Il Sodoma

Wikipedia, Entziklopedia askea
Xirkan (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 13:50, 18 otsaila 2016
Il Sodoma
Il Sodoma
Burupotreta azkonarrekin, Monte Olivettoko fresko batean
Datu pertsonalak
Izen osoa Giovanni Antonio Bazzi
Jaio 1477
Vercelli, Piemonte (Gaur egun Italia)
Hil 1549ko otsailaren 14a
Siena (Gaur egun Italia)

Il Sodoma, jaiotza-izena Giovanni Antonio Bazzi (Vercelli, 1477 - Siena, 1549ko otsailaren 14a), Pizkundeko italiar pintorea izan zen, Sienako eskolako nagusietakoa.

Bizitza

Vecelliko zapatari baten semea zen. 1490-1497 bitartean, Giovanni Martino Spanzotti piemontetar margolariaren ikaslea izan zen. 1501ean Sienara aldatu zen, eta Storie di Santa Maria freskoak margotu zituen Pienzako Sant'Anna in Camprenako monasterioan. 1503-1504 bitartean, Monte Oliveto Maggioreko monasterioko freskoak pintatzen aritu zen, 1498an Luca Signorellik hasitako lana jarraituz[1].

1508an Erromara joan zen. Julio II.a aita santuaren aginduz, Vatikanoko Stanza della Segnatura-ko sabaia apaindu zuen. Bertan Rafaelekin harremanetan jartzeko parada izan zuen; horrek eragin handia izan zuen Il Sodomaren margokeran[2]. Agostino Chigi bankariaren Via del Casato jauregian lan egin zuen, eta Villa Farnesinan Alejandro eta Roxanaren ezkontza fresko ospetsua margotu zuen (1516 aldean). Geroago, Sienara itzulirik, San Domenico basilikan (Nicolò di Tuldoren hilaraztea, 1526) eta Palazzo Pubblicon jardun zuen[1]. Sienan hil zen 1549an.

Giorgio Vasarik Le Vite-n idatzi zuenez, Giovanni homosexuala zen, eta beti gaztetxoz inguraturik ibiltzen zen; hori zela eta jarri zioten Il Sodoma ezizena[2].

Margokera

Hasierako lanek Lombardiako eskolaren eta Il Peruginoren eragina dute, eta geroagokoetan, Rafaelena, eta batez ere, Leonardo da Vincirena nabarmentzen dira. Bere lanen ezaugarri nagusiak irudi difuminatuak (sfumatoa), urrutiko paisaien harmonia, kontraste gutxiko argi-ilunak eta gorputz mugimendu arinak dira.

Lan nagusiak

  • Storie di Santa Maria, 1501, Sant'Anna in Camprenako monasterioa, Pienza
  • Monte Oliveto Maggiore abadiako freskoak, 1503-1504, Toscana
  • Ratto delle Sabine, 1506-1507, Galleria Nazionale d'Arte Antica, Erroma[3]
  • Flagellazione di Cristo, 1510 aldean, Arte Eder Museoa, Budapest
  • Deposizione dalla croce, 1513 baino lehen, Pinacoteca nazionale, Siena
  • Lucretiaren heriotza, 1513, Arte Eder Museoa, Budapest
  • Leda, Galleria Borghese, 1510–1515 Erroma (Leonardo Da Vinciren margoaren kopia)
  • San Giorgio e il drago, 1518, National Gallery of Art, Washington
  • Presentazione della Vergine al Tempio, 1518, Oratorio di San Bernardino, Siena
  • Alejandro eta Roxanaren ezkontza, 1516-1518, Villa Farnesina, Erroma[4]
  • Stendardo di San Sebastiano, 1525, Galleria degli Uffizi, Florentzia
  • Sveninmento di Santa Caterina, 1526, San Domenico basilika, Siena[2]
  • Sacra Famiglia con san Giovannino, 1525-1527, Museo Civico Pinacoteca Crociani, Montepulciano
  • Ordinazione di Sant’Alfonso, 1530, Santo Spirito, Siena
  • Sposalizio mistico di Santa Caterina, 1539–1540, Galleria Nazionale d'Arte Antica, Erroma
  • Pietà, bilduma pribatua, Erroma
  • Maddalena, Pandolfini bilduma, Florentzia
  • Pietà, 1540 aldean, Galleria Borghese, Erroma
  • Sacra Conversazione, 1542, Museo Nazionale di San Matteo, Pisa

Iruditegia

Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak

  1. a b Il Sodoma. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2016-02-08).
  2. a b c Cocchi, A.. Il Sodoma. geometriefluide.com (Noiz kontsultatua: 2016-02-08).
  3. Il Sodoma. in: Art in Tuscany. poderesantapia.com (Noiz kontsultatua: 2016-02-08).
  4. Cocchi, A.. Affreschi alla Farnesina. geometriefluide.com (Noiz kontsultatua: 2016-02-08).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Il Sodoma Aldatu lotura Wikidatan