Odol hotzean

Wikipedia, Entziklopedia askea
In Cold Blood (eleberria)» orritik birbideratua)
Odol hotzean
Datuak
IdazleaTruman Capote (1966)
Argitaratze-data1966
GeneroaEz fikziozko eleberria
Jatorrizko izenburuaIn Cold Blood: A True Account of a Multiple Murder and Its Consequences
HerrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
Orrialdeak343 (paper-azalezkoan)
FormatuaAzal gogorra, paper-azala, audio-CDa, e-book
ISBN(paper-azalezkoan) 0-679-74558-0 (paper-azalezkoan)
Euskaraz
IzenburuaOdol hotzean
ItzultzaileaXabier Olarra

Odol hotzean (ingelesez: In Cold Blood) 1966an argitara emandako Truman Capoteren lana da. Ez fikziozko eleberria da egilearen beraren berbetan, kazetaritza eta literatur testuak uztartzeko saioa.

Haria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1959an jazotako hilketa baten inguruan ardaztu zuen Capotek bere lana. In Cold Blood: A True Account of a Multiple Murder and Its Consequences idazlanaren abiapuntua The New York Times egunkariaren 1959ko azaroaren 16ko edizioaren 19. orrialdeko 300 hitzeko artikulua da. Kansasen, Holcomb herrian, Clutter familiakoak garbitu zuteneko berria:

Nekazaria eta familiako hiru tiroz hilak
Garia landatzen zuen nekazari aberatsa, beronen andrea eta bi seme-alabak tiroz hilak aurkitu dituzte haien etxaldean. Eskupetez hurre-hurretik josi zituzten balaz, lotu eta bozatu ostean. Aita, 48 urteko Herbert W. Clutter, sotoan topatu dute, 15 urteko seme Kenyonekin batera. Ennis andrea, 45 urtekoa, eta alaba Nancy, 16 urtekoa, euren oheetan zeutzan. Ez zen burruka izan zelako arrastorik, ezta lapur egin izanarena ere. Telefono-hariak moztuak izan ziren. Earl Robinson sheriffaren ustean halako basakeria burutik egindako hiltzaile baten lana da. Clutter jauna Kansaseko Gari Kultibadoreen elkarteko sortzaileetakoa izan zen. 1954an Ameriketako Estatu Batuetako presidente Dwight D. Eisenhowerrek Nekazaritza Kreditu Administrazioan lan egiteko izendatu zuen; Clutter ez zen Washingtonera joan baina. Cluttertarren etxaldeak 1000 akre inguru ditu[1], zonaldeko leku emankorrenean dagoelarik. Clutter jauna, emaztea eta alaba pijama jantzita zeuden; mutilak blue jeans-ak eta elastikoa zeramatzan. Gorpuak Nancyren lagun eta ikaskide bik aurkitu zituzten, Susan Kidwellek eta Nancy Ewaltek... Senar-emazteen alaba bi kanpoan ziren: Beberly, Kansaseko unibertsitatean ikasle dabilena, eta Mount Carrol-en, Illinoisen, bizi den Donald G. Jarchow andrea.

Berri labur honek txundituta Capote Holcombera abiatu zen hilketaren lekua bisitatzeko asmoz, Harper Lee laguna bidaide. Hurrengo urteetan krimena izan zuen bere literatur lanerako oinarri eta ikerketan zebiltzan guztiak aurrez aurre ezagutu zituen, eta bai herriko bizilagun gehienak ere. Ez zuen idatzizko oharrik jasotzen egiten zituen elkarrizketetan: behin amaituta idazteari ekiten zion; Capotek berak esana da bere memoria ahalmena kontuak hitzez hitz gogoratzeko % 94koa zela.

Richard "Dick" Hickock eta Perry Smith hilketak egin eta gutxira atxilotu zituzten. Capoteren lanak hilketaren ingurukoak jasotzeaz ostean, gaizkileen bizitzak ere ditu ikerketa-gai eta arretagune. Kansas estatuko kartzeleko presoak izan ziren Hickock eta Smith. Lehenak kartzelan bertan jakin zuen Herb Clutterren berri, eta lapurreta egiteko egokia begitandu zitzaion Kansasko familia hura. Smith kide bihurtu zuen gaiztakeria horretarako.

