Inauteri

Wikipedia(e)tik
Inauteriak» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Inauteriak Alemanian

Inauteriak edo inauteak bereziki Europan eta Amerikako hiri eta herrietan neguaren bukaera aldera jendeak mozorroturik ospatzen dituen jaiak dira, desfileak eginez edota besterik gabe jai-giroan murgilduz, kantuz, dantzan eta zarata eginez. Inauterien ezaugarri berezia da, beste jaien aldean, umore, parodia eta satira giroa, gizarte ordena urratu eta alderantzikatzen duena. Jai hauetako giro alai eta bizia islatzearren, inauterietako adituek "denbora kartsu bizia" eta "jaien jaia" erabili izan dituzte euren definizioetan.[1] Historikoki, kristautasunaren tradiziotik abiatzen diren jaiak dira, baraua eta beste zenbait gabetze dakartzan Garizumaren aurretik ospatzen baitira, baina antzinako paganismoan daude sustraiturik, negua amaitu eta udaberria hasteari loturik.

Jaiaren izenak eta jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inauteriak ospatzen diren herrialdeetako hizkuntza gehienetan izendatzeko gehien erabiltzen den terminoa carnaval/carneval/carnival da,[2] kristautasunaren inauterien ondorengo Garizuman haragia jateko debeku erlijiosoarekin loturik. Batzuen arabera, antzinako erromatarrek Isis jainkosaren omenez egiten zuten currus navalis izeneko desfiletik dator, erromatar jatorriaren hipotesia indartuz horrela. Egun, ordea, carne levamen edo carnisprivium Erdi Aroko latinezko adierazpenen jatorria hobesten da, Garizuman haragia jateko debekuari erreferentzia egin eta kristau jatorriaren hipotesia baieztatzen dituena.

Euskal Herrian, berriz, inauteriak, inauteak eta aratusteak (azken hau, haragia jaten uztearekin loturik) deitzen zaie jai horiei. Bestelako izen bereziak erabili izan dira, hala nola Lapurdin eta Nafarroan zanpantzarrak (jaietako pertsonaiari erreferentzia eginez) eta Gipuzkoan asteartinak (inauterietako astearteari erreferentzia eginez). Espainian, carnestolendas eta antruejo terminoak ere erabili izan dira, bereziki inauteri tradizional zenbait izendatzeko.

Inauterien jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bulgariako inauterietan erabiltzen diren mozorro zenbait. Euskal Herriko inauterietako momotxorroekin duten antzekotasunak antzinako jatorri pagano komuna iradokitzen du.

Paganismoan eta antzinako mundu-ikuskeran sustraiturik badaude ere, bereziki zeltiar kulturako elementuekin loturik, geroagoko beste kultura, erlijio eta ohiturekin izandako elkarreraginaren emaitza dira inauteriak, eta bereziki kristautasunaren baitan kokatu behar dira, Garizumarekin loturik[3]. Erdi Aroko alderantziketa-jaiek ere bere eragina izan dute toki batzuetako inauterien erritu zenbaitetan. Azkenik, kultura burges hiritarren exhibizionismoa ere hirietako inauteriak moldatzeko osagai garrantzitsua izan da.

Inauteriak Saturnalia eta Lupercalia erromatar jaiekin ere lotu dira. Saturnalia jaietan normalean baimendu gabeko jokabideak onartzen diren eta hiritarrek klase sozialak ahaztu eta oturuntzak ospatzen zituzten elkarrekin. Jai horietan printzea ere izendatzen zen, egungo inauteri askotan dauden errege eta erreginen antzera. Printze honen zeregin nagusia jaiak ospatzen zituztenei zentzugabeko aginduak ematea zen. Lupercalia jaiak otsailean ospatzen ziren eta ugalkortasunarekin zeuden loturik.

Inauterien denbora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inauterien jaiak mugikorrak dira egutegian; hau da, urte batetik bestera data zehatza aldatu egiten da, kristau liturgia-egutegiko Garizuma eta Pazkoa kristau ospakizunak erreferentzia harturik. Oro har, inauteri jaiak Garizuma abiatzen den aurreko astean hasi eta Garizuma hasierako hausterre-egunaren bezperara arte luzatzen dira, munduko hainbat lekuetan Mardi Gras moduan ezagutzen den hurrengo asteko asteartera arte hain zuzen; bestela esanda, Pazko aurreko zazpigarren igandea da inauteri-igandea. Toki batzuetan hurrengo asteburuan ere ospatzen dira inauteriak, Garizuma hasita dagoela, piñatako inauteriak izenarekin, Algortan, Altsasun, Bilboko Santutxu auzoan, Altzan eta Errenterian. Beste batzuetan, ordea, lehenago dira: Zubietan eta Iturenen esaterako, inauteriak urtarrileko azkeneko igandearen osteko lehen astelehen eta asteartean ospatzen dira.

