Ilarraka

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ilarraka
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Fungi
Filuma: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Tricholomataceae
Generoa: Clitocybe
Espeziea: Clitocybe nebularis
(Batsch), Fr. (data ?)
Ezaugarriak
Gills icon.png 
orriak himenioan
Convex cap icon.svg 
txapel ganbila
Flat cap icon.svg 
gero laua
Decurrent gills icon2.svg 
himenioa dekurrentea da
White spore print icon.png 
espora zuriak dauzka
Edible toxicity icon.png 
jangarria da
Diamond-caution.svg 
baina ez jatea aholkatzen da

Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.

Ilarraka (Clitocybe nebularis edo Lepista nebularis) Tricholomataceae familiako perretxiko bat da. Latinezko nebula hitzetik (lainoa esan nahi du) datorkio izena, perretxiko honek daukan kolore gris eta tristeari erreferentzia eginez.

Morfologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perretxiko honek 7 eta 15 cm arteko diametroko txapela dauka, gris argia edo errauts kolorekoa eta erdialdean ilunagoa. Hasieran ganbila eta apur bat konkorduna da, baina gero zabaldu egiten da eta azkenerako erditik zapaldua agertzen da. Ertz borobila eta nahiko erregularra dauka. Kutikula erraz askatzen zaio.

Orri sarriak dauzka, desberdinak, beti dekurrenteak (batzuetan gutxiago, besteetan oso dekurrenteak). Kolore krema zikina edo gris horixka daukate.

Hanka sendoa eta haragitsua dauka, baina haritsua eta hanpatua ere bai. Gaztetan trinkoa da, gero hustu egiten da. Goian meheagoa da, eta oinarrian erraboildua. Zurixka edo grisaxka da.

Haragi homogeneoa dauka, zuria, lodia eta solidoa. Usain sarkor gozoa dauka.

Espora zuri eliptikoak dauzka.

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perretxiko hau udazkenean agertzen da, urrian eta azaroan batez ere. Aski arrunta da. Habitat askotan sortzen da: txilardietan, koniferoen zein hostoerorkorren basoetan... Humus eta materia organiko asko pilatzen den tokietan hazten da. Askotan taldeka agertzen da, ilarak edo zirkuluak osatuz.

Gastronomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iritzi kontrajarriak daude bere jangarritasunaren inguruan. Zapore eta usain biziak dauzka, eta jende askori gustatzen zaio, baina beste batzuk ez dute ondo onartzen eta kalte egiten die.

Gordinik, duela gutxi aurkitu den toxina bat dauka, nebularina izenekoa. Molekula hau hidrosolublea da eta, beraz, kozinatu baino lehen perretxikoa uretan egosten bada, ia erabat erauzten da. Hala ere, ez bada modu egokian prestatzen eta kantitate handietan jaten bada, intoxikazioak eragin ditzake eta, epe luzera, kalteak gibelean.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ilarraka Aldatu lotura Wikidatan