Ibarrangelu

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Ibarrangelu

 Bizkaia
Ibarrangelu udalerriko herrigunea 2003ko ekainean.
Ibarrangelu udalerriko herrigunea 2003ko ekainean.
Ibarrangeluko bandera

Ibarrangeluko armarria

Izen ofiziala Ibarrangelu
Estatua
Erkidegoa
Herrialdea
Eskualdea
Espainia
Euskal Autonomia Erkidegoa
Bizkaia
Busturialdea
Alkatea Jesús María Ziluaga Acebo (AR)
Herritarra ibarrangelutar
Koordenatuak 43°23′29″N 2°37′49″W / 43.39139°N 2.63028°W / 43.39139; -2.63028Koordenatuak: 43°23′29″N 2°37′49″W / 43.39139°N 2.63028°W / 43.39139; -2.63028

Bizkaia municipalities Ibarrangelu.PNG

Eremua 15,6 km2
Garaiera 80 m
Distantzia 44 km Bilbora
Posta kodea 48311
Biztanleria 633 bizt. (2013)
Dentsitatea 40,58 bizt./km²
http://www.ibarrangelu.net

Ibarrangelu Bizkaiko Gernika-Bermeo eskualdeko udalerria da. Oka ibaiaren ekialdean dago. 2012ko urtarrilaren 1eko erroldaran arabera 641 biztanle zituen. Laga eta Laida hondartzak udalerri honetan daude.

Inguru naturala eta klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldean Elantxobe udalerriarekin egiten du muga, mendebaldean Oka ibaiarekin, ekialdean Ea udalerriarekin, eta hegoaldean Gautegiz-Arteaga eta Ereño udalerriekin. Udalerri hau Urdaibaiko biosferaren erretserbaren barnean dago, Arboliz auzoa izan ezik.

Herriaren erdigunetik hiru kilometrora dago Laga hondartza, eta zazpi kilometrora Laida. Ibinaga auzoan, Elantxobera doan errepidetik behera harrizko hondartza bat topa dezakegu, Ibinagako Lapatza deritzona.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibarrangeluko klima ozeaniko hezea da, korronte bero baten eragina eta urte osoan zehar tenperatura lasaiak ditu. Ipar eta ipar-mendebaldeko haizeak ohikoak dira urte osoan. Euriak udazkenean eta udaberrian ugariak izaten dira, negu onberarekin eta uda ez oso beroekin. Itsasoko haizeek tenperaturan eragina dute beti, eta barrualdeko beroak nekez iristen dira itsasaldera udan.

Auzoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriko gune nagusia Elexaldeko eta Ibinaga auzoak biltzen dituen haranean dago, bertan udaletxea, San Andres eliza eta herriaren zerbitzu nagusiak dira. Laga hondartzara doan ibaiak eta errepideak bitan banatzen dute harana.

Banandutako auzo ugari dago Akorda, Merru, Lastarri eta Gendika esaterako. Horietatik garrantzitsuena Akorda auzoa da, guztira 81 biztanle bizi dira bertan.

Auzo guztiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arboliz, Akorda, Antzora, Andikone,Durukiz, Elexalde, Gametxo, Gendika, Ibaeta, Bolueta, Iturriotz, Tremoia, Iruskieta, Garteiz, Allike, Ibinaga, Laga, Laida, Lastarri eta Merru.


Ibarrangelu udalerriaren irudi panoramikoa.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibarrangeluko elizatearen sorrera ez dago argi Bizkaiko hainbat elizaterekin gertatu bezala. 1334. urteko uztailaren 4an, Haroko Maria Lopezek, Bizkaiko andreak, Arteaga eta Zubietako jaunei, Lekeitioko Andra Maria eliza, Arbatzegiko San Vizente elizarekin trukatu zien. Une hartatik aurrera, Lekeitioko jaun hauei hamarrenak ordaindu behar izan zizkiotela.

