Iglu

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Iglua
Iglu bat eraikitzeko eskema

Iglua elurrezko blokez egindako aterpea da. Gehienetan, kupula-forma hartzen du. Kanadan, hango eskimalen neguko edo ehiza-garaiko etxea izaten da.

Iglu hitza eskimalen hizkuntzako igdlu (etxe) izenetik dator. Iglulik (herria) eta iglurirmuit (eskimal-talde baten izena) hitzen erro berbera du.

Igluak elur-mokorrez egiten dira, eta esfera-erdiaren itxura izaten dute. Mackenzie ibaiaren deltaren eta Labrador penintsularen arteko lurraldeko eskimalek egiten dituzte igluak. Udan, foka-larruzko eta oihalezko etxeetan bizi dira.

Eraikin hauek ez dute inolako egiturarik, bloke bakoitza (elur zapalduaz egina) behekoan finkatzen baita. Elurraren isolamendu termikoari esker, tenperatura atseginak lor daitezke barnean. Elur trinkoa mokorretan mozten da elurretako labanaz. Mokor bakoitza 60 cm luze eta 20 cm zabal izan ohi da gutxi gorabehera. Lehen errenkadan, biribilean jartzen dira elur-puskak. Puska horien gaineko zatiak biribila itxiz doaz; gero eta biribil itxiagoak egiten dira, goian zulotxo bakarra geratzen den arte. Sarrera estua eta sabai biribilekoa egiten zaio igluari. Era horretara, eta iglu barreneko zola sarrera baino gorago jarriz, aire berotua iglu barrenean pilatzen da, kanpora atera gabe.

Gehienetan, familia bakarrarentzat izaten dira. Eskimal trebeek bi orduan eraiki dezakete iglu bat.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

(Ingelesez) Nola eraiki iglu bat pausoz pauso

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]