat izateko premia moralaren arteko gatazka.

1901ean poesia idazteari utzi zion, estetizismo subjektiboan ixteko arriskuari ihes egitearren. Teatro klasikoaz interesaturik, moldaerak apailatu zituen: Elektra (1904); Ödipus und die Sphinx (1906, Edipo eta esfingea); Ariadne auf Naxos (1912, Ariadna Naxosen). Richard Straussek bere operetarako hartu zituen haietako batzuk.

Erdi Aroko misterioetan inspiraturiko obra bat ere badu, bereetatik ospetsuena: Jedermann (1911). Urte berean Der Rosenkavalier (Arrosaren zalduna) drama musikalaren libretoa idatzi zuen, R. Straussentzat.

Calderonen antzerkian oinarritu zen beste bi obratan: Das Salzburger grosse Welttheater (1922, Salzburgoko munduko antzoki handia) eta Der Turm (1925, Dorrea).

Prosaz ere badu obrarik: Das Erlebnis des Marschalls von Bassompierre (1900, Bassompierre mariskalaren abentura); Andreas oder die Vereinigten (1932, Andrea edo aliatuak), amaitu gabeko eleberria; Die Frau ohne Schatten (1916, Itzalik gabeko emakumea).

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hugo von Hofmannsthal Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]