Indibidualismo

Wikipedia, Entziklopedia askea

Indibidualismoa gizabanakoen eskubidea, interesak eta balioak azpimarratzen dituen pentsamolde politikoa eta filosofikoa, batik bat taldearen aurrean, dela familia, dela klana, dela komunitatea, dela gizartea edo dela nazioa...

Kolektibismoaren aurrean

Indibidualismoak bi oinarri ditu: gizabanakoen askatasuna eta autonomia etikoa. Hau da, nork bere gogoeta egin behar du, besteen iritizien eraginik izan gabe. Ondoren, horren arabera jokatu.

Descartes har daiteke indibidualismoaren sortzailetzat, sujetu pentsalaria (cogito) nabarmendu baitzuen. XVII. eta XVIII. mendeetan ere indibidualismoa garatuz joan zen gizabanakoen eta guztien interesen arteko auziak aurrera egin ahala. Kontraesanak kontraesan, gizarte indibidualista sortu zen.

Baina indibidualismoa eta kolektibismoa elkarren kontra jotzea ez da beti zuzena. Izan ere, erakunde komun eramangarria garatu ahal izateko, gizabanakoen paper solteei garrantzia eman dakieke.

Indibidualismoaren ereduan gizabanakoaren autonomia azpimarratzen den arren, printzipio honek kontrako arrazoiak topatu izan ditu. Izan ere, gizabanako oro dago talde baten mendean bizi ahal izateko, eta hortaz taldearekiko beharrak ditu. Horiek horrela, zenbait ideologiak, hala nola nazionalismoak, demokraziak (gizabanakoak gehiengoaren iritzia onartu beharra du), edo sozialismoak gizartearen nagusitasuna lehenesteko joera dute gizabanakoaren gainetik.