Eguberrietatik Garizuma bitartean ospatzen diren neguko jaiak ere (Epifania, Kandelaria, San Blas jaia, Santa Agata jaia, besteak beste) inauterien zikloaren barnean kokatu izan dira. Hori baino lehenago gertatzen diren jaia zenbaitek ere inauterietako ezaugarriak dituzte, Lazkaoko San Nikolas jaia esaterako, non haurrak apezpiku bilakatzen diren, Saturnalia erromatar jaietako errituari jarraiki.

Claude Gaignebet etnologoaren arabera antzinakoek urtea ilargi t'erdiko zikloetan banatzen zuten urtea, ziklo horietako bakoitzak 40 eguneko epea betez gutxi gorabehera. Kandelaria egunean, otsailaren 2an hain zuzen, goizenera, hasten dira inauteriak. Horrela, nabarmendu behar da Eguberritik otsailaren 2ra arte, 40 eguneko edo ilargi t'erdiko zikloa dago, inauterien baitan sartu ohi diren neguko zikloko jaiek betetzen dutena eta Garizumak 40 eguneko beste ziklo batez jarraipena ematen diona. Inauteri jaien data mugikorra da ordea, eta ez da beti gertatzen otsailaren 2an: Pazkoa udaberriko lehenengo ilargi betea da eta, beraz, inauteria neguko azken ilargi berria da. Beraz, otsailaren 2ko data finkoa, eguzkiaren egutegian oinarritzen den gregoriar egutegiko data hain zuzen, antzinako ilargiaren egutegira egokitu behar da inauterien data zehazteko, inauterien antzinako jatorria agerian utziz horrela.

Hipotesi baten arabera, Kandelaria eguna neguaren eta, beraz, denboraren eta eguraldiaren bilakaeraren erreferentzia gisa baliatzen da; adibidez, Europa osoan zabaldurik dagoen tradizio baten arabera, hartza otsailaren 2an bere ezkutalekutik zerua behatu eta iluna badago (ilargi berria eta, beraz, ospatu egingo da inauteria), atera egingo da; argia badago (ilargi betea), berriz, beste 40 egunez itxarongo du (inauteria bezalaxe)[4][5].

Inauteria erritu moduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian zaratarekin lurra esnatzeko deia zegoela uste izan da eta horregatik ereite jai batekin harremandu da inauteria askotan. Horren adibideak ikusi ahal dira Sakanako inauterietan: (Olaztin zimaurra botatzen da gurdi batetik eta Altsasuko momotxorroek goldea erabiltzen dute lurra esnatzeko. Ituren eta Zubietan, berriz, joaldunak ateratzen dira, zarata eginez, erritmo jakin bati jarraiki. Hainbat herritan,pertsonaia doilor jakin bat egiten da erru kolektiboaren petzero, esaterako, Arabako Porretero izeneko pertsonaia, zeina epaitu eta putreek jan dezaten errekara botatzen den.

Egun hiri inauterietako osagai nagusiak mozorroa, musika eta dantza badira ere, inauteri tradizonaletan ekintza-esparru zabalagoa zegoen: txantxak, zarata sortu, eltzeak puskatu, elkarri ura, zahia, irina eta beste gauzak bota, puxikaz eta makilez jo, txakur eta katuen buztanei gauzak lotu, oilarrekin jolastu, etxez etxeko eskeak egin ondoren oturuntzak, iseka egin, irainak bota, sekretu eta zurrumurruak zabaldu eta abar.

Beste batzuen arabera, udaberriaren hasierarekin lotzen dituzte, eta, beraz, jai hauek duten kutsu kristaua ondorengo bilakaera bati zor zaio. Inauterietan izaki mitologiko gaiztoak uxatzen ziren eta zarata handia ateratzeko baimena zegoen. Kristautasunak jaiak bereganatu eta arestian aipatu diren jaiaren denbora-mugak jarri bide zituen.

