Igaraba arrunt
- Artikulu hau igaraba arruntari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Igaraba.
|
|
||||||||||||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| Sailkapen zientifikoa | ||||||||||||||||
|
||||||||||||||||
|
|
||||||||||||||||
| Lutra lutra Linnaeus, 1758. |
Igaraba (Lutra lutra L.) mustelidoen familiako ugaztuna da. Hainbat igaraba mota dago Europan zein Asian. Mustelidoen artean handienetakoa eta deigarrienetakoa da. Bere berezitasuna inguruarekiko duen moldaera itzelean datza, eta moldaera hau dela medio, urarekiko eta honen baldintza jakin batzuekiko erabat dependentea da. Azken urteetan, bai Euskal Herrian nahiz beste leku askotan, izugarri eraldatu da bere habitata giza-jarduera desberdinekin (ibaien kanalizazioa, eraikitako ur-obrak, erriberako landarediaren suntsipena…); honegatik eta bere larruaren balio altuagatik jasandako jazarpenaren ondorioz, leku askotatik desagertu da eta beste askotan erabat murriztuta geratu da igaraba.
Eduki-taula |
Ezaugarriak [aldatu]
Gorputz luzanga du, eta gorputz-adarrak motzak eta sendoak proportzioan. Burua zabala eta zapaldua du, lepoa ez du bereizia, eta muturra biribildua eta ukimenarekiko sentikorrak diren bibrisa ugariz hornitua (muturrean, ahoan eta barailan); hauek begietan eta besaurreetan ere ageri dira. Belarri oso txikiak ditu, ile azpian ia ezkutatuak. Buztana zabala eta zapaldua da oinarrian, eta zorrotz samarra muturrean. Oinazpi biluziak ditu. Bost hatzak mintz interdigital batez elkartuak ditu aurreko eta atzeko oinetan[1].
Ilea oso motza, konpaktua, kolore lustreduna du ilaun trinko eta motza ezkutatuz. Kolorea arrea edo kanela kolorekoa du, grisera pasatuz azpialdean, eta argiagoa, ia zuria, papar aldean. Kumeen ilajea helduena baino ilunagoa da[1].
Muturretik buztanaren puntaraino 99,4-124 cm artean neurtzen du arrak eta 94,9-116 cm emeak. Pisua berriz, 6,1-9,4 kg arrak eta 4,4-6,1 kg emeak[1].
Banaketa [aldatu]
Banaketa Paleartikoa duen espeziea, Afrika iparraldea eta eskualde Indo-Malaysiarraren zati bat barne. XX. mende erdira arte Iberiar Penintsula osoan agertzen zen baina 1950etik aurrera egundoko beherakada jasan zuen, bereziki inguru populatuenetan[2].
1980ko hamarkadaren amaieran populazioaren gorakada bat nabaritzen hasi zen, eta gaur egun arte mantendu da joera hori. Gorakada horren isla, hiri handitatik pasatzen diren ibai askotan aurkitu da igaraba azken urteetan Espainian eta Euskal Herrian. Edonola ugariagoa da Iberiar Penintsularen mendebaldean (bere habitata jarraiagoa baita) ekialdean baino, eta oro har, hiriak eta gizakiak asko populaturiko inguruak baztertzen ditu[3].
Igabara arrunta Euskal Herrian [aldatu]
Igabara arrunta egon badago Euskal Herrian, nahiz eta bere kopurua txikia den eta asko murriztu dela azken hamarkadetan, bereziki 1970ko hamarkadatik. Populaziorik handienak Nafarroa Garaian daude. Oso datu gutxi dago euskal Herriko igarabaren populazioei buruz baina jakin jakiten da oso txikiak direla. Bizkaian ez da agertzen[4]. Araban, Bayas eta Zadorra ibaietan aurkitu daiteke, eta, Nafarroan, Aragoi eta Ega ibaietan[5]. Gipuzkoan aldiz Bidasoa ibaian soilik dago[6].
