IP Bideratze-taula

Wikipedia, Entziklopedia askea

Konputagailu-sare batean, bideratzaileetan zein erabiltzaileen konputagailuetan gordetzen diren eta sareko elementuen arteko bideratzea errazten duten taulei bideratze-taula deritze. Bideratze-taula baten lerro bakoitzak bide bat adierazten du (route). Honako informazio hau izango dugu bide bakoitzerako:

Helburu-helbideak. Normalean hemen ez dira IP helbide soilak agertuko, helbide sortak baizik (normalean, sare helbideak). Helbide sortak adierazteko Azpisare-maskarak erabiltzen dira. Datagrama bat bideratzean, konputagailuak bere helburu-helbidea begiratzen du eta taulan bilatzen du. Dagokion helburu sorta aurkitzen duenean, bilaketa eteten da.
Hurrengo urratsa. Datagramak bere bidean bisitatu behar duen sarearteko hurrengo bideratzailearen IP helbidea.
Interfazea. Makinak aktibo dituen interfazeen artean, nondik transmititu behar den datagrama hurrengo urratsera iristeko.
Metrika. Bide hau erabiliz gero, helburura heltzeko kostua. Bideratze-taula batek bide bat baino gehiago izan ditzake helburu berdinera iristeko, baina metrika baliorik hoberena duena hartzea da komenigarriena. Normalean, balio honek helburura iristeko zeharkatu behar diren bideratzaile kopurua adierazten du.
Bideratze-taula

Informazio hau da bideratze-taula guztietan agertzen dena, horrez gain, informazio osagarria ere egoten da.

Irudian ikus daiteke bideratze-taula baten adibidea, zeinean helburu-helbidea adierazten den (Destination), hala nola hurrengo urratsa (Gateway, kasu honetan IP helbidea ez da ohiko nomenklaturan azaltzen), interfazea (Interface) eta metrika (Metric).

Horrez gain bi eremu gehiago ere agertzen dira, helbide mota (Type) eta bideratze-protokoloa (Protocol).

Datagrama bat prozesatzean, datagramaren helburuko-helbidea bideko helburu-helbidearekin bat datorren begiratzen da. Bat datozen bideek balizko bideen multzoa osatzen dute. Hauen artean maskara luzeena dutenak dira gure datagramari gehien dagozkionak. Maskara luzeena bi bide edo gehiago badaude, hauen artean metrika hoberena duena aukeratzen da, baina oraindik ere metrika bereko bi bide edo gehiago badaude, hauen artean ausazkoa da aukeraketa.

Erabiltzaileen konputagailuen taulen tamaina txikia izan ohi da eta beraz ez du arazorik ematen, bideratzaileetatik ordea trafiko ugari pasatzen da eta garrantzitsua da bideratze-taula txikiak izatea, datagramen prozesatze-denbora minimoa izan dadin, kongestioak emateko probabilitatea gutxituz. Horretarako, subnetting teknika erabiltzen da, hainbat sare-helbide helbide bakar batean elkartzeko, azpisare-maskararen erabileraren bidez.

Ikus,gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]