In der Strafkolonie

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

In der Strafkolonie (euskaraz: Zigor Kolonian) Franz Kafkak 1914an idatzitako eleberri laburra da. 1919an argitaratu zen.

Liburuaren lehen argitalpena

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Liburuak torturatu eta hiltzeko makina baten azken erabilera kontatzen digu. Makinak presoen azalean idazten du euren zigorrari buruzko esaldi bat, presoak erahil baino lehen. Prozesu osoak hamabi ordu irauten du.

Lau pertsonaia bakarrik daude: Ofiziala, makinaren erabiltzaile bakarra; Kondenatua, hiltzera zigortuta dagoena; Soldadua, Kondenatua zaintzen duena; eta Bidaiaria, Europatik etorritako bisitaria. Ofizialak Bidaiariari azaltzen dio makina zertan den, Soldaduak eta Kondenatuak axolagabeki begiratzen duten bitartean.

Laster argi geratzen da Komandante berria —Koloniako agintari gorena— makinaren erabileraren eta honi atxikitako auzi-bidearen aldeko ez dela. Auzi-bide honetan salatua beti da errudun. Ofiziala da makinaren erabileraren azken defendatzailea, baita Komandante zaharraren hutsezintasunarena ere. Izan ere, Komandante zaharra izan zen makinaren asmatzaile eta egilea. Ofizialak Komandante zaharrak egindako marrazki jatorrizkoak gordetzen ditu eta inori ez dio horiek erabiltzen uzten.

Ofizialak Bidaiariari eskatzen dio makinaren alde hitz egiteko Komandante berriari. Bidaiariak uko egiten dio, baina aurkako iritzia eman baino lehen alde egingo duela agintzen dio. Ofiziala konturatzen da makinaren azken erabilera izango dela hori. Beraz, Kondenatua askatzen du, eta makina erabiltzeko prestazen hasten da, Izan justua esaldia bere azalean bertan idazteko. Hala ere, makina txarto ibiltzen da eta, idatzi beharrean, triskantza odoltsu bat egiten dio Ofizialari.

Hori gertatu eta gero, Soldadu eta Kondenatuarekin batera, Bidaiaria te-etxe batera doa, non Komandante zaharraren hilobia baitago. Hilobia ikusteko, te-etxeko mahaiak alboratu behar dituzte. Hilobiko idazkunean irakurri ahal denez, bere jarraitzaileek sinesten dute berpiztuko dela eta berriro aginduko duela kolonian.

Bidaiaria, koloniatik alde egiteko asmoz, itsasontzi batera igotzen ari denean, Soldadua eta Kondenatua ere igotzen saiatzen ari direla ikusten du. Hori ez lortzeko, soka-mutur astun bat hartzen du ontzi barnetik, harekin mehatxu egin, eta itsasontzira jauzi ez egitea lortzen du.