1524an Elantxobeko gunearen egitea hasi zuten Ibarrangeluko biztanleek. 1547. urtean gatazka sortu zen Ibarrangelu eta Bermeoko arrantzaleen artean, bi balearen arrantzaren ondorioz. Ibarrangeluko arrantzaleek arrantzatu zituzten arren, Bermeoko arrantzaleek lapurtu omen zizkieten eta. 1624ko apirilaren 17an, Bizkaiko aldundiak, herbereharren erasoen beldurrez, Bizkaiko itsasaldea babesteko agindua eman zuen. Horretarako, kapitainak izendatu zituzten itsasaldeko herri guztietan. Ibarrangeluren kasuan, Juan Urtiz Mendoza izendatu zuten kapitain, Muruetako jauna zena. Ibarrangelukoarekin batera, Gautegiz Arteaga, Akorda, Elantxobe eta Legendikako kapitaina ere bazen.

Nekazaritzarekin izan da beti loturik herriaren historioa. San Andres elizaren inguruan eraikitako herrixka 1.400 biztanle izatera heldu zen. Dena dela, iraultza industriala garatuaz batera, herriko biztanle askok hiri handietara jo zuten, etorkizun hobe baten bila. Hasieran migrazio hauek Gernikara bideratu ziren, izan ere, Ibarrangelu Gernikatik hamalau kilometrora baino ez dago. XX. mendeak aurrera egin ahala, ordea, migrazio jarioak Bilbo eta inguruko herrietara bideratu ziren.

1858. urtean, Ibarrangeluren auzo izandako Elantxobe herritik banandu zen, udalerri independente bihurtuz. Horrela, arrantzak herriaren jarduera ekonomiko nagusi izateari utzi zion. Ia 150 urtez banandurik egon arren, bi herrien arteko lotura oraindik oso handia da.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken hamabost urteetan biztanleria gorantz joan da pixkanaka, eta etxebizitza ugari eraiki da, gehienak, udarako bigarren etxebizitzak direla. Dena dela, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBKk Bizkaian gazteentzako etxebizitzak eraikitzeko planaren barnean, hogei etxebizitza eraikiko dituzte herrian. Horrek biztanle gehiagoren erroldatzea eragin du.

Horrez gain, zerbitzu eta azpiegitura berriek herritarren bizimodua hobetu egin dute. Adibidez, 1990eko hamarkada bukaeran eraiki ziren espaloiek, edota 2007. urterako amaitu zen pilotaleku estali berriak. Horrez gain, 2003. urtetik aurrera herriko ur zikinak ez dira itsasora isurtzen, Aldundiak diruz lagunduriko araztegi bat ezarri ostean.

Gaur egun, sektore ekonomiko berriak sustatzen ari dira, landa-turismoa esaterako. Horretan dihardute Arboliz eta Gametxo auzoetan bi ostatu txikik.

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibarrangeluko biztanleen artean %90 inguruk hitz egiten du euskaraz.

Herrian bizkaiera hitz egiten da.

Demografia eta biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mende hasierara arte Ibarrangelu Bizkaiko herri nahiko garrantzitsua izan zen, itsasaldeko portu nagusien artean zen eta; gaur egun herri independente den Elantxobe herriaren zati zenean. XX. mendearen hasieran, herriak 1.400 bat biztanle zeuzkan, baina industria iraultzak eragindako migrazioek erdira murriztu zuten kopuru hori.

Biztanleria mende osoan zehar ibili zen beheranzko joeran, hala ere, hori gerra zibilaren ostean nabarmendu zen gehienbat. Punturik baxuena 1981. urtean ageri zen, urte hartan herrian 499 biztanle baino ez zeuden erroldaturik, mende hasieran baino %60 gutxiago. Ordutik biztanleria igoz joan da urtetik urtera, horrela, gaur egun 570 biztanle daude.

Gaur egun familiek mende hasieran baino kide gutxiago dituzte, horrela, nahiz eta 1900ean baino etxebizitza kopuru askoz handiagoa egon, biztanleria erdira murriztu da. Horrez gain, etxebizitza asko udan bakarrik erabiltzen dira, izan ere, udan herriko biztanleria hirukoiztu egiten da, Bizkaiko itsasaldeko herri askotan gertatzen den bezala. Horrek zerbitzuetan arazoak sortzen ditu, horiek normalean neguan bizi den jende kopuruari egokiturik egon ohi baitira.

