Indautxu garajea

Koordenatuak: 43°15′44″N 2°56′42″W / 43.26215°N 2.94507°W / 43.26215; -2.94507
Wikipedia, Entziklopedia askea
Indautxu garajea
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBilbo
Koordenatuak43°15′44″N 2°56′42″W / 43.26215°N 2.94507°W / 43.26215; -2.94507
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1943
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea1294

Indautxu garajea, baita ere San Mames garajea eta Ellakuria garajea, Bizkaiko Bilboko hiriburuan dagoen eraikin bat da.

Kokalekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indautxu auzoan dago, Urkixo zumarkalearen 75. zenbakian.[1], eta Jose Maria Eskuza kalearen izkinan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1941ean José María Sainz Agirre arkitektoak egin zuen, eta 1942-1943 urteetan hormigoi armatuz altxatu zen. Arkitektura industrialaren mugimendu modernoan sartzen da. Oinplano angeluzuzena du, eta eraikuntza-profila sotoak gehi alturako bost solairuk osatzen dute, sei solairu kantoi ebakian.

2011ko urtarrilaren 12an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2]. 2021 urtearen amaieran garaje gisa itxi egin zen; horren ordez etxebizitzak eta hotel bat eraiki nahi dute.[3]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieratik bertatik, eraikinak izan duen erabilera bakarra hainbat ibilgailutarako garajea izan da. Jatorriz, lehenengo solairuak lantegi, biltegi edo garajeetarako erabili nahi ziren, eta goikoak etxebizitzetarako. Baina higiezina sustatu zuen oinetako-enpresak inoiz ere ez zituen bere lantegiak bertan jarri, tokiz aldatzeak zekarkion deserosotasunagatik.

Forma aldetik sendoa da. Arkitektura aldetik, kokaguneak baldintzatuta baitago, ingurumariko hiri-bilbearekin elkarreraginean dago, halako moldez non taxutu egiten baitu, goitik behera, ingurumari hori. Horrenbestez, eraikina zabalguneko hiri-bilbean txertatzen da; etxadiaren angeluan dagoenez, «ertzak» nabarmenarazi egiten du, toki estrategikoan baitago, eta konposizioari buru ematen dio.

Kanpo aldetik, beheko solairuak, eite «industrialagoa» baitute, atzera emanda daude; goiko solairuak mailakatuta daude, agian eguzki-argia hobeto baliatzeko.

Fatxadako horma-atala okertu egiten da kantoi ebakian, horrela konposizioaren horizontaltasunari jarraitasuna emanez, bistako adreilu gorriko horma-atala baita oinarrizko baliabide arkitektonikoa. Kantoi ebakitik abiatuta, hainbat gorputz irtenez osaturiko fatxadek kaleetarantz egiten dute aurrera eta, Urkixo zumarkalearen kasuan, txikitzen doa garaieran aurrera egin ahala.

Urkixo zumarkalera doan fatxadan, behe-solairuan, sarbiderako ateak bi eremu beiraztatutan erdibitzen du altxadura. Hurrengo bi solairuek irtengune progresibo txiki bat dute, fatxadetan leiho jarraituak dituena. Solairu horien gainean egoitzetarako beste bi solairu daude, balkoi jarraitua osatzen duten bi kanpo-begiratokiren ohiko egiturarekin. Azken solairua, bosgarrena, atzera emanda dago, eta balkoi jarraitua egiten du fatxadaren lerrokadura osoan.

José María de Escuza kalera doan fatxada berdintsu eratuta dago. Hala ere, goiko atalak ez du fatxadaren lerrokadura osoa hartzen, alegia, harian-harian mailakatzen da kantoi ebakiaren alderantz, terrazak osatuz. Angeluak erremate makotua du. Bertan leiho jarraituak daude, bai eta gainerako fatxadek ez bezala solairu bat gehiagoren garaiera duen dorretxo bat ere, oso erremate adierazkorra duena.

Eraikinaren bolumena dela eta, zatikatuta dago programa funtzionalaren beharrizanei erantzuteko, eta bateratasunari eusten dio konposizio eta estetika aldetik.

Materialak orekan daude formarekin, eta hartara, kanpo-eite homogeneoa ematen diote eraikinari, non bistako adreilu gorria den nagusi. Balkoi-kareletan bistako adreiluak daude, hodi metaliko zirkularrez egindako baranda batez bururatuak. Harri-tankerako eta krema koloreko eraikuntza-elementu zehatz batzuk daude, esaterako, isurarriak, leiho-isurkian eta bao-markoak. Kantoi ebakiaren azken solairuan, halaber, bistako adreilua tartekatu egiten da harrizko plakadurarekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Bilbo

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]