Inauteri tradizionalak eta hiriko inauteria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rio de Janeiroko inauteria hiri inauteriaren erakusgarri argia da. Irudian, inauteri haietan izaten diren karroza bat.

Hiri inauteriak XIX. mendearen bukaeran moldatu ziren eta ikuskizun moduan eratu ziren, desfile nabarmen eta luxuzkoak antolatuz eta horietan miresmena eta lilura bilatuz, askotan turismoari begira. Hiri inauteri horiek Errenazimentutik Aro Modernora arte Europako errege-gorteetan ospatzen diren maskara-dantzaldietan dute jatorri, XIX. mendean hirietako burgesiako klaseek garapen bidean ziren hirietara moldatu zutena. Ameriketan ospatzen diren inauteriak ere hiri inauteriak dira gehienetan eta horietan bereziki nabarmena da Rio de Janeiroko inauteria.

Antzinako tradiziozko inauteriak, berriz, Europan ospatzen dira gehienbat, han eta hemen herri txiki bakanetan, eta jarraipen biziarekin Euskal Herriko eta Espainiako zenbait eskualdeetan. Hala ere, herri txikietako antzinako inauteriak galbidean daudela eta berezko izaera galdu dutela esan daiteke. Batzuen ustez, inauteri tradizionalak galdu egin dira; esaterako, Julio Caro Barojaren hitzetan: "Inauteria hil egin da, hil egin da, eta ez urtero berpizteko garai batean bezala"[6]. Nolanahi ere, desberdintasun nabarmenak daude oraindik ere tradizioari jarraiki ospatzen jarraitzen den tradiziozko inauterien eta bereziki hirietan ospatzen diren inauterien artean. Diferentzia moduan, hiri inauterietako disfrazak eta antzinako inauterietako mozorroak bereizi izan dira: hiri inauterietan eder edo umore itxura izatearren pertsonak mexikarrez edo txinatarrez disfrazatu egiten diren bitartean, antzinako inauterietan mozorroaren helburua nortasuna erabat ezkutatzea litzateke, ordena irauliz burutzen diren ekintzak anonimatuan utzi eta pertsonaren erabateko bihurketa lortzeko.[7] Gainera, mozorro tradizionala iraunkorra da eta urtez urte errepikatu egiten da eta askotan belaunaldiz belaunaldi ere bai. Beste alde nabarmena antolakuntzari buruzkoa da: antzinako inauterietan herritarrak ziren modu autonomoan inauteriak antolatzen zituztenak, baliabide eskasekin, askotan erabilgarriak ez ziren jantziekin eta urtez urte erabiltzen diren maskara eta bestelako osagarriekin; hiri inauterietan, berriz, udalak eta jai-batzordeak dira ikuskizunak antolatu eta askotan konpartsen gastu handiko mozorroak eta azpiegiturak finantzatzen dituztenak.

Inauteriak munduan zehar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Inauteriak Euskal Herrian»
Unanuko mamuxarroak.

Euskal Herrian inauteriak antzinatik ospatzen dira. Hala ere, Hego Euskal Herrian, Francoren diktadurak jai hauek debekatu eta galzorian jarri zituen. Toki batzuetan, Tolosan esaterako, jarraipena izan zuten garai hartan Udaberri jaiak izena hartuta.

Gipuzkoan, Tolosa (ikus Tolosako inauteriak) eta Donostiako hiri inauteriak dira jendetsuenak. Herri askotan, kaldereroen jaia ospatzen da inauterien aurreko asteetan. Donostian, artzainak eta inudeak izeneko jaia ere ospatzen da inauterien aurreko igande batean.

Inauteri tradizionaletan ospe berezia dute Ituren eta Zubietako inauteriak, Lantzeko inauteriak, Unanuko inauteriak eta Zalduondokoak. Antzuolan sorgin dantza izeneko dantza tradizionala egiten da, non mutilak neskaz mozorrotzen diren. Enkarterrin Carrascoliendas izenarekin opsatzen dira inauteriak eta parte-hartzaileek oilar beltz bat eskuan, koplak abesten zituzten oilar beltzaren historia eta orduko kontuei buruz[8].Zuberoan maskaradak izaten dira inauteri garaian. Maskarada bi taldetan banatuta dago, beltza eta gorria. Bigarrena guztiz ordenatua da eta bertan dantzari finek hartzen dute parte. Lehenengoa zikina eta baldarra da.