Biztanleriaren egiturari dagokionez, adin nagusiko biztanleria da nagusi, zahartze prozesua nahiko nabarmena izan dela. Antzina umez beterik zegoen eskola, gaur egun,ordea, hutsik dago. Azken urteetan, dena den, kultur etxe bat eta KZgune bat egokitu dira bertan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, teknologia berriak herri txikietara ekartzeko asmoz.

Azken urteetan eraikuntzak garrantzia hartu du herrian, hainbat txalet eta etxebizitza eraiki dira, gehienbat udarako etxebizitzak. Baina baita babes ofizialeko etxebizitzak ere.

Gehiago jakiteko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraiobide eta azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herria Bilbo eta Gernikarekin batzen duten Bizkaibus konpainiaren autobus zerbitzua dago, herritik bi orduan behin igarotzen dena. Uztail eta abuztuan zehar, gainera, Gernika eta Elantxobe arteko autobus zerbitzu berezia jartzen da, Laga eta Laida hondartzetatik zehar ibilbidea duena.

Inguruko herrietakoak bezala, Ibarrangeluko biztanleak daukaten garraio zerbitzu eskasaz kexu dira. Dena den, Bizkaian biztanle gutxien duen gunea izanda zaila da maiztasun handiagoko zerbitzua jartzea.

Autobusaz gain, udako bi hilabetez, Laida, Mundaka eta Busturia arteko itsaontzi zerbitzua ere egoten da. Dena dela, zerbitzua eguraldi ona dagoen egunetan bakarrik ibiltzen da.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Andres eliza eta udaletxea (ezkerrean).

Ibarrangeluko udalbatza

Izena Zinegotziak Boto kopurua[1]
Armendu (AR)
5
312 (%64,60)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
2
128 (%26,50)
Bildu
0
36 (%7,45)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE-PSOE)
0
3 (%0,62)
Euskadiko Alderdi Popularra (PP)
0
1 (%0,21)

2007ko hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibarrangeluko alkatea "Armendu" herri plataformako Jesus Maria Ziluaga bihurtu zen 2007ko udal hauteskundeez geroztik. Hauteskunde haietan, Armenduk botoen %49,87 lortu zuen, guztira 198 bozka. EAJk, berriz, botoen %48,61 , 193 boto, lortu zituen. Zortzi boto zuri eta baliogabeko bi ere izan ziren.

2007ko hauteskundeak
Alderdia Botuak Zinegotziak
Armendu 198 4
EAJ 193 3
PP 5 0
PSE-EE 1 0

2003ko udal hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003ko udal hauteskundeetan Eusko Alderdi Jeltzaleko Kerman Meaurio Arrate izan zen hautagai bozkatuena eta EAJk udaleko zinegotzi guztiak lortu zituen. Sei boto zuri eta baliogabeko 79 boto izan ziren.

2003ko hauteskundeak
Alderdia Botoak Zinegotziak
EAJ 320 7
PP 13 0

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ogoño mendia eta Laga hondartza.
San Pedro Atxarreko baseliza, mendiaren puntan.
  • San Andres eliza: XVI. mendeko eliza. Kanpandorrearen gainean Bihotz Sakratu bat dago. Elizaren barrualdean urre koloreko erretaula barroko bat aipagarri da. Sakristian Ama Birjina eta haurraren irudi bat gordetzen da. Aita Lizarralderen iritziz, irudia XV. mendekoa da, nahiz eta haurraren irudia egin eta berrogeita hamar urtera egin zen.
  • Engraziako Andra Maria parrokia: Akorda auzoan kokaturik, 1520. urtean eraiki zen. Sarrerako ateak dobela handiz apainduriko erdi puntuko arku bat dauka. Barrualdeko ganga margotuak 1560. urtean egin ziren.
  • Asuako Errege jauregia: 2006an botatako jauregia elizaren ondoan kokatzen zen. Jauregiaren lekuan tasaturiko etxebizitzak eta aparkaleku bat eraiki dira.

Jaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibarrangeluk bi jaiegun dauzka urtean zehar:

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. [1] 2011/08/08an kontsultatua

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ibarrangelu Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Herriko Wikiatlasa