Ikurrin
- Artikulu hau Euskal Herriko eta EAEko ikurrinari buruzkoa da; ikurrinak oro har gaitzat duena beste hau da: bandera
| Erabilera | |||||||
| Proportzioa | 14:25 | ||||||
| Erabakia | 1978 | ||||||
| Koloreak |
|
||||||
Ikurrina Euskal Herriko bandera eta ikur nagusia da.[1] Oinarri gorriaren gainean, gurutze zuri zuzen batez eta gurutze berde zeihar batez osatua dago. Luis Aranak, Sabin Aranaren anaiak, marraztu zuen 1894. urtean.
Egun, Euskal Autonomia Erkidegoko bandera ofiziala da.
Eduki-taula |
Esanahia [aldatu]
Ikurrina Bizkaia burujabearen ikur izateko sortu zuten Arana Goiri anaiek, nazio modernoen bandera eredu hartuz. Hiru osagai ditu:
Oinarri gorria [aldatu]
Bizkaitarrak irudikatzen ditu, historian zehar Bizkaiko bandera gorria izan baita. Hala ere, batzuek jatorri mitikoaren zantzua hartzen diote, Padurako guduarekin lotuz. 870 urte inguruan Bizkaitarren buru zen Jaun Zuriak Leongo armada garaitu omen zuen Paduran, etsaien odola lekuan barreiatuz eta bertako harriak gorrituz. Geroztik Arrigorriaga deitzen zaio leku horri. Oinarri gorri horrek Bizkaiaren independentzia irudikatuko luke.
Gurutze zeihar berdea [aldatu]
Lege zaharrak irudikatzen ditu, Gernikako Arbolaren kolore eta itxura estilizatua baita. Batzuen ustez, beste harreman bat ikusten dute Padurako borrokarekin, gurutze mota honek San Andres gurutzea izena baitu eta borroka San Andres egunez izan baitzen.
Gurutze zuria [aldatu]
Jainkoa beste edozeren gainetik irudikatzen du, kristautasunean oinarritutakoa Bizkaia burujabea sortu nahi baitzen. Bizkaiko armarrian, Gernikako Arbolaren atzean ere ikus daiteke gurutze zuri bat.
Ikurrinaren itxura orokorrak Erresuma Batuko bandera (Union Jack) oroitarazten du. Ezaguna da Ingalaterrarekiko Aranak zuen miresmena. Nafarroako armarriaren itxuraren estilizaziotzat ere jo da askotan. Hala ere, eragin guzti horiek kontuan izanik, Bizkaiaren ikurtzat marraztua zela jakinik, Bizkaiko armarriaren estilizazioa dela esan daiteke, banderaren oinarri gorria, Gernikako Arbolaren gurutze berdea eta Jainkoaren gurutze zuria. Bi gurutze horiek goiburu jeltzalearekin (Jaungoikoa Eta Lege-zarra) ados daude Gernikako Arbolak lege-zarra edo foruen esanahia baitu.
-
Hasieran Sabin Aranak aurkeztutako bandera
Historia [aldatu]
Ikurrina lehenbiziko aldiz egun honetan zintzilikatu zen: 1894ko uztailaren 14an, larunbata, arratsaldeko seietan Euskeldun Batzokija izenez formalki inauguratu zenean. Irekiera ekitaldian egoitza honetako balkoian elkarteko bazkiderik zaharrena zen Ziriako Iturri karlista ofizial ohiak bandera berri bat zintzilikatu zuen: Ikurrina. Aurretik, Sabin eta Luis Arana anaiek bandera hau Bizkaiko ikur izateko diseinatua zuten, hau diseinatzeko unean beren ohiko lema politikoan inspiratu ziren: Gurutze zuriak Jainkoari erreferentzia egiten zion, gurutze orlegiak Lege Zaharra eta Gernikako Arbolari, eta hondo gorria Bizkaiko armarritik hartu omen zuten. Geroago Sabino Aranak berak sortutako Euzko Alderdi Jeltzaleak bere egin zuen. Ikurrin hura 500 x 280 cm luze-zabal zen, gurutzea 20 cm zabal izanik.
Bizkaia irudikatzeko sortua, laster alboratu zen hasierako esanahi hura, Euskal Herri osoaren ikurtzat hartzen hasi baitzen. Luis Arana Goiri ez zegoen bilakaera horrekin ados. Horregatik, 1907. urtean zazpi bandera berri marraztu zituen Luis Aranak: Euskal Herriarentzat orokor bat (Euskadiko Konfederazioaren Bandera) eta sei lurraldeentzat bana (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa). Proposamen horiek, baina, ez zuten arrakastarik izan.