Habitata [aldatu]
Igaraba ekosistema urtarretako espeziea da, eta kostatik goi-mendietaraino banatzen da. Habitat naturalen artean ibaiak, arroak, aintzirak, padurak eta uraren presentziadun ia edozein leku erabiltzen ditu. Ondorioz, urtegietan ere ager daitezke, eta baita ubidetan, putzuetan, golf-zelaitako lakuetan eta beste ingurune artifizial askotan ere. Urtegiak, eta ibai eta arroak konbinatzen ditu lehenengoan janaria eskuratuz eta besteetan ezkutalekua. Bere habitat-hautaketari buruzko ikerketek faktore garrantzitsuenak elikagaien eskuragarritasuna (horretarako uraren presentzia) eta ezkutalekuen presentzia direla esaten dute. Landarediaren presentzia ez da beharrezkoa ezkutaleku askoko ingurutan edo harrapakinen presentzia mugatzen ez duenean, bestalde ezkutaleku gutxiko ingurunetan landaredi-estaldura dentsoa oso garrantzitsua da igarabarentzat. Inguru itsastarretan berriz beharrezkoa izango da ibai edo arroren baten bokalearen presentzia gorputzetik gesala garbitu ahal izateko (Ruiz-Olmo, 2007).
Igaraba goi-mendietan bizi daiteke baina arraroa da 1500-1800 m-tik gora bizitzen eta 800-1000 m-tik gora ugaltzen aurkitzea. Kumeak beren kabuz ibiltzeko gai direnean eta gorago elikagaiak eskuragarriago badira egingo dute ugaltzeko mugatik gora. Altitude handietan igarabaren presentzia azaltzen duten faktoreak ondorengoak dira: elikagai ugari egotea, uretara sartzea eragozten duen izotzik ez egotea eta oztopo handiak ez egotea (ur-jauziak, presak arroiletan...) (Ruiz-Olmo, 2007). Igarabak gehiago agertzen dira altitude hauetan anfibioak ugaltzen diren garaian[7].
Elikadura [aldatu]
Igaraba espezie bereziki arrainjalea da, baina inguru mediterraneoan karramarro, anfibio eta narrasti kantitate esanguratsua jan ohi du; eta batzuetan, aurrekorik ez badu intsektuak, hegaztiak edo ugaztunak ere jan ditzake[8].
Ugalketa eta ontogenia [aldatu]
Igaraba urteko edozein momentutan ugal daiteke, eta zikloa bere harrapakinak ugari diren garaietara egokitzen du. Kumaldia galduz gero berriz ugaltzen saiatzen da. Ernaldiak bi hilabete iraun ohi du eta 1 - 5 kume izan ditzake kumaldiko, baina normalean 1 - 2 izaten dira. Habitataren kalitateak paper garrantzitsua jokatzen du kumeen superbibentzian, hau baldintza normaletan oso altua da dispertsio adina arte (Ruiz-Olmo, 2007).
Ernaldiak bi hilabete irauten du, gero 2 - 3 hilabete egoten dira ezkutalekuan eta beste 8 - 12 hilabete amarekin, hau da, dispertsioan hasten diren momentua arte. 12 - 14 urtera heltzen dira gehienez (Ruiz-Olmo, 2007).
Bizimodua [aldatu]
Normalean ilunabarrekoa edo gautarra bada ere, badira leku batzuk jarduera nahiko egunekoa dena. Arrak nahiko lurraldekoiak dira, eta eme bat edo gehiagoko lurrak zaintzen dituzte; kilometro dezente ibiltzen dira ibaian zehar (Jiménez, 2005). Dispertsio-adinaren atariko kumeak dituzten emeek janari eta ezkutaleku ugariko inguru lasaiak bilatzen dituzte, eta asko murrizten dira bizi-eremuak kasu hauetan[9].
Espezie bakartia da araldian kenduta, eta emeak kumeak dituztenean. Ezkutaleku asko erabili ohi dituzte (haitzak, landaredia, sasiak, zuhaitzen sustrai eta zurtoinak...), askotan egunean bat, kumatzen ari direnean kenduta[10].
Lurraldea gorotzen bidez markatzen dute, baina lurraldea baino erabiltzen dituzten errekurtsoak markatzen dituztela proposatzen dute batzuk (Kruuk, 1995).
Espezieen arteko elkarrekintzak [aldatu]
Beste espezieekin lehia oso urria da, eta badirudi amerikar bisoia (Mustela vison) galtzen ateratzen dela igarabarekin topatzean. Bere harrapari nagusiak zakurra eta hontz handia (Bubo bubo) dira, bereziki lehenengoa, baina arrano handiek eta otsoak (Canis lupus) ere ehizatzen dute tarteka (bereziki kumeak) (Ruiz-Olmo, 2007).
Erreferentziak [aldatu]
- Edukiaren zati bat www.euskalnatura.net webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC-BY-SA 2.0 Aitortu-PartekatuBerdin lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).