Lanaren gainean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Franciscoko 1974ko nazioarteko zinemaldian horrela gogoratu zuen sasoi hura:

« Lau urte eman nituen Kansaseko alde hartan libururako lanak egiten. Nolakoa den? Oso leku bakartia. Zaila izan zen. Lagunak egin nituen, hori bai. Nahitaez egon behar nuen han, osterantzean nekez burutuko nuen lan hura. Kazetaritzan saio berezia egin nahi nuen eta horretarako aukera emango zuen gai baten bila nenbilen. Probatua nituen hainbat kontu The New Yorker aldizkarirako idatzi nuenean... baina aukera zabalak eskainiko zizkidan lanketa-eremu bat behar nuen. Eginak nituen ordurako bizpahiru saiakera; luze lan eginda, ordea, emaitza ez zen nire gustukoa. Eta halako egun batean berri labur batekin egin nuen topo The New York Times egunkarian: Kansas, familia tiroz hila. Eta ezer gutxi nekien nik horretaz guztiaz, eta beharbada horrek bultzatu ninduen, eta pentsatu nuen: "Perspektiba berria dut hortxe...hara joango naiz eta gertutik aztertu zer den, beharbada bila nabilena izan daiteke, halako hilketa, herri txikia...". Cluttertarren hiletak ospatu eta bi egunetara ailegatu nintzen. Ez nuen batere argi zenbat denbora eman behar nuen Kansasen. Badakizue, edozer gauza gerta zitekeen, hau da, berehala harrapatu ahal zitzaketen hiltzaileak, edota sekula ere ez. Atzeman egin zituzten, eta gerora gerta zitekeen hiltzaileek nirekin ez berba egitea. Urtarrilerako argituta zegoen auzia eta hor hasi zen niretzako saio berezia: lau urtean bi mutiko haiek ondo-ondotik ezagutu nituen, exekutatu zituzten arte. Prozesu luze horretan behin eta berriro gertatu zen lehen azaldu dudana: ez jakitea zer gertatuko zen epe laburrean, eta inoiz ez edukitzea argi ahaleginak mereziko zuen[2] »


Harrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

In Cold Blood zatika atera zuen The New Yorker aldizkariak 1965ean; 1966an Random Housek liburua argitaratu zuen. Ez fikziozko eleberria, horrela bataiatu zuen Capotek berak lan hura eta berehala best-seller bihurtu zen.

Kenneth Tynan literatur kritikariak The Observer-en eginiko liburuaren iruzkinak hautsak harrotu zituen eta Capoterekin ika-mikan hasi zen. Tynanen arabera Capotek bi hiltzaileen exekuzioa gertatzea nahi zuen, liburuak amaiera biribila izan zezan:

« Azken batean eratzunkizunaz ari gara berbetan... Aurreneko aldia da idazle handi bati heriotz zigorrera kondenatutako bi gaizkilerekin intimatzeko aukera ematen zaiona, nahi bestean. Eta nire irudipena da ezer gutxi egin duela bi gixajo haiei laguntzeko. Eta zalantza hauxe da, zeri eman lehentasuna? Lanari, idazlearen lanari? ala kondenatuen bizitzari? Baliteke txosten psikiatriko berriak eskatzeak haien bizitza ez salbatzea, baina eskatzeko saioa ere ez zen egin. »


Truman Capote 1959an. Roger Higgins argazkilariaren erretratua

Euskarazko bertsioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1993an Igela argitaletxeak Capoteren lana euskaraz eskaini zuen. Itzulpena Xabier Olarrak egin zuen: Odol hotzean. Sarraski baten eta haren ondorioen zinezko kontaera. Igela, Zarautz, 1993. 446 orrialde, paper-azalean, ISBN: 84-87484-17-4.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. 1000 akre 400 hektarea edo 4 kilometro koadro dira
  2. San Franciscoko Nazioarteko Zinemaldia: Une ederrak (1974)

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]