Immunologia
Immunologia immunitate-sistema aztertzen duen espezialitate medikoa edo biologiaren adarrari deritzo, kanpoko elementuak ezagutzeko ahalmena duten ornodunen organoak, ehunak eta zelulak aztertuz.
Immunologiak ere erantzun immunea ikertzen du, hots, immunitate-sistemak garatzen dituen prozesuak kanpoko eragile patogenoak ezagutzeko eta suntsitzeko. Immunitate-sistemak funtsezko zeregina duenez hamaika gaixotasunetan, immunologiak garrantzia handia du gaixotasun ugari ulertu, ekidin, diagnostikatu eta tratatzeko orduan.
Immunitate-sistemak berak sortzen dituen gaitzak ere immunologiaren lan-arloan sartzen dira: gaixotasun autoimmuneak, hipersentiberatasunak, immunoeskasiak, transplante-errefusak, e.a.
Immunologiaren adarrak[aldatu]
- Immunokimika: antigeno eta antigorputzen egitura kimikoa ikertzen du, eta baita haien arteko erreakzioen oinarri kimikoa ere.
- Immunologia klinikoa: immunitate-sistemaren akatsek sortzen dituzten gaitzak ikertzen ditu. Gaitz horien artean honako hauek aipa daitezke:
- a)immunoeskasia, immunitate-sistemak eragile patogenoen aurrean erantzun egokia ematen ez duenean (adibidez, HIESa)
- b)autoimmunitatea, immunitate-sistemak gorputzeko organo, ehun eta zelulak erasotzen dituenean (lupus eritematosoa, artritis erreumatoidea, miastenia gravis, esklerosi anizkoitza, hepatitis autoimmunea...)
- c)hipersentiberatasuna, immunitate-sistemak neurriz kanpoko erantzuna ematen duenean kaltegarriak ez diren antigenoen aurrean (asma, alergia...)
Transplante-errefusak aztertzen ditu ere immunologia klinikoak, hauek ekiditeko asmoz.
- Diagnostikorako immunologia: antigeno-antigorputz erreakzioa oso espezifikoa denez, bietako bat ezagutuz bestea identifika daiteke. Laborategian askotan erabiltzen dira printzipio horretan oinarrituriko teknikak antigeno bat edo antigorputz bat identifikatzeko (mikrobiologia klinikoan garrantzi handia duena).
- Immunoterapia: immunitate-sistemaren zelulak eta beste elementu batzuk (interferoia, zitokinak, antigorputz monoklonalak...) erabiltzen dira minbiziaren aurka, eragile terapeutiko gisa.
| Biologiaren adar nagusiak | ||
|---|---|---|
|
Anatomia • Biokimika • Bioestatistika • Biologia molekularra • Bioteknologia • Botanika • Eboluzioa • Ekologia • Etologia • Exobiologia • Fisiologia • Genetika • Immunologia • Mikrobiologia • Paleontologia • Taxonomia • Zitologia • Zoologia |
||