Ignaz Pleyel
Ignaz Pleyel Austriar musikagilea, musika-argitaratzailea eta pianogilea (Ruppersthal, 1757 - Paris, 1831). Bost urtez Joseph Haydnen ikaslea izan zen. 1789. urtean Estrasburgoko kapera-maisu izendatu zuten, eta hamar urtez egon zen zeregin hartan. Garai hartan idatzi zituen musika-lan gehienak (1787-1795). Frantziako iraultzak musikan eta erlijioan sortzen zituen etenen ondorioz, Londresa jo zuen, eta arrakasta handia lortu zuen, batez ere, sinfonia kontzertanteekin eta kuartetoekin. 1795. urtean Parisen hasi zen bizitzen, eta musika argitaletxe bat sortu zuen. Hogeita hemeretzi urtean lau mila lan argitaratu zituen, batez ere Luigi Boccherini, Beethoven, Muzio Clementi, Jan Ladislav Dussek eta Haydn musikagileenak. 1807. urtean Pleyelek piano-lantegi bat zabaldu zuen Parisen, urteak igaro ahala, gero eta ospetsuago bihurtu zena. Pleyelek hogeita bederatzi sinfonia idatzi zituen, berrogeita bost kuarteto harizko musika-tresnetarako, bi biolin-kontzertu, eta sei piano-sonata, besteak beste. 1815. urtean haren seme zaharrena, Camille (1788-1855), enpresako kide bihurtu zen; piano-jotzaile bikaina zen eta administratzaile ona. Chopin adiskide mina zuen, eta Pleyel aretoan egin zuen hark Parisko aurkezpena, baita azken kontzertua ere.
Erreferentziak[aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.