Wikipedia, Entziklopedia askea

}}

Zuhaitz-igel arrunt
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAmphibia
OrdenaAnura
FamiliaHylidae
GeneroaHyla
Espeziea Hyla arborea

Zuhaitz-igel arrunta edo Hyla arborea Euskal Herrian aurki daitekeen igeletako bat da. Igel honen kolorazio ohikoena berdea bada ere, tonalitatea oso aldakorra izan daiteke, eta marroixka izatera hel daiteke. Gainera, indibiduo batek, zein substraturen gainean dagoen edota dituen sentipenen arabera kolorearen intentsitatea alda dezake. Sudurzulo bakoitzetik lerro beltz bat luzatzen da animaliaren alde biak eta baita hankak ere zeharkatzen dituena. Lerro ilun hau inguratzen zuri edo krema koloreko beste lerrotxo bat beha daiteke. Bizkarrean ez dute orbanik aurkezten eta alde bentrala zuria dute.

Gorputza obalatua izan ohi da eta burua nahiko zabala. Bertan kokatzen diren tinpanoak nahiko txikiak dira, igeletan topatzen diren tinpanoekin erkatuz. Alde dortsala leuna den bitartean, behe-aldea bikortsua dute. Arrek, ahots-zaku handia dute, eta kantu egiten dutenean nabarmenki puzten da; kantatzen ez dagoenean, tolestura batzuk sumatzen dira hau kokatzen den ingurunean.

Hanka luzeak ditu anuru honek eta behatzarteko mintzik gabekoa da (agertu daitezke, baina kasu hauetan ez dira ezta atzamarren luzera erdira ere ailegatzen). Hatz bakoitzaren muturrean disko-formako kopadura bat ageri du, eta honek baimentzen dio zuhaitzen hosto, adar eta beste hainbat gainazali atxikitzea.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igel espezie honek Europa du bizileku, eta Norvegia, Estonia, Letonia, Ingalaterra eta [[Irlanda] kenduta, beste herrialde guztietan, gehiago edo gutxiago, topa dezakegula esan genezake.

Euskal Herrian, bi populazio ezberdindu ditugu: bata gune mediterraniarrean kokatzen da (uren banaketa-lerrotik hasi eta Ebroraino, Nafarroaren hegoaldea kenduta), eta bestea kostaldean, banaketa lerro estu bat osatuz.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Putzu, urmael eta zingiren moduko inguruneak ditu gogoko igel honek, landare anitzez inguraturik daudenak batez ere. Itsas mailatik eta kota altuetara bitartean topa daiteke anfibio hau, eta altuera handienean aurkitu den populazioa 1950 m-tara bizi da. [Zuhaitz]]en adar eta hostoetan ematen du denbora gehiena, baina hala ere, zenbait momentutan, uretan edota lurrean ere ikus daiteke.

Ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emeek erruten dituzten arrautzek, 800tik 1.000ra izan daitezkeenak, kolore horixka eta 1,5 mm-ko diametroa dute. Errun eta 12-15 egunera, 5-8 mm-tako larbak jaiotzen dira. Garapena aurrera doalarik, zapaburuek, kolore gris edota berdea hartu eta metamorfosia pairatzen hasten dira. 3 hilabeteren buruan, animalia gazteak uretatik ateratzen hasten dira, eta baita talde handitan irten ere. 3-4 urte eta 5 cm inguruko tamaina dutelarik lortzen dute heldutasun sexuala. 5 urteko bizi luzetasuna du animaliatxo honek naturan.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udaberri edo negu bukaeran, ugaltzeko garaia heltzen zaie anuru hauei, eta arrak emeei aurrea hartuz putzuetara jotzen dute. Hor direlarik, emeak erakartzen dituzte «kraar-kraar-kraar» soinua behin eta berriro errepikatuz; kantu hau, ugalketa garaitik kanpo ere burutu dezakete hezetasun altuko egunetan, euria egin eta gero batez ere. Emeak ar bat aukeratu ondoren, arra, emearen bizkarraldera igo eta bikoteak, anplexus axial deritzon jarrera hartzen du. Anplexusa, bi ordutan luza daiteke eta gauez zein egunez burutu dezakete.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie hau, gautar eta ilunabartarra da batez ere, baina deshidratazioa nolabait jasateko moldatua dagoen larruazala duenez, egunez eguzkitan ere aurkitu daiteke. Zuhaitzetan egon ohi da, eta gutxitan arriskatzen da lurrean edota uretan egotera, bere etsaien menpe. Bero altuko egunetan ordea, putzu, harripe eta leku freskoetan gordetzen da.

Udazkenetik udaberrira, lokatz, goroldio eta arrakalen artean hibernatzen du.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mingaina erabiliz edota harrapakinen gainean salto eginez ehizatzen du. Harrapakinen artean, tximeleta, kilker, euli eta beste hainbat intsektu aurkitzen dira. Indibiduo batzuen urdailean, hemipteroak, opilioiak eta inurriak ere topatu dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anfibioak izan ohi dituzten etsai natural berberak ditu Hyla arboreak, besteak beste hegazti harrapariak, ugaztun “anfibiozaleak”, narrastiak… Gainera, intsektu urtarrek, anfibio honen zein beste askoren zapaburuei erasotzen diete.

Bestetik, gero eta zailago bihurtzen ari da espezie honetako indibiduo bat naturan aurkitzea, eta honen arrazoien artean, ekintza antropikoa nabarmendu beharko genuke. Gizakiak, putzuen eta zingiren inguruko landaredia murriztu, zapaburuak kaltetzen dituzten intsektizidak erabili eta hezeguneetan, hauek kutsatzen dituzten gune industrialak kokatzen baititu. Beraz, espezie honen “etsai naturalen” artean gizakia sartzea legezkoa litzake.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]