Espainia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainian oso ezagunak dira Cádiz eta Tenerifeko inauteriak. Cádizen chirigota izeneneko kantari taldeak agertzen dira eta mozorrotuta joateaz gain umorezko kritika soziala egiten dute kantuz. Tenerifen desfilea da ekitaldi ikusgarriena, Rio de Janeiroko inauteriaren antzera. Hiri-inauteri horietaz gainera, inauteri tradizionalak baduade; esate baterako, zamarrón izeneko pertsonaia arrunta toki askotako inauterietan.

Frantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mende askotan zehar Parisko inauteriak famatuenetakoak izan baziren ere, XX. mendean zehar bertan behera geratu ziren, harik eta XX. mendearen bukaeran arrakasta handiz berreskuratu ziren arte. Ospetsuak dira, orobat, Dunkerque, Annecy, Granville eta Limoux hirietako inauteriak. Karibeko Martinika eta Guapalupeko inauteriak bertako inauterien ezaugarriak dituzte.

Italia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Veneziako inauteriak dira Italia osoan ezagunenak. 1268tik ospatzen dira, gutxienez. XVII. mendeko jantzi landu eta ikusgarriekin mozorrotzen dira, maskara landuekin.

Erresuma Batua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Londresko Notting Hill auzoan milioi bat eta erdi pertsona biltzen dituen desfilea ere egiten da. Bertako Karibeko immigranteek ekarritako inauteria da eta Brasilgo inauterien antzekoa da.

Ameriketako Estatu Batuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bereziki frantziar kolonizazioan jatorri duten inauteriak ospatzen dira hiri batzuetan, Mardi gras izenarekin. Ospetsuena New Orleans hiriko inauteria da, baina beste hiri batzuetan ere ospatzen dira, hala nola Mobile eta Pensacolan.

Brasil[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko inauteri ezagunenak dira, bereziki Rio de Janeiroko inauteria. Han, karroza landu eta koloretsuekin desfile ikusgarriak egiten dira, sanba musikak lagunduta dantza eginez etengabe.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Julio Caro Barojak eta Josefina Romak emandako definizioak. Ikus: (Gaztelaniaz)   Prat i Carós, Joan (1993), «El carnaval y sus rituales: algunas lecturas antropológicas», Temas de antropología aragonesa, http://antropologiaaragonesa.org/pdf/temas/4.14_El_carnaval.pdf ..
  2. Euskara batuan onartuta ez dagoen arren, euskarak ere, mailegutzat, erabilia du karnabal; ikus «karnabal» sarrera, Orotariko Euskal Hiztegian. Googleren bilatzailean ere, guztira 216.000 sarrera ageri dira 2012ko otsailaren 14an, karnabalak bilaketa-terminoa sartuta. Carne levare latinezko esamoldetik bide dator («haragia utzi», alegia), ikus: (Gaztelaniaz)   Caro Baroja, Julio (1979), El Carnaval. Análisis histórico-cultural, 33-35. orrialdeak .; eta hortik gaztelaniaz carnaval, frantsesez carnaval, ingelesez carnival, alemanez karneval eta italieraz carnevale, besteak beste.
  3. (Gaztelaniaz)   Prat i Carós, Joan (1993), «El carnaval y sus rituales: algunas lecturas antropologicas», Temas de antropología aragonesa, http://www.antropologiaaragonesa.org/pdf/temas/4.14_El_carnaval.pdf .
  4. Euskaraz badira esaerak Kandelaria eguneko erreferentzia aipatzen duten esaerak: Kandelario bero (argia, beraz), negua dauko gero; Kandelario hotz (iluna, beraz) , negua joan da motz esaeran
  5. (Gaztelaniaz)   Gaignebet, Claude (1984), El Carnaval, 13-14, 20-24. orrialdeak .
  6. (Gaztelaniaz)   Caro Baroja, Julio (1979), El Carnaval. Análisis histórico-cultural, 25. orrialdea .
  7. (Euskaraz)   Araolaza, Oier (2013), «Eskean egiteko aitzakia dira neguko festak», Baleike .
  8.   «Las «carrascoliendas» volverán a cantarse setenta años después», Gara, 2011-3-11, http://www.gara.net/paperezkoa/20110311/252960/es/Las-carrascoliendas-volveran-cantarse-setenta-anos-despues .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Inauteri Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Inauteriak