Aznar sailburu sozialistaren proposamenez 1936 urtean Euskadiko bandera ofizialtzat hartu zen.[2] Hala ere, Aranatarren hasierako neurriak egokitu behar izan ziren, Victor Bilbao Goioagaren ehungintza-gizonaren aholkuei men eginda. Izan ere, jatorrizko neurriei eutsiz gero, ikurrina nekez ikusiko zen urrunetik, batez ere gurutze berdea oinarri gorriaren gainean. Horrela, ikurrin osoaren luze-zabalera mantenduta (500 x 280), gurutzeen zabalera 43 cm-ra handitu zuten.
Francok 1939an legez kanpo utzi zuen, eta diktadura osoan ikurrina debekatua egon zen Hegoaldean, baina Ipar Euskal Herrian arazorik gabe erabili zen.
1977ko urtarrilaren 19an [3] berriro legeztatu zuten ikurrina Espainiako legedian, eta Euskal Autonomi Erkidegoko bandera ofizialtzat hartu zen, nahiz eta lehenagotik Euskal Herri osoaren ikurtzat erabili den eta erabiltzen den.
Oraingo egoera [aldatu]
Euskaldunentzat, ikurrina Euskal Herri osoaren ikurra da, eta halakotzat ageri da euskal hiztegietan.[1] Horrenbestez, balio handia du kulturaren eta politikaren aldetik, eta errebindikazio asmoarekin erabiltzen dute sarri, Euskal Herriko edozein tokitan, eusko abertzaleek batez ere. Euskal kulturaren ikur ere bada, Euskal Herrian nahiz kanpoan (adibidez, Estatu Batuetako euskal jaietan eta mundu osoko eusko etxeetan).
Horrez gain, hainbat eratara erabili eta sentitzen da, norberaren iritzi politikoen eta lurraldearen arabera:
Euskal Autonomia Erkidegoa [aldatu]
Euskal Autonomia Erkidegoaren bandera ofiziala ere badenez, nagusiki autonomia erkidego horren ikurtzat hartzen du hainbatek, batez ere Espainian. Adibidez, Real Academia Españolaren hiztegian, «Bandera oficial del País Vasco» ('Euskal Autonomia Erkidegoko bandera ofiziala') da gaztelaniaz ikurriña hitzaren definizioa.[4]
Ipar Euskal Herria [aldatu]
Ipar Euskal Herrian, euskal kulturaren adierazpide da ikurrina. Haren erabilera ez dago legez araututa, eta ez du inolako balio ofizialik. Hainbat erakunde ofizialetan ageri da —hala nola herriko etxeetan[5]—, bai eta jaietan nahiz kultura eta kirol ospakizunetan ere. Euskal Herriko gainerako tokietan bezala, errebindikazio helburua ere badu, eusko abertzaleen aldetik batez ere.
Nafarroako Foru Erkidegoa [aldatu]
Nafarroako Foru Erkidegoan izaera politiko argia du, euskal kultura eta abertzaletasunari oso lotua baitago. Nafarroako eremu euskaldunenean naturaltasunez agertu izan da tokiko erakundeetan, batez ere udaletxeetan. Leitzan, esaterako, Espainiako legeak ikurrina 1977an legeztatu baino urtebete lehenagotik agertu izan da udaletxearen aurrealdean. Urte hartan bertan, Barañaingo udalerrian, ikurrina udaletxeko balkoian paratzea erabaki zuen udalbatzarrak. Alabaina, ikuspegi kulturalaz gain ikuspegi politikoa ere baduenez, Nafarroan ikurrina erabiltzea Nafarroako kultura eta historiari eginiko erasotzat jotzen dute UPN eta PSN alderdietako hainbat nafarrek (batez ere UPNkoek), ikurrina Euskal Autonomia Erkidegoarena —eta ez beste inorena— den ikurtzat hartzen baitute; EAEko ikur politikoa dela diote, eta kultura arloko ikurra denik ukatzen.[6][7][8]
Hori dela eta, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Ikurren Legea[9] onartu zuen 2003an, UPN, PSN eta CDN alderdiek horren alde bozkatuta. Lege horrek berariaz debekatzen du ikurrina erakunde publikoetan agertzea (Iñigo Zabalza Landa abokatuaren ustez, ad hoc lege bat da, nabarrismo ofizialak onartzen ez dituen ikurrei atxikipena agertzearen aurkakoa[10]), erakunde horiek Euskal Autonomia Erkidegokoak ez baizik Nafarroakoak direla argudiatuz. Horrek protesta ugari eragin du Nafarroan.
