Immunotolerantzia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Immunotolerantzia edo tolerantzia immunologikoa immunitate-sistemak antigeno propioak (autoantigenoak) eta kanpoko antigenoak bereizteko duen gaitasuna da. Berari esker immunitate-sistemak ez die eraso egiten organismoaren berezko antigenoei.

Immunotolerantziak huts egiten duenean immunitate-sistemak ez du kanpoko eta barneko antigenoak desberdintzen, eta bakterioak eta birusak ez ezik, gorputzaren organo eta ehun batzuei ere eraso egiten die. Honetan datza gaixotasun autoimmuneen funtsa.

Immunotolerantziaren bidez, beraz, immunitate-sistema gai da bereizteko makromolekula arrotzak (kanpoko mikrobio patogenoenak, arriskutsuak direnak) eta ostalariaren berezko makromolekulak (arriskutsuak ez direnak).

Bi immunotolerantzia mota daude: naturala, immunitate-sistemak organismoaren autoantigenoen aurrean duena, eta eragindakoa, immunitate-sistemak erantzuten ez duenean normalean immunogenikoak diren antigeno batzuen aurrean. Arlo klinikoan eragindako immunotolerantzia garrantzi handikoa da organoen transplanteetan, hartzailearen gorputzari beste pertsona baten organoa onartuarazi zaionean.


Immunotolerantziaren mekanismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nola egiten du immunitate-sistemak antigeno propioak eta kanpoko antigenoak bereizteko? Prozesua linfozitoen heltze-garaian burutzen da, timoan eta hezur-muinean (hots, immunitate organo nagusietan). Bertan, berezko antigenoak (autoantigenoak) ezagutzen dituzten T eta B linfozitoak -heldu aurretik- deuseztatuak izaten dira, autoimmunitatea ekiditeko. Prozesu hau fetu-bizitzan batik bat gertatzen da, eta baita bizitzaren lehenengo hilabeteetan ere.

Jakina da fetu-bizitzan antigeno bat organismoari sartzen bazaio, antigeno hori propiotzat hartuko dela beti. Hots, geroago antigeno honekin organismoak topo egiten badu ez da erantzun immunea agertuko, immunotolerantzia baizik. Honek indartzen du fetu-bizitzaren linfozitoen aukeraketa prozesuaren teoria.