Inari (herria)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Inari (inariko samieraz: Aanaar; iparraldeko samieraz: Anár; skolt samieraz: Aanar; suedieraz: Enare), izen bereko udalerri bateko herrixka bat da, Finlandiako Lappi lurraldean kokatua. Inarijärvi aintziraren mendebaldean dago eta 440 bat biztanle inguru dauzka.

Inari, samitarren herrixka dela esan daiteke. Bertan daude Finlandiako Samitarren Legebiltzarra eta museoa, Siida. Udalerrian hiru sami kultura ezberdin elkar-bizi dira, inari samitarrak, iparraldeko samitarrak eta Errusiatik etorritako skolt samitarrak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrixkako bizi-zantzu zaharrenak k.a. 8.000 eta 7.000 urtekoak dira, Sami Museoan aurki daitezkeenak. Eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio, eta gehien bat Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez, Ipar Itsasoko lehen norvegiar tribuekin harreman estuak izan zituzten.

Harri Aroan, Suedia iparraldeko eta Itsaso Zuriko biztanleak iritsi zirela uste da; samitarrak, kultura guzti hauen nahasketa eta ondoren iritsi ziren Fino-Ugriar taldeen batura izango lirakete. Honenbestez, samitarrak izan ziren udalerriko eta Laponia, Finlandiar lurraldeko probintziako biztanle bakarrak XX. mende arte.

Hala ere, inariko samitarrak bereziak izan dira. Sápmiko beste lekuetan ez bezala, bertakoak ez dira elur-oreinen abeltzaintzatik bizi izan, arrantza eta ehizatik baizik. Esan daiteke bertako samitarrak erdi nomadak izan zirela. Izan ere, neguan, ehiza egin ohi zuten eta udan aldiz, arrantzatik eta fruitu-bilketatik bizi ziren; honenbestez, sasoiaren arabera lekuz aldatu beharra izaten zuten.

Honela jarrai zuten Errusiako Inperioak Finlandia bereganatu zuen arte. Mugak itxi egin zituzten eta abeltzaintzan jarduten zuten artzainek, beren bizimoduak guztiz aldatu behar izan zuten, iparraldera joan ezinik gelditu zirelako. Honela sortu zen Inari udalerria. Hainbat herrixka batu egin ziren 1876. urtean kexatzeko asmoz eta Inarijärvi aintzira hauen erdialdean zegoenez, aintziraren izena hartu zuen udalerriak. Hala ere, izen bereko herrixka hau ez zen garrantzitsuena eta udalerriaren nagusitasuna hasieratik Ivalok hartu zuen.

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Inariko eliza: herriko eliza luteranoa da, Saamelaiskirkko edo "Samien eliza" ere deitua. Neguko Gerran (1940an) suntsitua izan zen aurreko elizaren gainean dago eraikia eta, Estatu Batuetako kristau protestanteen dohaintzari esker, 1952. urtean ateak ireki zituen. Eraikin zuria egurrezkoa da, ia lurreraino iristen den teila beltzeko teilatu zabala dauka, eta, guztira, 200 eserleku. Ezkila-dorrea, aldiz, 1982. urtean eraiki zen eta, bertan, elizaren bereizgarri nagusia den inskripzioa idatzita dago: Kaikki, joissa henki on, kiittäkää Herraa. Hallelujaa, alegia, "Arnas hartzen duen orok Jauna goresten du. Aleluia". Erretaula, bestetik, Väinö Saikko viiripuriar artistaren lana da, 1938. urtekoa, eta "Jesus samiei agertzen zaie" izenburua du [1].
Sajos Samien Kultura Etxea
  • Sajos Samien Kultura Etxea edo Saamelaiskulttuurikeskus Sajos: Inarin dagoen kultura etxea da. 2012ko apirilean ireki zituen ateak, eta bertan daude, besteak beste, Samien Parlamentua, Samien Hezkuntza Institutua, Lappiko eskualde gobernua eta sami herriaren artxibo nagusia. HALO arkitektoak Ouluko enpresak diseinatu zuen eraikina, eta helburua argien arteko kontrastea egitea izan zen; hain zuzen, Sajosen aurrealde beltzaren, eta barrualdeko pinu zuriaren eta neguko elurraren arteko kontrastea burutzea. Eraikina samien jatorrizko eraikuntzagintzan dago oinarrituta, eta Sajos izenak ere inariko samiera jatorria du. Horrela, Kultura Etxea udalerriaren eta samien elkargune nagusia bihurtu da azken urte honetan, eta Inariko ekitaldi eta ospakizun bereziak bertan antolatzen dira [2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Inarin seurakunta Inarin kirkko (Saamelaiskirkko), Ivalon kirkko, Pielpajärven kirkkokenttä. 2013.08.07
  2. Jenni Leukumavaara, Saamelaiset saivat komean kodin, HS 2012.02.06 s. C1

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]