NaBairen esku dauden udal batzuetan, udaletxeko balkoian ezin zelarik, ikurrina beste toki nabarmenen batean esekitzea erabaki dute, foru gobernuaren isunak eta mehatxuak saihesteko. UPNko karguek ahaleginak egiten dituzte Nafarroan udaletxeetatik ikurrina kentzearren, eta jendaurreko edozein ekintzatan ikurrina agertzea eragoztearren.[11][12][13][14][15][16]
Zerikusia edo antza duten banderak [aldatu]
-
Herri Batasunaren logotipoa
-
Saint Pierre eta Mikeluneko bandera
-
Bulgariako Itsas Armada
-
Fontanals de Cerdanyako bandera
-
Eskoziako bandera, hots, ikurrinean ageri den San Andresen gurutzea.
Ikus gainera [aldatu]
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ a b Euskaltzaindiak araututako Hiztegi Batuan, ikurrin izenak esanahi hau du: «bandera, bereziki Euskal Herrikoa».
- ↑ Eusko Jaurlaritza, Oroagindua.-Euzkadi'ko ikur eta ikurriñatzaz, http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/ver_e?CMD=VERDOC&BASE=B03G&DOCN=000033627&CONF=/config/k54/bopv_e.cnf
- ↑ Egunkaria, 1997-01-19, Ikurriñaren legalizazioa, http://datu-basea8.wikispaces.com/file/view/ikurrinaren+legalizazioa.pdf
- ↑ Real Academia Española (2001): «ikurriña», Diccionario de la Lengua Española, 22. argitaraldia, online kontsultagarri. 2010-10-04an eskuratua.
- ↑ (Gaztelaniaz) Ikurrina, Ipar Euskal Herriko hainbat herriko etxetako fatxadan.
- ↑ Victor Alexandre: «Leitzako ikurrina», Victor Alexandre kataluniar abertzalearen webgunea, 2005-05-17.
- ↑ «UPN denuncia que el PSN permite que la ikurriña ondee en el Ayuntamiento de Ansoáin», UPNren webgunea, 2009-09-18. Eskuratze data: 2010-11-12.
- ↑ «JJNN llevará a cabo una campaña para normalizar el uso de las banderas navarra y española», UPNren webgunea, 2009-07-24. Eskuratze data: 2010-11-12.
- ↑ Nafarroako 24/2003 foru legea, 2003ko apirilaren 4koa, Nafarroako sinboloei buruzkoa. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 45. zenbakian argitaratua, 2003ko apirilaren 11n (ikus 3507-3509. orrialdeak).
- ↑ Iñigo Zabalza Landa: «Símbolos en Navarra. Derecho y política identitaria», Hermes: pentsamendu eta historia aldizkaria, ISSN 1578-0058, 31. zenbakia, 2009, 48-52. orrialdeak.
- ↑ «Guerra de banderas en Villava, Navarra», Antena 3, 2008-11-19.
- ↑ Josune Alzelai Iriarte (Etorkizuna Euskal Dantza Eskola): «Vetados por llevar la ikurriña», Noticias de Navarra, 2010-07-20.
- ↑ Elena Urabayen: «El Gobierno acude a los tribunales para exigir a Etxauri que retire la ikurriña del frontón», Noticias de Navarra, 2010-06-02.
- ↑ Joseba Asiron Saez: «¿Hacia una "Pax Barcina"?», Noticias de Navarra, 2010-07-23.
- ↑ Fernando Mikelarena: «Los cien años de una bandera», Noticias de Navarra, 2010-07-17.
- ↑ «UPN de Zizur denuncia la estrategia de Nabai para colocar la ikurriña durante el chupinazo», UPNren webgunea, 2009-09-10.
Kanpo loturak [aldatu]
- (Euskaraz) Ikurriñari buruzko informazioa Eusko Jaurlaritzako webgunean
- (Gaztelaniaz) «Euskadi, independiente en Estados Unidos. Un capítulo de la serie '24', producida por la cadena estadounidense 'Fox', convierte a Euskadi en Estado independiente. Durante 30 segundos aparece la bandera vasca en la sede de Naciones Unidas junto a las enseñas del resto de países del mundo», Noticias de Navarra, 2010-07-30.
| Euskal herrietako banderak | ||
|---|---|---|
|
Euskal Herri osoa: |
||