Infekzio nosokomial

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ebakuntzak infekzio nosokomial askoren sorreran egon daitezke.

Infekzio nosokomiala (grezieratik νοσοκομείον, nosokomeio, "ospitalea") osasun-eremu batean (klinikan, ospitalean...) harturiko infekzioa da. OMEak dioenez inkubazio epean zeuden infekzioak ez dira kategoria horretan sartzen, klinika edo ospitaleko egonaldian harrapatutakoak baizik. Halaber, osasun langileek haien lantokietan hartzen dituztenak infekzio nosokomialtzat ere jo daitezke.

Infekzio nosokomiala ospitaletako arazo garrantzitsuenetariko bat da. Herrialde garatuetan, ospitaletan sartzen diren gaixoen %5-%10raren artean infekzioa harrapatzen dute haien egonaldian. Estatu Batuetan, esaterako, 2 milioi inguru infekzio nosokomial gertatzen dira urtero[1], eta Italian 500.000-600.000[2].

Klinika eta ospitaleetan infekzioak harrapatzeko joera handiagotu egiten da, bertan biltzen baitira hainbat arrisku-faktore:

  • barneko populazioa (gaixoena) sentikorragoa da infekzioekiko biztanleria osasuntsua baino. Ospitaletako gaixo ugari immunogutxituak dira, hots, immunitate-sistema ahula dute haien gaitzaren ondorioz (edo ezartzen zaien tratamenduaren ondorioz). Baldintza horietan beste gizabanakoentzat kaltegarriak ez diren mikrobioak (oportunistak) patogenoak bihurtzen dira ospitaletako biztanle gaixoentzat.
  • bestalde, osasun-eremuetan infekzio larriak dituzten gaixoak daude, mikrobio (birus edo bakterioen) oso birulentoen eramaileak direnak. Mikrobio arriskutsu horiek, inon izatekotan, klinika eta ospitale askotan pilatzen dira, hain zuzen ere.
  • ospitaleetan infekzioak errazten dituzten teknikak eta prozedurak erabiltzen dira: ebakuntzak (barruko organoak kutsadura-iturriekin kontaktuan jartzen dituztenak), kateterizazioa, biopsia eta bizkarrezurreko ziztadak (larruazaleko hesia zulatzen dutenak, mikrobioen sarbidea erraztuz), odol-transfusioak (garai batean infekzio-iturri askoren eragileak), etab.

Infekzio hauek ekiditeko garrantzi handikoa da tresneria eta ingurugiroaren esterilizazioa ospitaleetan. Ebakuntzak, esaterako, ingurugiro esteril batean (ebakuntza-gela) burutu behar dira, tresneria osoa ere esterila izanik.

Infekzio ohikoenak eta eragileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klinika eta ospitaleetan gehien harrapatzen diren infekzioek honako atal hauei eragiten diete: gernu-aparatuari, zauriei, arnas aparatuari eta odolari. Gaitzen artean, infekzio nosokomialek hauek sortu ohi dituzte: zistitisa, pneumonia, septizemia, gastroenteritisa, HIESa, hepatitisa, zaurien eta azalaren infekzioak...

Mikrobioen artean badirudi batzuk osasun-eremuetan eroso bizi direla, bertako infekzio gehienen atzean baitaude: Staphylococcus aureus, Pseudomonas aeruginosa, Escherichia Coli, Klebsiella pneumoniae, Enterobacter, Serratia eta Legionella bakterioen artean; Aspergillus eta Candida onddoen artean; eta errotabirusak, hepatitisaren birusak, zenbait paramixobirus eta GIBa, besteak beste, birusen artean.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Nosocomial infection
  2. L'Italie scandalisée par « l'hôpital de l'horreur », Éric Jozsef, Libération, 15 janvier 2007