Indonesiako historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Prambanan (Java), Mataram dinastiaren garaian eraikia, ASia hego-ekialdeko tenplu hinduen multzo handienetakoa.

Indonesiako historia estatu modernoarena baino zaharragoa da, bertan hainbat kultura garatu eta igaro baitira gizakia agertu zenetik.

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Javako gizakia bezala ezagututako Homo erectus-en arrastoek iradokitzen dute Indonesiak duela 500.000 urte ere bazituela biztanleak. Egungo biztanleria gehiena osatzen duten austronesiarrak Taiwandik migratu ziren Indonesiara K. a. 2000 inguruan. Aurrera egin ahala, jatorrizko melanesiarrak are ekialdeagora bidaltzen zituzten. Nekazaritzarako baldintza bikainek eta K. a. VIII. menderako arroza zelai umeletan hazteko teknika menderatzeak erresuma txikiak loratzea eragin zuten K. a. I. mendean. Gainera, bere kokapen estrategikoari esker, salerosketak ere azkar garatu ziren. Izan ere, Indiako erresumarekiko zein Txinarekiko merkataritza K. a. zenbait mendetan sortu zen. Harrezkero salerosketek Indonesiako historia moldatu dute.

Merkataritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkataritzaren eraginpean, K. o. VII. mendetik aurrera, Srivijaya itsaso-erresuma boteretsua loratu zen. Hinduismoa eta budismoa ere inportatu ziren honela. VIII. eta X. mendeen artean, Sailendra eta Mataram erresuma budista eta hindua, hurrenez hurren, behera joan ziren Javan. Aurretik, monumentu ederrak utzi zituzten. Ekialdeko Javan XIII. mendean Majapahit erresuma hindua sortu zen, eta Gajah Madaren azpian, bere eragina Indonesia ia osora hedatu zen. Urrezko Garaitzat jotzen da usu Indonesiako historian.

XVIII. mende hasierako mapa holandarra.

Merkatari musulmanak Hego Ekialdeko Asiara goiz (Islamiar garairako) joan baziren ere, Indonesian populazio musulmanen lehendabiziko zantzuak XIII. mendekoak dira, Sumatrako iparraldean. Indonesiako beste zonalde batzuetara hedatu zen Islama, eta Javan eta Sumatran erlijio nagusia bilakatu zen XVI. mendearen amaierako. Lehenengo europarrak 1512an iritsi ziren Indonesiara, Javara hain zuzen ere. Francisco Serrão buru zuten merkatariek hainbat espeziako monopolioa bilatu zuten. Herbeheretarrak eta ingelesak geroago joan ziren. 1602an Ekialdeko Herbeheretar Indietako Konpainia sortu zen, eta Europako botere nagusia bilakatu zen. Porrot baten ostean, 1800en desegin zen konpainia, eta Herbehereetako gobernuak Ekialdeko Herbeheretar Indiak kolonia nazionalizatutzat hartu zituen. 1883ko abuztuaren 27an lau eztanda erraldoiek, Krakatoa sumendiaren erupzioak sortuak, hondamenezko tsunamiak sortu eta hainbat herri suntsitu zituzten Java eta Sumatra uharteetan.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suharto presidente militarra izan zen 1967 eta 1998 artean.

Garai kolonialaren alde gehienean, kontrol herbeheretarra lausoa zen. Soilik XX. mendearen hasieran egungo Indonesiako mugetaraino hedatu zen herbeheretarren nagusitasuna. Bigarren Mundu Gerran, Japoniako inbasioak nagusitasun hori amaitu zuen, eta aurrean erreprimitutako independentziaren aldeko mugimendua bultzatu zuten. Japoniak errendizioa aurkeztu eta bi egun geroago, Sukarnok, buru nazionalista nabarmendu batek, independentzia aldarrikatu zuen, eta presidente izendatu zuten. Herbehereak bere gobernua berriz ezartzen saiatu ziren. Alabaina, borroka armatu eta diplomatiko latz baten ondoren, 1949ko abenduan Herbehereek legez onartu zuen Indonesiako independentzia.

Sukarno demokraziatik autoritarismo aldera mugitu zen. Boterea gorde zuen armada, islam eta Alderdi Komunistaren indarrak orekatuz. Estatu-kolpe batek porrot egin zuen 1965eko irailaren 30ean. Honek komunisten aurkako garbiketa eragin zuen, eta 500.000 eta 1.000.000 lagunen artean hilik suertatu ziren. Armadaren burua Suharto jeneralak Sukarno boteretik kentzea lortu zuen, eta, 1968ko martxoan, presidente izendatu zuten Suharto. Bere gobernua AEBek babestua zen, eta inbertsio atzerritarrak sutatu zituen. Honela, hurrengo hamarkadetan herrialdeko ekonomiak gora egin zuen. Nolanahi ere, Suhartoren gobernuari ustelkeria eta oposizioa bortizki erreprimitzea leporatzen zizkioten ahots ugarik.

Asiako Finantza Krisialdiak, 1997an eta 1998an, Indonesia jo zuen bete-betean. Honek Suhartoren gobernuaren aurkako nahigabea eragin zuen. Protesten aurrean, Suhartok 1998ko maiatzaren 21ean dimititu zuen. 1999an Ekialdeko Timorrek Indonesiatik independizatzearen alde bozkatu zuen, 25 urteko okupazioaren ostean. 2002an independentzia lortu zuen, XXI. mendean burujabe bihurtutako lehen herrialdea izanda. Erreforma garaia iritsi da Indonesiara Suhartoren ondoren. Prozesu demokratikoak, autonomikoak barne, indartu egin dira, eta 2004an lehen presidente-hauteskundeak burutu ziren. Urte berean, abenduaren 26an Banda Aceh estatutik kilometro batzuetara epizentroa zuen 9,2 Richter eskalako lurrikarak 210.000 hildako eragin zituen (320.000 mundu osoan).

Egun, erlijio eta etnia anitzen arteko hartu-emana baketsua da, zonaldeko batzuetako arazoak gorabehera. Aceh eskualdeko gatazka armatua amaitu da itun politiko baten bidez.

2014 uztailean, Jakartako gobernadore Joko Widodok gidatuko zuen Indonesia hurrengo bost urteetan. Botoen %53 eskuratu zituen Widodok. Haren aurkari Prabowo Subianto jeneral ohiak, %46. Azken bi asteetan tentsio uneak izan ziren, izan ere, hasierako datuek oso emaitza estuak aurreikusten zituzten, eta bi hautagaiek garaipena aldarrikatu zuten. Prabowok iruzurtzat jo zituen emaitzak[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Indonesiako historia Aldatu lotura Wikidatan