Indalecio Prieto

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Indalecio Prieto
Indalecio Prieto
Indalecio Prieto 1931n.
Datu pertsonalak
Izen osoa Indalecio Prieto Tuero
Jaio 1883ko apirilaren 30a
Espainia Oviedo, Asturias (Espainia)
Hil 1962ko otsailaren 11a
Mexiko Mexiko Hiria (Mexiko)

Indalecio Prieto Tuero (Oviedo, 1883ko apirilaren 30a - Mexiko Hiria, 1962ko otsailaren 11a) euskal politikari sozialista izan zen[1].

Biografia [aldatu]

Indalecio Prietori monumentua, bere izena daraman Abandoko Indalecio Prieto geltokian.

Oviedon jaio arren, umea zela Bilbora joan zen, non 1899an Bilboko Elkarte Sozialistan sartu zen. Haurtzarotik lan egin zuen, hasieran takigrafo moduan eta gero kazetari bilakatuta El Liberal egunkarian. Han Horacio Etxebarrieta politikari eta industrialari bizkaitarrarekin harreman estua izan zuen. 1918. urtean gorteetarako diputatu hautatu zuten Bilbotik eta horrek bizkaitar sozialisten artean zuen ospea espainiar sozialismora ere zabaldu zuen. Diputatu zela, II. Internazionalaren alde egin zuen behin baino gehiagotan eta Internazional Komunistaren kontra, berriz, gogor.

XX. mendearen hasieratik, pixkanaka-pixkanaka bere itzala gero eta handiago bilakatu zen sozialisten artean, hasieran Bizkaian, non 1911n Facundo Perezagua izan zuen arerioa, eta gero Madrilen, non 1921 eta 1922ko Espainiako Alderdi Komunistaren zatiketa eta gero zuzendaritza-batzordean sartu zen.

Primo de Riverak 1923. urteko irailean jo zuen estatu kolpearen aurka egin zuen Prietok eta PSOE alderdiak kolpearen kontra plazaratutako manifestua berak idatzia zen. 1930eko abuztuan Donostian egin zen hitzarmenaren sinatzaileetako bat izan zen, eta iraultza batzordeko kidea ere bai; Espainiako monarkiaren kontra sutsu borrokatu zen. 1930eko abenduaren 15eko grebak huts egin zuenean Frantziara erbesteratu zen, eta han bizi izan zen, harik eta Espainiako Bigarren Errepublika eratu zen arte.

PSOE taldearen ordezkari gisa errepublikaren gobernuko kide izan zen, hasieran Finantza ministro, eta, gerora, Herri Lanen ministro gisa.[2]. 1933. urteko azaroan Espainian eskuindarrek irabazi eta 1934. urterako indar ezkertiarrek prestatu zuten matxinadak huts egin ondoren Frantziara alde egin zuen. Erbestetik gogor ekin zion geroko Fronte Popularra koalizioa sortzeko lanari; talde horrek 1936ko hauteskundeetan izan zuen garaipenaren ondoren Espainiara bueltatu zen.

Gerra zibilaren garaian Itsasoko eta Aireko ministro izan zen (Largo Caballerorekin 1936-37 urteetan), baita Defensa ministro ere (Negrín gobernuburu zela 1937-38 urteetan) harik eta 1938an errepublikaren ordezkari gisa Txilera alde egitea erabaki zuen arte, harreman txarrak baitzituen gobernuko zenbait kiderekin, Negrín berarekin, besteak beste.

1939an, Mexikon hartu zuen bizilekua, eta han espainiar sozialismoa berriro antolatzen saiatu zen. Prietok nazioarteko presioa beharrezkotzat hartzen zuen diktadura kentzeko, eta Espainiako estatuaren etorkizun politikoa demokratikoki erabakiko zukeen bozketa beharra azpimarratu zuen. Haren iritzia garaile atera zen atzerrian ziren sozialisten artean, eta, hala, 1948an, monarkikoekin itun bat sinatzea lortu zuen Donibane Lohizunen, baina Francoren eta Joan Borboikoaren arteko elkarrizketek eta nazioarteko presioa gutxitu izanak indargabetu egin zuten itun hura. 1948an hartutako erbesteko PSOEren zuzendaritza 1950ean utzi, eta Mexiko Hiria hil zen 1962an.[3].

Lanak [aldatu]

  • Palabras al viento (1942)
  • Discursos en América (1944)
  • Cartas a un escultor: pequeños detalles de grandes sucesos (1962).

Erreferentziak [aldatu]

  1. Estornés Zubizarreta, Idoia (Euskaraz), Indalecio Prieto Tuero, Auñamendi Entziklopedia, http://www.euskomedia.org/aunamendi/ee104726 
  2. Thomas, Hugh (2001), The Spanish Civil War, Londres: Penguin Books, 40. or. 
  3. Zugazagoitia, Julián (2001), Guerra y visicitudes de los españoles, Bartzelona: Tusquets, ISBN 84-8310-760-0 


Biografia
Euskal Herria
Artikulu hau Euskal Herriko biografia bati buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.